2015-02-01

Pilak jarri

Aitak semeari serio antzean: “pilak jarri beharko dituk, motel!”. Eta semeak burumakur puztu batez erantzun: “bai, pilak jarriko ditut”. Ondotik, irakaslearekin egiten ari ziren bilera bukatutzat eman eta halako uste oso batez alde egin zuten ikastetxetik. Orain gutti kontatu dit irakaskide batek pasadizoa, eta egia esan, ez zaigu arrotza pilen kontu hau, sakonean duen gogoeta bera bezala.

Egin beharrekoa egin ez denean, pilak jarri behar omen ditu batek. Ez dakigu non edo nola. Nik horretarako zulorik ez dut, edo ez dut aurkitu. Bilatzea ere ez zait tokatu. Gainera ez dakit handi horietarik behar diren, ala bestela, ttiki, finago horiek. Ez litzateke hobe norbere energia berriztagarri, garbi eta ekologikoa erabiltzea pilen kutsagarritasuna sustatzea baino? Iradokizuna.

Baina nonbait, pilak jarri behar ditut esatea eta asumitzea da gakoa, adibidez, suspentso zaku bat jasotzen denean. Magia da. Hori esan eta norbere baitan aldaketak sumatzen dira bat-batean; serioago jartzen, zentratuago, kontzientziatuago; derrepente heldu-arduratsu aldartea hartzen da, aizu.

Ikasleen ofizioaz ari naiz, nerabeen ogibideaz, baina beste edozein roletan bizi den jokamoldea da, agidanez. Ez dakit, ba, garai berriek ekarriko zuten modazko erdal kalko itsusi hau, halako formula bat zamak sorbaldatik arintzeko. Agian betikoa da baliabidea, besterik gabe. Baina ez dut gure gurasoen belaunaldia irudikatzen halako esapidea gure aitatxi-amatxiekin konpartitzen; ez bazen “Egon hadi lo!” edo “Espabilatu hadi!”… bezalako bat. Egin beharrekoa egin ez denean, “zuk ikus” begirada zorrotz baten laguntzarekin arruntagoa ez ote den…

Ardurak besteretzeko edo beste norbaiti egokitu eta zamatzeko joera badago, noski. Eta kasu askotan, babes handia duen haurrak, bere ordez eginen duten konbentzimenduaz, estrategiak ongi maneiatzen ditu eta hala, ongi ikasi du lezioa: pilak jarri beharrean nago, bai (emadazu bakea). Eta etxekoak, zenbaitetan, esapidearekin ongi kokatzen dira. Lasaitua hartzen dute.

Gogora dakarkit Axularrek 1643an argitara eman zuen Gero lan didaktikoan bildutakoa. Apaizak eginbeharraren zuzentasunean hezi nahi izan zuen irakurlea, erlijioaren betebeharrak egin gabe uzteak eta arimaren erreinutik aldentzeak ekar zezakeen arriskuaz ohartarazi nahi izan zuen kristaua. Hala dio liburuaren hitzaurrean berean: “(…) emaiten da aditzera zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak”, hau da, gerotik gerora ibiltzeko joerak.

Aldeak alde, eta erlijioaren plazatik urrun, pilak jarri behar ditut esan duen horrek, sarritan gero esan duela apustu eginen nuke, alegia, bego. Gerotik gerora, edo pilak jarri.