2014-12-21

Eguberri zahar, nik atorra zahar

Urtearen akabuak zahar-berritze behar bat errotu du gurean aspaldi. Urte zaharrak aro bati adio egiteko eskatzen duelakoan, eta berriaren ondasunen esperantzetan, urak funtzio polita izan du sinbolismo horretan. Oraindik ere bizi-bizi da herri gutti batzuetan, Urdiainen esaterako. Ume, gazte eta helduek, kantuaren laguntza ebokadoreaz, gaua aski gau denean, herriko iturri lerden eta eleganteen bueltan egiten dute elkarretaratzea, pitxerretan lehen urak hartzeko.

Gaueko 12etako ur horrek nolabaiteko jaio-berritzeko ahalmenik duela sinestuta, lehen bezala orain ere (hainbat tokitan) ur berria etxez etxe partitu izan da. Honekin batera puska-biltza eta kopla kantatuak izaten dira tokian toki, landa-inguruan, esan nahi. Hamaika bertso jaso izan dira honen harira ahozko tradizioaren bilketetan, eta adibidetako, Jose Mari Satrustegik maisuki bildu eta aztertutako saila dugu. Beste asko oraindik ere herritarren oroimenean bizi dira.

Barranka-Burunda dirudi usadio honi indar gehixeagoz eutsi dion ingurunea; bertako aldaera asko honela hasten dira: 

“Ur goiena, ur barrena, 
urte berri egun ona, 
baita guk ere umore ona”. 

Etxez etxerakoan, bestetik;

“Egun onaren señalia, 
emen dakargu ur berria, 
borondaterik balin ba dezu, 
iriki zauz ataria” bildu da Larraunen. 

“Urte berri berri, zer dakarzu berri? 
Uraren gañean bakia ta osasuna, 
urtex, urtex!” 
aldiz, Baztanen, aspaldiko garaietan dokumentatua eta oraindik ere gogoratzen den formula baita.

Neguko solstizioaren praktiken baitako erritu hau ez da gurea bakarrik izanen, seguruena, halako zaharra bota eta berria hartzeko sinismen pragmatikoak izanen du beste aldaerarik munduan barna; kontua da nekez eusten zaiola (edo korrontez kontra eusten zaiela) halako antzinako arrastoa duten usteei, berriak sortzen diren neurrian.

Nolanahi den, fede mota bat dela (edo izan dela) pentsa genezake; ustea, sinesmena, esperantza. Urte zaharrak beti baitu zer eraman, eta berriak zer ekarri. Zerbaiti leial izaten gatzaizkio bizitza arinago izan dakigun. Norberak bere estiloan, batzuek loteria, besteek erlijioa, besteek futbola dute euskarri. Besteek izenda ezin edo definitzen zaila den zerbait. Batzuetan gure buruari engainu egin beharra diogu zailtasunak erraz hartzeko; okerrago da, ordea, engainua besteen eskutik datorrenean eta fede fabrikatu eta interesatu bat gugan sustatzen dutenean.

Ur berri, ardo berri zein gin-tonic berri, urtezahar aro honetan norbere barrenak eskatzen duena edatea edo egitea izanen da hauturik onena. Errituen jatorria edo sorburua zeinahi izanik ere, egin diezaiogun agur urte zaharrari eta harrera berriari.