2016-01-10

Kalapita on!

Hainbeste “urte berri on” opatzen den honetan, desiratzen dugun hori zehazki zer den ere zalantzan jartzen dut. Konbentzioak hala agintzen du eta beste hainbat legerekin batera, hau ere indarrean dugu ahotan (edo gehiago telefonoan). Baina merke-merke zaizkigun dedikatoria horien fondoa kolorgea da honezkero.

Lema eta leloz josita bizi gara eta hamaika formula maneiatzen dakigu maisuki. Zoriontasuna (-edo) eskaintzeko batez ere, espumilioi izaerako esamolde errazak barra-barra darabiltzagu, baina horiekin ere mugatuak gara, unean uneko modaren oinordeko fidelak gara denak ere. Kurios da, halere, heriotzarekiko ez garela hain mezu-emaile abilak…

Edonola, kanpaina izaki gara (kontsumo gizartearen baitan) eta dena ongi harilkatua dugu, ikasi dugu. Hain bihurtu gara esloganen seme-alaba, benetakotasuna galdu baitugu. Ez gara autentikoak, berdintze eta uniformatze ariketa globalekin esentziak galtzen ari gara. Ohartuko gara, gainera, dena zaigula ezaguna, ikusia edo entzuna, eta eskema garaile horretan sartzen ez dena kondenatua dago.

Eguberriaren magiaz mintzo zaigu beti mass media. Eta, egiaz, sakonean, magia horren esperoan garela iruditzen zait. Norbere moduan ulertua, norbere erlijioan oinarritua. Magikoa dena da, serio, nola korapilatzen garen (eta gaituzten) hainbat gairen eztabaidetan. Urte zaharrean izan ala berrian. Han sortua ala hemen sustatua. Iruñeko Baltasar dela (pintatua, mezularia, anestesista edo buhamea!), tenperaturen epeltasuna dela (udan hotz izanen dugula, edo alderantziz, beroegi!), istripuak argitzeko protokoloa dela (denak gara orain adituak atestatuetan, etilometrian eta orotariko birologian!)…

Helburu politikoaz sustatzen diren zirtzilekeriak laster hartzen ditugu hil ala biziko eztabaida, eta pentsatu aurretik zabaltzen dugu iritzia. Edo, hobeki esan, pentsatu aurretik erosten dugu iritzirik gustukoena eta berriz saltzen (merkexeago, hori bai).

Originala izan nahian, beraz, aurtengo urte hasieran halaxe diotsuet: kalapita on! Badugu non hauta, zeri heldu eta zer eztabaidatu (edo zer sasi-eztabaidatu). Animo!