2015-12-13

Casadetejas

Orain urte batzuk modan jarri zen abizenen armarria bilatu eta koadro elegantean jartzen zutenekoa. Genealogia eta heraldika zaletasun batek bultzatuta, etxe ugaritan aurkitzen ahal da abizen bakoitzaren balizko armarri eta ustezko jatorria ematen duen agiririk.

Arrakastaren garai hartan, halako enpresa baten postuaren aitzinean suertatu nintzen behin, salerosgune handi batean erosketak egitetik ateratzerakoan. “Kontxo, ikus dezagun zer dioten nere abizenaz”. “Telletxea. Bai, idatziko dizut, bai, abizen hauek bestela, ezin ulertuak dira eta” neronek aurreratu nion ditxosozko komentario kolonizatzailea. “Barka, datu-basean ez da ageri abizen hori”. Ajam. Artxibo hura, batek daki zer fidagarritasunarekin osatua, berehala neurtu nuen. “Ez da existitzen” bota zidan aurpegiko keinukera batere aldatu gabe. Banekien ez nuela asmatu galdetzera joanez. “A, zaude momentu batean, bai, aurkitu dut zerbait: Galiziakoa da abizena”. Irribarre pozoitu bat dedikatu nion gorbatadun gizonari eta alde egin nuen nere abizen galegoa ezpainetan gorpuztuz. Urrikitu nintzen.

T de Toledo, e de España, l de Lugo, l de Lugo, e de España, t de Toledo, x... e de España, a de Almería”. Horra, telefonista batek atzo, zerbitzu bat eskatzen ari nintzela, nire abizena ongi apuntatua zuela ziurtatzeko argi eta abiaduraz bota zidana. Abizena esan bainion eta ezintasunean, letreiatzeko eskatu zidan, eta gero hark berriz itzuli. Baitezpadako lotura patriotiko hark oharmena instant batez ataskatu zidan. Gauzak garbi, ze arraio, abizen honen inizialak ongi iltzatu beharrak zeuden espainiar egurrean, nola edo hala (ez zitekeen, ba, Tafallako t, Elorrioko e, Lazkaoko l... izan!).

Telefono zenbaki bat gogoratzen ez eta, garaiko telefoniako informazio zerbitzu haietako batera deitu zuenarena datorkit gogora. Iruñeko Herriko Tabernako zenbakia emanen ote zion eskatu zion telefonistari, eta zerbitzu emaleak bota: “Rico Taberna; ¿y de nombre?”.


Ba halaxe. Casadetejas politagoa iruditzen hasia zait honezkero. Gainera, ez nuke inon letreiatu beharko eta galegoa dela esanen balidate, ez nintzateke asebeteko. Dena errazago!