“Lehen ilaratik ikustea lortu duzue!” entzun nituen bi lagun Iturengo inauteriaz.
Zer da lehen ilara inauteri batean? Delako lehen ilara ote da hura ongi
ezagutzeko tokia? Borondate onez esaten zion batak besteari, baina horrek zerbait
uzten du agerian. Espektakuluaren aroan bizi gara eta oharkabean hori bilatzen
dugu. Inauteri baten esentzia ez dago lehen planoan bistara, eta ikusle pasibo
garen neurrian, ez dugu bere egiazko arima ezagutuko; azaleko argazkia lortuko
dugu bakarrik.
“Maskarada ikusteko sarrera ordaindu behar da?” galdetu zidan ikasle batek
joan den astean. Hau ere jakin-min umilenarekin agertua, baina galderak beste
zerbaiten berri ere ematen digu. Seguruena belaunaldi gazteagoek ohikoago,
baina denek ere neurri batean, kultura planifikatu eta programatu baten
dimentsioa gurea dugu. Zerbitzu-eskaintzarena, salerosketarena, erreserbena,
arauena.
“Aizue, kontuz ibili, dirutza balio duen kamara daramat!” bota zuen haserre
gizon batek aurtengo inauteri ospakizunetako herri ttiki batean bultza galdu
bat jaso zuelako. Bera da herri horretara bisitan joan dena, eta dena National
Geographic-gaitzat hartu nahi izateak prezio bat du. Inauteria bizia da, behar
du, eta berezkoa zaion arauen iraultza horretan batek testuinguru horretan modu
naturalean sartzen jakin behar du. Bestela, bazter batean (eta batetik) hobeki.
“Jo duzuen pieza hori ez da zehazki horrela” esan zion turista batek musikari bati joan diren egun hauetako batean. Bisitariak
(etxekoa, kasu) ez zuen asmo txarrarekin egin komentarioa, baina, bistan zen, inauteriaren
soinu-bandaren akatsak zuzendu nahi zituen. Tokian tokikoari gauzak nola egin
esateraino ausartu gara.
Hala, Goethek esandako hura ekar genezake: “inauteria herriak bere buruari
ematen dion festa da”. Hemen bildutako egoerei begiratuz, inauteriak herriak
bere buruari ematen dion zerbait izaten jarrai dezala desiragarri litzateke.
Gehiegikeria, irrazionaltasuna, metamorfosia, baimen eternoa, arauen
iraultza, rol aldaketa, gozamena eta lizunkeria. Hala bedi luzaz.