“Nafarroak mundua harrituko du” esaera usatua ere, Hamlet edo Macbeth
tragedien autoreak 400 urte direla idatzitakoa gogora datorkigu ihes gabe, izan
ere, hori ere ederki lotzen baitzaio gurean gertatzen diren nahasmendu,
lotsagabekeria eta ustelkeriari. Bistan da erreferentzia hura garaiko kultura
eta giro humanistikoari zitzaiola nagusiki; liluraren adieran, noski. Baina,
beste muturra gailendu da halabeharrezko botere faktiko ditugunekin, mundua
harritzerainokoak ditugulako edangarri orduko eta gaurko Nafarroan, orduko eta
gaurko Euskal Herrian. “Herri txiki, konkista handi” izan delako lur hauen
historia.
Honela, Shakespeareren Hamlet tragedian berean biltzen den bakarrizketak
dioen gisaz: “Izan ala ez izan, hor dago koska”, tragediatik ere badugula esan
daiteke; izan nahi eta ezin. Literatura unibertsalaren zitarik entzutetsuenetakoak
existentzialismoaren kontzeptua zekarren; izatea, bizitzari eta ekintzari; ez
izatea, heriotzari eta gelditasunari. Euskaldunok izatea badugu, ekintza badugu,
izena ere badugu; koska ez dakit badugun, baina ezin etsi dugu haren bilaketan!
Oroz gain, “Herri txiki, ekimen handi” garela garbi delako.
Gurea herri txikia baita. Eta bai. Irakurria baitaukat herri txikiek edo
estatu txikiek etorkizun hobea (oparoagoa?) dutela handiek baino; gurea baino
aski txikiagoa den herririk badago estatu denik. Baina, garesti zaigu etorkizun
zoriontsu hori. “Herri txiki, oztopo handi” baita leloa momentuz. Hala ere,
esperantza eta hatsa berritzen duenaren gisan, ez du azken leloa izan behar
horrek.
Portzierto, “Herri txiki, oihan handi” dugula esateko gogoa ezin isildu dut
(barka eskapoa), zuhaitz eta pagadi bikainak ditugulako eta lan onak
aitortzea eta zoriontzea osasungarria delako, arrunt. Beraz, etorkizun sendo
baterako eraikuntza nazional oro ezinbestekoa dugunez, eta, bertan,
bertakoentzat eta bertakoaz egindako lanak bidea senaz egiten laguntzen
digunez, uste dut “Herri txiki, harrotasun handi” begitantzen zaidala gaurko
lelo nagusi, etsipenak eta ezkortasunak istant batez pikutara bidaliz.