Hegazkinak mendia jo zuenekoan errua nori egotzi erabakitzeko eztabaida
publikoa, morboa bera harritzerainoko detaile xeheak zabaltzeko behar ankerra,
pilotuaren mediku-historia inongo eragozpenik gabe barreiatzeko erraztasuna,
biktimen familien desgrazien bizitza-biografiak saltzeko joera jakin-min
piztailea…
Irakasle gaztea hil zuen nerabearen pasadizo beltza, eta mutikoaren pauso
guztien detaile oro jakitea beharrezkoa ez duen gaztetxoaren belarrien ataria
pozoitzea, gertakizuna ezagutu eta berehalako azkarrean egintzaren kausa
psikologikoa seinalatzea…
Nepalgo lurren astinduak ekarri duen sarraskia, sobera milaka lagun bidali
baitu heriotzara, eta hari begira notizia, zer mirakuluk agerraraziko duen
haurren bat salbu, zer amak kausituko duen bere sendiko inor hauts artean bizirik,
nola egiten dioten aurre zorigaztoko biztanleek eguneroko duingabe bati. Ttanttaka,
zenbaketaren agonia-jarioa.
Eta zifrek honezkero ez gaituzte eragiten. Ezer gutxik harritzen gaitu. Besteen
minen eta doluen nozitzeak ere, ez gaitu asaldatzen. Aitzitik, perbertitzen
gaituela esango nuke. Errukia saltzen dugu baina egiaz ez zaigu kabitzen, gauza
gehiegi dugu liseritzeko.
Informazioaren neurriak pasa ditu mugak; gero eta gehiago behar dugu, gero
eta goizago, gero eta xeheago, gero eta sinesgaitzago. Hondamendi, notizia txar
eta sarraskiak gertatu baino ere lehenago jakitera goaz sarri; nor enteratuko
lehen, hura jantzien (lehenago jakiteak ezer moldatzeko aukerarik ekarriko balu
sikiera…). Informazioaren arrantza-garaia. Nor gaurkotuago, nor jakitunago
aktualitateaz; norgehiagoka, funtsean. Dena, seguru aski, lehia kategoriara
ekartzen dugulako.
Eta ez dugu aski oinarrizko informazioarekin. Nor baino nor kazetariago. Hamaika
aldiz jasoko dugu, gainera, sare sozial, telebista, irrati, egunkarien bitartez.
Hamaika aldiz zabalduko gerorrek ere. Egia izan ala egiaztatu gabekoa izan.
Sasi-kazetari, orduan, gu. Dena jaso, sinetsi, kontatu, epaitu, eta ondotik,
nola ez, harekiko jokaera eta postura etikoak birtualki segituan zabalduko,
eskatuko, ia-ia behartuko ditugu. Solidaritatea, edo laguntza, berdin ere
kontzientzia astintzeko militantzia, hainbat ekintzaren harirako gaitzespena… zernahiko
gogoeta ttikienarekin moralaren eredu agertuko gara. Aldiro, giza-eskubideen aldarria
erakutsiko dugu han eta hemen. Ahal bada, birtualki.
Informazioaren gizartea omen gara aspaldixko. Kontua da horrek ez duela
zuzenki adierazten jakintzaren gizartea garenik, eta ez da gako txikia.
Informazioaren kudeaketa-molde berri honetan nahasmena ere sustatzen baitugu,
azalekeria, pasibotasuna, distortsioa, omnipresentzia eta bertze hainbat
jokaera. Inbasioa dugu, berrien, agenden, ezbeharren, asmakuntzen, tontakerien,
publizitatearen, aurreikuspenen, moralkeria-esaeren, teoria berrien, eztabaiden,
lapurreten gehiegizko berri.
Ase gara. Ase gaude. Arreta bera ere aspertu dugu, agortu, akitu, erre.
Arreta erre.