Lotsatzen da bere idazteko moduaz, esaten du ez dakiela non bereizi behar
diren hitzak edo letrak, eta h-ak non jarri behar diren ere ez dakiela… “9 urte
nituela aldatu baininduten eskolatik, eta…”. Oso presente egiten du hizketan eskolatik
“kendu” zutela, “eskola uztea” bera baino gordinagoa dela azpimarratu nahian. Gure
amatxik 89 urte beteko ditu laster eta WhatsAppa erabiltzen badaki.
80 urte zituela hasi zen, familiak sustatuta, liburu bat irakurtzen.
“Mantso ariko naiz, ez dut zuek bezainbesteko abileziarik; gainera memoria
txarrekoa naiz eta egun batetik bestera ahazten zaizkit bezperan
irakurritakoak”. Halaxe hasi zen, mesfidati. Handik gutxira “badakizu zenbat bidaiatu naizen etxeko egongelatik atera
gabe?”. Eta ni neu bederen, urtu ninduen. “Aizu, ez dakizu zer sufrimendu
dagoen munduan barna, a zer bizimolde zailak dauden urruti haietan”.
Gaur ilobak, seme-alabak eta beste, denak, telefonoarekin gora eta behera
ikusten gaitu, eta “taldearen” parte sentitu nahi du. Seme-alabek telefono adimentsua, ordenagailua, tableta eta
abarrak erosi dizkiote txanpaka, eta denbora tarte laburrak eskaintzen badizkie
ere (gurekin alderatuta, noski), laketzen da teknologiarekin!
Etxalde batean neskame, merkatuan saltzaile eta jostun aritu da gure
amatxi, artean ere sei seme-alaba hezita. Salto handia sumatu du garaiko eta
egungo bizimoduen artean. Aldian aldikoari moldatzea baino ez dagoela esaten du.
Gugana hurbiltzeko saiakera egin du eta utzi ditu beldurrak; gure “hizkuntza”
erabiltzen ikasi du. Meritu handia da hori. Eta saiakera horrek are
maitagarriago egiten du.
Teknologia gugan da. Gustatu ala ez. Adineko jendeak ere gizarte digitalean
aktibo izan nahi du, e-bazterkeria izan baitago eta baliabide berri hauek integratuak
sentiarazten laguntzen diete. Sare sozialek lotura afektiboak egiteko balio
badiete, gogo handiagoa agertzen dute. Belaunaldi talka horretan, gizartearen
iraultza horren baitan, autoestimu pixka bat injektatzea ez da hain zaila, hain
moldakaitz senti ez daitezen, onartuak senti daitezen.
Zahartzean, zapatagin. Halaxe esaten digu maiz Anitak, eta berak lotsaz
badio ere trakets sentitzen delako, guk harrotasunez begiratzen diogu.
Bejondeizula, amatxi!