Aplikazio batzuk trabatuta bezala gelditzen hasi ziren, bat-batean ixten
eta azkenik, aurreikuspen pesimistena betez, telefonoa kolpetik itzali zen. Ezin
piztu. Botoiei eman eta eman, baina alferrik.
Deskonexio sentsazio gogaikarri batek hartu ninduen. Garbi zen hilik zela
aparatua; urtea gabe, telefono adimentsuak porrot. Teknologiaren fabore guztiak
minutu gutxian desagertuak eta galduak. Telefonoaren enpresako zerbitzu
teknikoari deitzeko unea zen.
Pazientziari irmoki eutsirik, lehenbiziko teknikariarekin egin nuen
elkarrizketa. Arazoa azaldu ondotik, mugikorrari reset bat egiteko gomendatu zidan. “Bere esperientziagatik” bazekiela
hori eginik berehala bueltatuko zela telefonoa bere onera. Sinesgarritasun
txikiaz, telefonoa eskegi eta egin nuen hark esandakoa. Ezer ez.
Bigarren aldi batez deitu nuen, eta bigarren formula batekin antzeko reset bat egiteko aholkua eman zidan
emakumeak. Erantzunik ez tramankuluak. Uste nuen mugikorra jasoko zidatela
esatera zihoala eta ez ba, beste prozedura kodifikatu bat azaldu zidan neronek
ordu batzuk pasata egiteko. Egin nuen hark agindutakoa eta, ezer ez.
Arranguratsu baino, lasai eta atsegin agertu nintzaien, baina hasia nintzen
desesperatzen. Hasia nintzen ikusten banuela aitzinetik egun mordoa telefonorik
gabe eta kudeaketa pisuarekin.
Hirugarren aldi batez. Hirugarren teknikari batek. Goitik behera dena
berriz azaldu ondotik, hark ere, nonbait, sakelakoa zerbitzuan jasotzeko
nahikoa arrazoi ez zuen ikusi eta beste prozedura bat bidaliko zidala emailez,
lasaitasunean egin nezan. Indarrak galtzen ari nintzen, zinez, eta buruko mina
sumatzen. Posta elektronikoa zabaldu nuen.
“Firmwarean akatsik ez dagoela
ziurtatzeko Hard Reset bat egitea
komeni da, horretarako lehenbizi zure telefonoaren bootloaderra desaktibatu behar da. Hori egin aurretik egizu
segurtasun kopia bat. Firmwarearen
azken bertsioa eta bere driverrak
jaisteko lotura duzu hemen eta jarraibideei segiz, fastboot moduan berrabiatuko da aparatua. Bertako menuan android system recoveryra jo, eta normaltasunez
piztu dadin reboot system now
aukeratu behar da. Horrekin ez baduzu piztea lortu, heldu berriz firmwarearen konprobazioa egin ondoko
pausoari eta…”
Eta… Bat: NASArako oposaketak prestatzen hasi nintzen. Bi: Handik aurrera txalapartarekin
komunikatzea erabaki nuen. Edo hiru: Laugarren aldi batez deitu nuen eta
mugikorra zerbitzu teknikoak (alegia, adituek) jaso eta aztertu ondoren, berria
eman zidaten.