Besterik etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Besterik etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017-01-11

Hozka eta dasta!

Joan berri den urtean jasotako mezu batzuk gogoan bueltaka gelditu zaizkit. Goizetik gauera mezuz betea da gure jarduna, badakigu, eta filtro handiegirik ez izatea arriskugarria da nortasunaren eraikuntzarako, bizikidetzarako eta okurritzen zaigun zernahitarako. Berriki indusketa-obra iraunkor batzuetako itxitura umilaren kartelari ikusi nion bezala, “peligro indefinido” dauka inguratzen gaituen hitza irakurtzen ez jakiteak.

“Mehatxu bat duzu oso gertu”, Iruñerriko Mankomunitatearen gutuna halako batean. Barruan paper-zapi bustien harirako kanpaina zekarren, hauek komunera botatzearen kalteaz informatuz eta hainbat aholku emanez. Kontua da kartazalean zuela mezua, eta postontzitik jaso bezain pronto “hay una amenaza muy cerca de ti” irakurtzeak lepoa biratzeko gogoa, gutxienez, sortu zidan, Hitchcocken pelikula baten argudioa bailitzan. Larunbatero huts gabe etxeko atera datorren paradisu-saltzaile lekukoen parea ere etorri zitzaidan bigarrenik akordura, mehatxu bat hurbil nuela berrirakurri nuenean.

“Con un regalo te quieren más” zioen Iruñetik Madrilerako inongo erdibideko gasolindegi-ostatuko esloganak. Komun bakoitzaren atearen barrenaldeko kartelak hala zuen mezua preseski: “Don´t forget your gift to be loved”, ez ahaztu zure oparia maita zaitzaten, alegia. Behar fisiologiko oinarrizkoenak asetzen direnerako horra materialismo lezio fina, beste behar batzuk sortzeko arte zuriaz. Egiaz, egun hauetarako afixa egokia zen.

 “Muerde y saborea” etiketadun jaki bat ezagutu nuen beste batean. Jakia, bai, fruta zehazki. Ez nik erosia, emana baino. Sagar horia, txikia, aizue (ez gal gomendioaren anbiguotasunarekin, ejem). Zer zen, instrukzioa? Azaldu behar ote da sagar batekin zer egin? Behar ote du promoziorik sagar batekiko bizi-esperientziak?

Eta, ixteko, kasu ilea garbitzeko xanpu baten telebistako iragarkiaren letra txikiak zioenari: “ni se te ocurra lavarte los ojos con el champú”: guraso pareak ez du informaltasun handiagoz botako desarrazoia, hori da hori!

Esloganak, gomendioak, publizitatea. Mezuak denak; batzuk agerikoak, besteak ez hain. Gaurkoan mezu hauetako bat berrerabiliko dugu eta, sagarrari baino, aplika diezaiogun bizitzari: hozka eta dasta! Eta urte berri on denei!


2016-05-15

Belarrak eta beharrak

Ia egunero izaten dituela eskaera bitxiak. Asteon adibidez, andre batek esan omen diola “emadazu zerbait argaltzeko” zuzen-zuzenean. Eta jarraian “lo egin ahal izateko ere zerbait behar dut”. Eta hitzik tartekatzeko isilunerik utzi gabe, “a, eta… artikulazioetako mina kentzeko zer duzu?”, bota diola. To!

Belar-dendek badute halako erakartze berezia. Badute ohiko bezeroa, eta badute mirakulu bila joaten zaiena. Ohikoak, oro har, ongi ezagutzen du zer eta nola eskatu, bai eta nola jokatu ere. Belar-dendetan azken esperantza ezartzen duenak, ordea, SOS handi bat dakar kopetan maiz, soluzio azkar eta errazak eskatuz edo bestelako soluzio batzuetatik ihesi, babes bila. Azken honen joera gertatzen zaion horren gaineko berri zehatz eta komentatua eman nahi izatea da, alegia, barrenak hustekoa. Lanik handiena entzutekoa izaten omen da, gremioko langile batek kontatua. Esan liteke, seguruena, botiketan antzeko egoerak biziko direla; izan belar, izan kimika.

Gure bizimoldeari erreparatuz gero, gako asko jasoko genituzke garbi. Sortu zaizkigun min, behar, gabezia eta gaitz asko gerorrek martxan jarritako gurpil zoroak ekarri ditu. Gure osasuna kontzienteki hondatu ondotik (fisiko zein psikiko), tirita perfektuaren xerka abiatzen dugu.

Jaten duguna garela entzuna dugu, baina ez dakit, ordea, aditua. Premisa horrek lan asko saihestuko lituzke. Baina ongi dakigu sarritan “komeni” zaiguna sinesten dugula eta egintzek ondorioak dituzte. Gaur arrautza ekologiko edo letxuga ekologiko deitzen diegu berezko elikagaiei, produktu naturalei, ekoizpen garbiei; abizena behar dute eta hori oso adierazgarria da.

Belarren sendagarritasunaz ere etxean ikasi izan dugu; aitatxi-amatxiek irakatsi digute berbena-belarraren ona, kamamilaren laguntza, ukenduen faborea. Haiekin ikasi dugu, halaber, zentzuz jokatzen, arduraz aritzen. Gaur dendetara jo beharra dugu berbena erostera, mendian jaso ordez, eta mostradore baten bueltan eskatzen dugu halako berri, etxeko sukaldean ikasi ordez. Hala da. Eta hori ere pista da.

Edonola, osasun integralaren garrantziaz gain, esaera hauxe ere komeni da ez ahaztea: adinarendako sendabelarrik ez.


2016-04-02

Herio latza

Batzuentzat heriotza ez da ezeren bukaera, transformazioa baizik. Beste batzuentzat, berriz, hiltzea denaren akabera da. Jaiotzeak lege hori baitakar besapean, ez zaigu inori oharkabean pasatzen gaia. Norbere filosofiarekin edo ikuskerarekin egiten diogu aurre etorriko den horri, baina zalantzarik ez da heriok asaldatzen gaituela. Sozialki ez zaio espazio naturalegirik ematen eta horrek gure beldur, ezintasun eta arrangurak biziarazten ditu.          

Heriotza oro zaigu latz, baina bilatua-edo delarik, are latzago. Estatistika Institutu Nazionalaren urtean behineko datuekin kokatzen ahal gara argazki erreal baten aitzinean; 2014an 3.910 pertsonak egin zuen bere buruaz beste estatu espainiarrean. Marka historikoa, nonbait, urtetik urtera berritzen ari dena. 2008tik suizidioek heriotza gehiago ekarri dute trafiko istripuek baino, bikoiztera iritsi arte; heriotza ez naturalaren lehen kausa da honezkero norbere buruaz beste egitea.

Datuak ezagutarazita ohiko faktoreak hedatzen dira bolo-bolo, bilatu nahi izaten baititugu arrazoiak, noski. Azken urteotan krisia (eta hari lotutakorik) izaten da lehenik seinalatzen den zioetako bat, baina ez da errealista, edo ez erabat errealista. Zenbat gauza ez ote da sortzaile edo sorburu? Zerbait eskapatzen zaigu, eta (esanen nuke) eskaparazten zaigu. Gaia tabua da, medioek ez dute agertzen ahal neurri profilaktiko gisan hala ezarria delako eta horrek, zentzu batean, ene uste ez-adituan, ilundu du arazoa (lehendik ere zama izan dena beti, bistan da). Haur eta nerabeen gertaera garratzak hazi dira azkenaldian gainera, eta suminduraz ari gara erantzule bila.

Gizarte arazo den neurrian sendagileari, irakasleari, psikologoari galdegiten zaio arazoari nola egin aurre. Sistemari egozten zaio erruaren handiena, bizimoldeari, garaiaren zailtasunari, etokizunaren ziurgabetasunari eta abar. Ez baita erraza klasifikaezina den joera hau parametro zehatzetan kokatzea. Garbi da konplexuegia dela kontua eta kausa askoren emaitza izan daitekeela. Garbi da zentzu ororen galeraren sinadura jasotzen dugula halako kasu baten berri ikasten dugun bakoitzean. Garbi da ez zaigula batere garbi.


2016-03-20

Duintasunaren giltza

“Titirik ez duzunez, oso gaizki gelditzen zaizu”. Halaxe bota zion neskari mutil-lagunak. Arropa-denda erraldoi horietako batean nintzen, aldagela edo probalekuetan, eta ondoan laster sumatu nituen neska, bikotekidea eta neskaren ama (iruditu zitzaidana). Arropa proba saiakera hura kolpean etenarazi zidan komentario ozenak. Eta egiazki, ez dakit zerk sumindu ninduen gehiago; tipoaren jarrerak (halako komentario baten irmotasun eta uste osoak), baieztapenaren ozentasunak (zergatik sufritu behar ditugu jendearen hitz galdu nahastaile harrabotsuak?), edo neskaren asimilazio agerpenak, “bai, arrazoi duzu” erantzun baitzion berehala.
***
Bidean eten bat beharrezkoa zitzaigun eta gasolioa hartzeko aitzakiarekin, gasolindegiko harrera-etxean sartu ginen jateko zerbait erosi eta komunera joateko. Bilatu genuen, bada, non zen hura eta atarira iritsita, hauxe ikusi genuen ohar kartel handi samar batean: “emakumea bazara, eska ezazu giltza mostradorean”. Atzera biratu eta gizonen atea zabal-zabalik ikusi genuen, giltza beharrik batere gabe. Ataskatuta gelditu ginen hari begira; zer demontre da hau? Gure harriduraren laino hotz hartan, bat-batean, emakume irribartsu bat agertu zen bidea eskatuz, giltza eskuetan zuela. Normalizatua zegoen egoera.
***
“Emakumea bost koparekin, gizonaren plan perfektua”. Sevillako Lonja del Barranco merkatuko aurtengo iragarkia da. Hala kontatu dute prentsan. Antza denez, jarri eta ordu gutxira, kexak medio, erretiratu zuten. Ondotik, kontsumitzaileen elkarte batek inkesta bat abiatu zuen sarean eta oihartzun handia eta arbuioa sortu zuen zentzugabekeriak. Marketin eta promozio kanpaina baten atzean bada ba, honelakorik pentsa dezakeen adimenik. Edo, edozer askatzeko gai gara ezagun izatearen truke, deitoragarri eta nardagarri agertu arren. Kartela inoiz publiko egin izana larria da.
***
Bazkaltzera joatekoak zirela, aurten halako elkarte batera. Talde handia zen biltzekoa, emakume eta gizon, urteroko hitzordua berrituz. Bazkaltzeko ordurako deitu zituzten, ez lehenago, eta ailegatu ahala, mahaira bidali zituztela. Laguntza behar al zuten galdetzea otu zitzaion eta orduan jakin zuen elkarte hartan emakumeak ezin direla sukaldean sartu. Komunera abiatu zen orduan, eskuak garbitzera eta hara non, atea giltzaz itxia aurkitu zuen. Saiakeran ari zela, gizon bat irten zen gizonezkoen komunetik eta argibide tonu batez esan zion: “emakumeen komuneko giltza barran eskatu behar duzu”.
***
Ahaleginik gabe berriki bizitutako eta jasotako lau egoera honako hauek. Gogoeta egina dago.



2016-01-24

Hard Reset

Aplikazio batzuk trabatuta bezala gelditzen hasi ziren, bat-batean ixten eta azkenik, aurreikuspen pesimistena betez, telefonoa kolpetik itzali zen. Ezin piztu. Botoiei eman eta eman, baina alferrik.

Deskonexio sentsazio gogaikarri batek hartu ninduen. Garbi zen hilik zela aparatua; urtea gabe, telefono adimentsuak porrot. Teknologiaren fabore guztiak minutu gutxian desagertuak eta galduak. Telefonoaren enpresako zerbitzu teknikoari deitzeko unea zen.

Pazientziari irmoki eutsirik, lehenbiziko teknikariarekin egin nuen elkarrizketa. Arazoa azaldu ondotik, mugikorrari reset bat egiteko gomendatu zidan. “Bere esperientziagatik” bazekiela hori eginik berehala bueltatuko zela telefonoa bere onera. Sinesgarritasun txikiaz, telefonoa eskegi eta egin nuen hark esandakoa. Ezer ez.

Bigarren aldi batez deitu nuen, eta bigarren formula batekin antzeko reset bat egiteko aholkua eman zidan emakumeak. Erantzunik ez tramankuluak. Uste nuen mugikorra jasoko zidatela esatera zihoala eta ez ba, beste prozedura kodifikatu bat azaldu zidan neronek ordu batzuk pasata egiteko. Egin nuen hark agindutakoa eta, ezer ez.

Arranguratsu baino, lasai eta atsegin agertu nintzaien, baina hasia nintzen desesperatzen. Hasia nintzen ikusten banuela aitzinetik egun mordoa telefonorik gabe eta kudeaketa pisuarekin.

Hirugarren aldi batez. Hirugarren teknikari batek. Goitik behera dena berriz azaldu ondotik, hark ere, nonbait, sakelakoa zerbitzuan jasotzeko nahikoa arrazoi ez zuen ikusi eta beste prozedura bat bidaliko zidala emailez, lasaitasunean egin nezan. Indarrak galtzen ari nintzen, zinez, eta buruko mina sumatzen. Posta elektronikoa zabaldu nuen.

“Firmwarean akatsik ez dagoela ziurtatzeko Hard Reset bat egitea komeni da, horretarako lehenbizi zure telefonoaren bootloaderra desaktibatu behar da. Hori egin aurretik egizu segurtasun kopia bat. Firmwarearen azken bertsioa eta bere driverrak jaisteko lotura duzu hemen eta jarraibideei segiz, fastboot moduan berrabiatuko da aparatua. Bertako menuan android system recoveryra jo, eta normaltasunez piztu dadin reboot system now aukeratu behar da. Horrekin ez baduzu piztea lortu, heldu berriz firmwarearen konprobazioa egin ondoko pausoari eta…”

Eta… Bat: NASArako oposaketak prestatzen hasi nintzen. Bi: Handik aurrera txalapartarekin komunikatzea erabaki nuen. Edo hiru: Laugarren aldi batez deitu nuen eta mugikorra zerbitzu teknikoak (alegia, adituek) jaso eta aztertu ondoren, berria eman zidaten.

2016-01-10

Kalapita on!

Hainbeste “urte berri on” opatzen den honetan, desiratzen dugun hori zehazki zer den ere zalantzan jartzen dut. Konbentzioak hala agintzen du eta beste hainbat legerekin batera, hau ere indarrean dugu ahotan (edo gehiago telefonoan). Baina merke-merke zaizkigun dedikatoria horien fondoa kolorgea da honezkero.

Lema eta leloz josita bizi gara eta hamaika formula maneiatzen dakigu maisuki. Zoriontasuna (-edo) eskaintzeko batez ere, espumilioi izaerako esamolde errazak barra-barra darabiltzagu, baina horiekin ere mugatuak gara, unean uneko modaren oinordeko fidelak gara denak ere. Kurios da, halere, heriotzarekiko ez garela hain mezu-emaile abilak…

Edonola, kanpaina izaki gara (kontsumo gizartearen baitan) eta dena ongi harilkatua dugu, ikasi dugu. Hain bihurtu gara esloganen seme-alaba, benetakotasuna galdu baitugu. Ez gara autentikoak, berdintze eta uniformatze ariketa globalekin esentziak galtzen ari gara. Ohartuko gara, gainera, dena zaigula ezaguna, ikusia edo entzuna, eta eskema garaile horretan sartzen ez dena kondenatua dago.

Eguberriaren magiaz mintzo zaigu beti mass media. Eta, egiaz, sakonean, magia horren esperoan garela iruditzen zait. Norbere moduan ulertua, norbere erlijioan oinarritua. Magikoa dena da, serio, nola korapilatzen garen (eta gaituzten) hainbat gairen eztabaidetan. Urte zaharrean izan ala berrian. Han sortua ala hemen sustatua. Iruñeko Baltasar dela (pintatua, mezularia, anestesista edo buhamea!), tenperaturen epeltasuna dela (udan hotz izanen dugula, edo alderantziz, beroegi!), istripuak argitzeko protokoloa dela (denak gara orain adituak atestatuetan, etilometrian eta orotariko birologian!)…

Helburu politikoaz sustatzen diren zirtzilekeriak laster hartzen ditugu hil ala biziko eztabaida, eta pentsatu aurretik zabaltzen dugu iritzia. Edo, hobeki esan, pentsatu aurretik erosten dugu iritzirik gustukoena eta berriz saltzen (merkexeago, hori bai).

Originala izan nahian, beraz, aurtengo urte hasieran halaxe diotsuet: kalapita on! Badugu non hauta, zeri heldu eta zer eztabaidatu (edo zer sasi-eztabaidatu). Animo!

2015-11-29

Zahartzean, zapatagin

Lotsatzen da bere idazteko moduaz, esaten du ez dakiela non bereizi behar diren hitzak edo letrak, eta h-ak non jarri behar diren ere ez dakiela… “9 urte nituela aldatu baininduten eskolatik, eta…”. Oso presente egiten du hizketan eskolatik “kendu” zutela, “eskola uztea” bera baino gordinagoa dela azpimarratu nahian. Gure amatxik 89 urte beteko ditu laster eta WhatsAppa erabiltzen badaki.

80 urte zituela hasi zen, familiak sustatuta, liburu bat irakurtzen. “Mantso ariko naiz, ez dut zuek bezainbesteko abileziarik; gainera memoria txarrekoa naiz eta egun batetik bestera ahazten zaizkit bezperan irakurritakoak”. Halaxe hasi zen, mesfidati. Handik gutxira “badakizu zenbat bidaiatu naizen etxeko egongelatik atera gabe?”. Eta ni neu bederen, urtu ninduen. “Aizu, ez dakizu zer sufrimendu dagoen munduan barna, a zer bizimolde zailak dauden urruti haietan”.

Gaur ilobak, seme-alabak eta beste, denak, telefonoarekin gora eta behera ikusten gaitu, eta “taldearen” parte sentitu nahi du. Seme-alabek telefono adimentsua, ordenagailua, tableta eta abarrak erosi dizkiote txanpaka, eta denbora tarte laburrak eskaintzen badizkie ere (gurekin alderatuta, noski), laketzen da teknologiarekin!

Etxalde batean neskame, merkatuan saltzaile eta jostun aritu da gure amatxi, artean ere sei seme-alaba hezita. Salto handia sumatu du garaiko eta egungo bizimoduen artean. Aldian aldikoari moldatzea baino ez dagoela esaten du. Gugana hurbiltzeko saiakera egin du eta utzi ditu beldurrak; gure “hizkuntza” erabiltzen ikasi du. Meritu handia da hori. Eta saiakera horrek are maitagarriago egiten du.

Teknologia gugan da. Gustatu ala ez. Adineko jendeak ere gizarte digitalean aktibo izan nahi du, e-bazterkeria izan baitago eta baliabide berri hauek integratuak sentiarazten laguntzen diete. Sare sozialek lotura afektiboak egiteko balio badiete, gogo handiagoa agertzen dute. Belaunaldi talka horretan, gizartearen iraultza horren baitan, autoestimu pixka bat injektatzea ez da hain zaila, hain moldakaitz senti ez daitezen, onartuak senti daitezen.


Zahartzean, zapatagin. Halaxe esaten digu maiz Anitak, eta berak lotsaz badio ere trakets sentitzen delako, guk harrotasunez begiratzen diogu. Bejondeizula, amatxi!

2015-11-14

Salsipuedes

Hiria lasai, isil eta geldo zegoen halako siesta-ordu batean paseoan ginen lainoari pultsua irabazia zioten eguzki izpiek lausengatzen zuten alde zaharrean barna. Iruñea biziki eder dago egunotan. Udazken koloretan. Hosto-alfonbratan. Argi-itzal jokoetan.

Zaldi Zuriaren ostatuaren aitzinetik hirigunera bidean mantso, elkarrizketa lasaigarri batean kontzentraturik, moja bat ikusi genuen pareko eraikineko metalezko ate haundi eta hotz bat zabaltzen; Karmeldar Oinutsen komentuko zuriz jantzitako moja zen. Karrikara begira hasi zen, norbaiten bila bezala. Distantzia egokian ginen diskrezioz eta ia borondaterik gabe behatzeko gisan.

Burua ateratzen zuen, lotsati, berriz pausoa atzera, baina ez zen etxeratzen, kanpoari so zen aiduru. Minutu batzuk pasatu ziren horrela. Kontenplaziozko bizitza duen erlijio erakundea omen da etxe horretako kideen filosofia. Eta hala ari zen, iduriz, erlijiosoa; kontenplatzen.

-Nik ere badakit.
Pausoa airean izoztuz, kolpetik gelditu genuen gure martxa atearen parean.
-Nola, barkatu?
Gorputzak aterantz biratu genituen.
-Nik ere badakit euskaraz.
-Euskalduna zara!
-Bai, bai.
-Eta… euskaraz egiten duzu maiz?
-Bah… Hemen ez dakite batere.

Begietara begiratzeko lotsaz zen adin handiko andrea. Ez genekien zuzena ote zen galdera gehiago egitea, urduri zegoen, inkiet. Halako aitortza keinu unibertsal batekin, hantxe utzi genuen moja.

Ez zuen aterik itxi. Begiekin kanpoak eskaintzen ziona arrapaladan hartu nahi zuen, informazio gehiegi balitzaio, baina haren egarri balitz. Esku urduriak ateari tinko eusten zion, nolabaiteko botere ttiki bat sentituko balu bezala, emozioak eskapo balitzaizkio.

Moja hark kanpora atera nahi zuen, baina ezin. Bazterreko ate hura hautatua zuen munduari begiratzeko istant batez, bihurriki (ezin dutela jakinki), eta hara non, munduari begira, euskararekin egin zuen topo.

Salsipuedes kalean du atari nagusia komentuak. Horra metafora garratza klausurako komentuari, eta mojari berari. Eta bide batez, nola ez, euskarari. Ez dakiola, azken honi, patuzko izena izan, otoi(tz)!

*Argazkia: Martin Iraburu

2015-10-04

Elkar ezagutzen dugu?

Ez zekiela nondik baina neska hura Facebooken “lagun” omen zuela, ezagunen baten bitartez-edo, ez zela oroitzen. Hilabeteak zirela haren berri irakurtzen zuela bere horman, ia egunero; argazkiak, pentsamenduak, hitzorduak, haserre eta pozak, marrazkiak (artista zen nonbait)… dena ezagutzen zion.

Oso arraro egin zitzaion kalean ikustea lehen aldiz. Halako parranda gau bat zen eta aurpegia ezaguna zitzaiola, Facebooken etengabe ikusten zuen neska hura zela ohartu zen azkenean. Ez zuen hain txikia imajinatzen. Gainerakoan ezin jakin, ez zen berekin inoiz mintzatua; pixka bat behatu zuen, jakin-mina zuen.

Neska hartaz inoiz usteko ez zukeen informazio pila eskuratua zegoen harrezkero. Gauza asko zekien hartaz. Arraioa! Zergatik jakin behar zuen hainbeste kontu ezagutzen ez zuen pertsona hartaz?! Izatez ere, ez baitzen ez lagun, ez ezagun (ia).

Dimentsio hura oso perbertsoa zitzaion. Sentsazio hura ez zuen gustuko. Nahi ez bazuen ere, bazuen aldiroko dosia bere telefonoan. Neska haren bizitza segika balu bezala. Inbadituz. Ikusi zuen aldi hartan pentsakor gelditu zen, begira-begira, nola mugitzen zen, nola hitz egiten zuen, nor izanen ote zen disimulu gabe analizatuz.

Famatu bat ikusten denean sentitzen den gisako zerbait sentitzen zuen neska harekin. Informazio hori guztia, hala ere, berak zabaldua zen (eta da). Biografia birtuala nahi duenaren eskura, intimitatearen mugak ausardia handiz ukituz. Horrenbeste daturekin, fisikoki elkar ezagutzeko balizko aukera batean, zer galdetuko zion neska hari? Ia dena aurreratua zuen sarean! Bere polizia-fitxa egina zeukala pentsatu zuen, gainera, halako bertigo sentsazio gordinarekin.

Funtsean, ez zaigu pisua gertatzen norbere promozio kanpainak ditugula aitortzea, gure bizimodua publiko eta ikusgai jarriz, autobiografia partzialak argitara emanez, arrakastaren pertsekuzio sinbolikoa etengabe praktikatuz. Pertsonen arteko harremanetako gertagarritasunaren  zalantza-dantzari tartea ebatsi diogu. Finean, iragarkia, eta ez bizipena.

2015-09-20

Argizariak

Etxea apaintzeko kandela bitxien bilduma batekin hasi berria dela. Orain pare bat aste iragarki bat ikusi omen duela eta asko gustatu zaizkiola argizari berezi haiek. Nonbait, modelo zahar-klasikoak kopiatuz erreplika sorta jarriko dute salgai kioskoetan, hamabostero. Nostalgikoentzat? Oraindik ere bada halako deiei amore ematen dienik.

Formulak bizirik darrai, beraz, eta nola ez, ikasturte hasieran. Bilduma berri batekin hasiko dela-eta, gauzak pilatzeaz utzi dit gogoeta bildumazale berriak. Pilatzeko, bildumatzeko, biltzeko joera jarri zait begien aztergai, lehendik ere hainbat aldiz pentsatua dudana. Faszikulu horiek pilaketa sustapen mezuak dira. Bai, merkatua eta diru-iturria batetik eta nagusiki, baina beste batetik, munduko bazterrak gauzez betetzeko gonbita ere bai. Zernahiko estrategia malenkoniazko bat baliatuz (kandelen kasu honetan), hartzailea samurtu dute eta pentsarazi diote ez daitekeela horiek erosi gabe geldi.

Ondasun materialen zenbatekoan pentsatzeak izua sortzen du. Banaka-banaka zenbat gauza dugun ohartzen bagara istant batez (eta zenbat diren erabilgarri eta beharrezko, jakina) jasangaitza da gauzakien numeroa mundu mailako ikuspegian hartuz. Alferrikako biltegi erraldoia dugu (edo gara). Zer behar dago hainbeste edukitzeko? Nondik bizi gaitu hainbeste edukitzearen naturaltasun horrek?

Pilaketa konpultsiboaren sindromea-edo ba omen dago, gauzak gorde, altxatu eta ez botatzeko ohitura alegia, badaezpadakoak beti frenatzen baitu etxea husteko edozein asmo. Diogenesengandik urruti (noski, ez gara horretaz ari), esan liteke nahiko orokorra dela gauzak izatearen joera erraz hori, eta oso esanguratsua, gainera. Berdin erosia, oparitan hartua, mendian jasoa edo kalean aurkitua. Bildumak, tresnak, oroigarriak, naturako elementuak, apaingarriak, trasteak edo nahi den gauzaki. Ez dugu gauza gehiegi?

Errefuxiatuak datozkit gogora iheskor, haien hanka egite latza, etxea eta lurra utzi beharrean nola diren. Hara, ondasunen balioa zein den egiaz. Halako muturreko egoera batean egon arte, zail da edukitzearen sinboloaz serio pentsatzea.

Kandelen bildumazale kontentu askoak ez du haien argien beharrik, etxea uzten behartua eta kalamidade gorriak bizitzen ariko denak bezainbeste.


2015-09-07

Ikasten

Ohiko erosketak egitera abiatu zen, asteroko gisaz. Udako giroaz supermerkatua hutsik zen, kanpoan bero, barruan hotzegi, aire girotu madarikatua. Jenderik ez ikusteak ematen duen sentsazio arraroaz hasi zen erosi beharrekoak saskian sartzen, patxadaz, eta hala, uste baino lehenago abiatu zen kutxara. Bere aurretik, kasualitatez, edadeko gizon bat ari zen dozena erdi erosgai ordaintzen. Espero laburra zelako konforme, begirada galduak zerbaitekin egin zion topo: kutxazain andreari gelditu zitzaion begira, bere atorraren papar-hegaleko txarteltxoari so, saltokiko tenperatura bezain hotz. “En formación” zioen txartelak, alegia, ikasten. Nola? Bere buruari galdetu zion haserre antzean.

Ohar haren esanahiaz pentsatzen ataskatuta gelditu zen “kaixo, arratsalde on” entzun zion arte, eta aurrera egin behar izan zuen gauzak poltsetan sartzen hasteko. Berriz begiratu zion ohartarazpen hari, zeharka, eta kutxazainari berari ere bai; 50ak paseak zituen aspaldixko emakume hark. “Atx, to poltsak, barka, ni ere mantso nabil, ba!”. Nola?? Eta bi. Enpresako nagusiari inportantea iruditu zitzaion, nonbait, bezeroek jakitea langilea hasi berria zela eta bazitekeela (kontuz, bazitekeela) hanka sartzea; tamalez, emakumeak mezua barneratua zeukan, sinetsia.

Haserretu zen, orduan bai. Ordaindu ondotik, ahal bezainbeste aldiz eman zizkion eskerrak emazteki prestuari eta marmarrarekin alde egin zuen. Autora bidean beste lanbide batzuk gogora ekartzen hasi zen azkar, ea halakorik inon aurkitzen zuen. Abokatua, irakaslea, ingeniaria, funtzionarioa etorri zitzaizkion burura, epaietan, eskoletan, proiektu-negozioetan, administrazioan… eta halakorik agertu beharrean ez zituen, ba, irudikatu.

Ikasten ari dena prestatzeko, ofizioan trebatzeko eta kodigo bidez adierazteko formula asko etorri zitzaion akordura; tutorizazioak, bekario postuak, medikuntzako sistema.... oker ez bazen, baina… bistan zen ez zela gauza bera ikusitako hura, izan ere, ez baitzekien ongi zerk eman zion amorru gehien, lanbidearen prestigio ezaren ageriko kontuak, mende erdia baino gehiago betea zuen pertsona bat kartel hura jantzi beharrean ikustea ala langilearen asimilazioa sumatzea.


2015-05-24

Herri txiki, infernu handi

Gaur arratsean ez dugu Pagadiren eta Zuhaitzen saio ederrik izanen, hauteskunde gaua baita, baina telebistako programaren izenak ezin hobeki ematen dio gaurko gure gogoetari eta hargatik izenburu hau. Esaera zaharraren berezko adieratik pixka bat aldenduz, eta hauteskunde giro hau probestuz, esan dezagun gurean bizi dugun egoera politiko, linguistiko eta sozialak baduela infernutik aunitz, aspaldi dela ekarri baitzen leize-sua herri txiki honetara, “Herri txiki, desira handi” baikinen.

“Nafarroak mundua harrituko du” esaera usatua ere, Hamlet edo Macbeth tragedien autoreak 400 urte direla idatzitakoa gogora datorkigu ihes gabe, izan ere, hori ere ederki lotzen baitzaio gurean gertatzen diren nahasmendu, lotsagabekeria eta ustelkeriari. Bistan da erreferentzia hura garaiko kultura eta giro humanistikoari zitzaiola nagusiki; liluraren adieran, noski. Baina, beste muturra gailendu da halabeharrezko botere faktiko ditugunekin, mundua harritzerainokoak ditugulako edangarri orduko eta gaurko Nafarroan, orduko eta gaurko Euskal Herrian. “Herri txiki, konkista handi” izan delako lur hauen historia.

Honela, Shakespeareren Hamlet tragedian berean biltzen den bakarrizketak dioen gisaz: “Izan ala ez izan, hor dago koska”, tragediatik ere badugula esan daiteke; izan nahi eta ezin. Literatura unibertsalaren zitarik entzutetsuenetakoak existentzialismoaren kontzeptua zekarren; izatea, bizitzari eta ekintzari; ez izatea, heriotzari eta gelditasunari. Euskaldunok izatea badugu, ekintza badugu, izena ere badugu; koska ez dakit badugun, baina ezin etsi dugu haren bilaketan! Oroz gain, “Herri txiki, ekimen handi” garela garbi delako.

Gurea herri txikia baita. Eta bai. Irakurria baitaukat herri txikiek edo estatu txikiek etorkizun hobea (oparoagoa?) dutela handiek baino; gurea baino aski txikiagoa den herririk badago estatu denik. Baina, garesti zaigu etorkizun zoriontsu hori. “Herri txiki, oztopo handi” baita leloa momentuz. Hala ere, esperantza eta hatsa berritzen duenaren gisan, ez du azken leloa izan behar horrek.

Portzierto, “Herri txiki, oihan handi” dugula esateko gogoa ezin isildu dut (barka eskapoa), zuhaitz eta pagadi bikainak ditugulako eta lan onak aitortzea eta zoriontzea osasungarria delako, arrunt. Beraz, etorkizun sendo baterako eraikuntza nazional oro ezinbestekoa dugunez, eta, bertan, bertakoentzat eta bertakoaz egindako lanak bidea senaz egiten laguntzen digunez, uste dut “Herri txiki, harrotasun handi” begitantzen zaidala gaurko lelo nagusi, etsipenak eta ezkortasunak istant batez pikutara bidaliz.

2015-04-12

Pro-zesio

Beldar-kateak zorura etorri dira, prozesionaria lur hartuta dago pinudi eta mendietan barna. Errenkada luzeak, har bat bestearen segidan, lotuta, hil ala biziko bidaian. Mantso doaz, oso; isil, zuhur, irmo. Bidea badaki lehenak; hari segika gainerako guztiak. Haien legea dute, eta ilara amaigabeek atentzioa ematen digute urtero. Arriskutsuak izan daitezkeela, edo kaltegarriak, erresumin handia sortzen duen sustantzia omen dutelako gorputzeko ileetan. Temati begiratzen zaie. Izurri kategoria hartua dute aspaldi. Ibilaldi horien amaieran, lurpea datorkie, eta bertan, metamorfosia, tximeleta bihurtzeko.

Zikloak. Bizitza. Nahitaezko hitzordua. Haien prozesio propioan ari dira hil honetan animalia hauek. Eta apirila da, honela, lurreko ilara hauei fidelen tankeratzen zaizkien funtzioen tenorea: prozesioak. Izan, badira, ez urruti gainera, gurtza, benerazio eta jainkozaletasun andana gurean.

Mementoan bukatu dira debozio-egunak. Pasioak. Elizbirak. Santuak batzuk, fedegabeak besteak. Antzerkiak hemen, emankizunak han. Prozesioa barrutik doala esaten da bada; ez dakit, ongi, zer esan. Ez dirudiela erranak egia. Maizegi halako sineskeria pose batez bezti sumatzen baitira agerkizun hauek (kontuan hartu gabe espantu lazgarrian ibiltzen diren horiek). Bekatuak barkatzeko fustigazio sesio horietan zinak eta minak pasatuko ditu antzezle askok, nahita, noski. Baina ongi aski (eta egokiago) irudikatzen dut zer garbitua duen txit goren jendaje saila, egiaz barkamen eskatu beharko lukeen ugari, baina… dena figurazioa izaki…

Izanen da edonolako fedearen nezesidade erlatiboan bizi garela. Agian ez du zertan erlijiozko izan, ez du zerutiar behar, ez du elizkoi nahi. Beste zerbaiten babes sinbolikoa, euskarri esoterikoa, helduleku metafisikoa, zutarri magnetikoa beharko dugu finean. Eta hala izanen da. Justizia lurtarrik gutti dugun honetan, tranpa gizatiar sobera dugun honetan, nolabait eutsi behar. Askok, halere, diseinuzko orazioaldietan agertzen-edo ditu bere minak.

Bi prozesioak presente gurean. Batek daki zer bizi-esperantzarekin, baina hor dira. Norbere irritsak alde batera edo bestera agertzen ditugu, eta haiei bizkar emanik bizi gaitezkeela pentsa dezakegu, baina ororen eragile dira biak ere. Sakonean antzeko zerbait konpartitzen duten susmoa daukat. Bata, basoa bertako jatorrizko zuhaitzez berritu ordez, pinu gehiegi landatu delako etorri da, eta hartara, prozesio mota bat zabaldu da. Bigarrena, esanen nuke gisa berekoa dela; jatorrizkoaren arrastorik txikiena gorde ez dugularik, gerora ekarritako prozesio nagusi bilakatu da. Esango nuke pro-zesio agertzen naizela bi prozesioekin.


2015-03-29

Ortziren panoptikoa

Mundua ez digute ongi diseinatu. Udaberrian gara eta negu zahar dirudi. Eguraldi-karta aldrebes eta garesti honekin gauza onik ez. Ortzik ez du asmatzen; gutxitan idazten du errezeta ona. Zergatik ez digu eguraldi ona prestatzen? Eta elurra dagokion denboraldian egokiro planifikatzen? Eta tenperaturaren termostatoa hobeki erregulatzen? Zenbat plan zapuztu digu haren menuak? Ez al da konturatzen nola eragiten digun bere aukeraketak aldartean eta osasunean? Jainko alaena! Bidegabe ari zara, gero! Aste Santurako, otoi, denbora ona nahi dugu. 

“Hau hotza”, “bai haize bortitza”, “euria ez da eteten”, “eguraldi nazkagarria”, “hau aspergura”... Igogailuetatik haratago ekarri dugu elkarrizketa-gai ditxosoa; ez da hutsarteak betetzeko solasa soilik, dialektika lantzeko balio lezake gaur egun. Eztabaida-leku guztiak betetzen dituzte iragarpenek eta kexek. Eta nago, elkarrizketa-gai bainoago, harekiko agertzen dugun kontrol-nahi amorratuak beste zerbaiten iradokia dakarkigula. 

Eguraldiaren kontu honek nekatu nau azken boladan. Eta orain arte egin ez dudan kriminalizazioa egiten ere sentitu dut nire burua, eguraldiaren patuari eraso eginez haserre, kutsatuta, arrazoirik gabe. Etengabeko kexa eta ika-miketan energia gehiegi gastatzen dela uste dut, eta, tentsio eta haserreak gai horrekin ordaintzeko halako beharrak gero eta harridura handiagoa sortu dit. 

Baina, dagozkion parametroetan ulerturik, eguraldiarena, egiazki, beste zerbait da. Oroz gain (biziraupen kontuak izaten ahal baitira tartean), merkatu kontu bat da batetik, gai ekonomikoa (turismoa, aisia, negozioa…), eta horrek gauza asko mugitzen eta iraunarazten ditu. Baina ez hori bakarrik; kontrol nahi intrintseko bat ere bada, eguraldiarekiko agertzen duguna. Etorriko den horren harira, zehazki ez baitakigu zer izanen den, eta harengan agintzeko modurik ez baitugu inolaz, amorrarazten, urduritzen eta nahasten gaitu esparru hori kontrolatu ezinak. Kontrol beharrak urrutiegi eraman(en) gaitu. Eta ahulune (edo indargune) hori ez zaigu eskapatu, aspaldi esana baita giza-jokabidea botere nahi batek sortua dela. 

Eguraldiaren harirako adierazle soil honek, honela, Benthamen erabateko kontrolaren panoptikora eraman gintzake. Hala zioen hark (1780): “morala eraberritua, osasuna babestua, industria indartua, heziketa hedatua, kargu publikoak gutxituak, ekonomia gotortua, dena ideia arkitektoniko sinple bati esker.” Honi klimatologia erregulatua gehitzen ahal genioke, estrapolazio ariketa batean. Foucaultek beranduago eta ideia bera garatuz adierazi bezala, boterearen funtzionamendu automatikoaren bermeaz ariko ginateke, finean, aplikazio sistematiko oharkabeko batez. Izan ere, panoptismoa, edonolako jokabidea edonolako giza-aniztasunari inposatzea dela hausnartu baita gerora, eta beraz, hor legoke gure jokabideen noranzkoen gakoa. 

 Gauzak honela, eta sorburura berriz, gaurko zer eguraldi aurreikusi da?

2015-03-14

Feniziarrak edo bokazioaren giltza

Mojak bota zion hamar urteko neskatila isilari:
- Eta zuk, zer izan nahi duzu handitan?
Neskatoak, galdera inondik inora espero ez zuela, hitzik ezin ahoskatu eman zituen ondoko segundoak, zer demonio esan jakin gabe, otu zitzaion lehen ogibidearen izena eman zion arte, amaren azokako lana gogoan:
-          Saltzailea…
-          Eta hori erantzuteko hainbeste pentsatu behar izan duzu?!

Neskatoa bere buruari halakorik galdetu gabea zegoen oraindik; etxean ikusi eta ikasitakoa etorri zitzaion gogora, besterik ez. Baina 60. hamarkadako moja-maistra hari ez zitzaion, nonbait, prestigiozko ofizio iruditzen saltzailearena, ez eta deliberatuki norbaitek etorkizun polita izateko aukera zezakeen lanbidea ere.

Prestigioetatik haratago, egungo egoeraren ziurgabetasunarekin lan-etorkizuna irudikatzeko burukomin ederra ekartzen ari da garaia. Ikastea hautatukoak etorkizunik izanen duen zalantza betez bizi da estudiantea; bokazioa edo gustuko dena versus komenientzia edo apustu segurua talka bizian daude (ahaztu gabe zer ikasi, zer izan jakin ez dakienaren egoera, kasik bekatari baita).

Etorkizuneko ofizioak zeintzuk izanen diren esaten hasiak dira merkatuaren behatzaile eta aztertzaileak; ingeniaritza, genetika, psikologia eta osasun mentala, abeltzaintza ekologikoa, elikagaien zientzia, segurtasun eta ingeniaritza informatikoa, medikuntza, nano-teknika, itzulpengintza, mundu digitalaren irakasleak, entrenatzaile pertsonalak, amets diseinatzaileak… eta uholde hauei begira ari da, desesperoan, urte gutxian lan munduan hasi nahiko lukeena.

Internetek eta teknologia berriek iraultza handia eragin diote sektore askori, eta ia ezinezko gertatzen da, zentzu horretan, etorkizuneko lanbideak zehaztea; esaten baita, izatez, etorriko diren ofizio gehienak ezagutzerik ez dagoela.

Naturala den gisaz, ofizio asko desagertu da, beste asko eraldatu eta egokitu, ez da fenomeno berria. Egokitzapen gaitasuna ezinbesteko baldintza da betiko. Lanbideen behin-betikotasuna, gainera, utopia samarra izanen omen da, proiektuei lotutako lanaldi jakineko postuak izanen baitira, sarri, nagusi.

"Gero eta konplexuagoa den mundu batean, bere existentzian zehar hainbat lanbide izaten behartua izan baitaiteke gizabanako oro, bizitza osoan ikasten segitzea ezinbestekoa da” (Peter Drucker). Ikasteari ezin zaio, beraz, utzi (baina talentu eta lehiakortasun senik gabe, sortu eta eraberritzeko gaitasunik gabe, jai dugula dirudi; kasu!).


Mojak itaundutako haur hura, gerora, feniziarrak eurak baino merkatari hobea izan da, beharrak ekarritako ogibide hartatik dohaina etorri baitzitzaion, eta ondotik, zaletasuna. Kontuan hartu beharko dugu, bada, Aristotelesek aspaldixko iragarritakoa: “zure talentuak eta munduaren beharrak gurutzatzen diren horretan dago zure bokazioa”. Agian gauzak ez dira hainbeste aldatu.

2015-02-28

Ikusi makusi

Mundua, orain arte, bitan banatzen zen, edo hala uste genuen: onak eta gaiztoak; errealistak eta ameslariak; zoriontsuak eta zoritxarrekoak; agintariak eta menekoak; kortxoak eta plomuak; astakirtenak eta ez-astakirtenak. Ostiralaz geroz, baina, mundua “ikusteko” eta banatzeko modua koloreek zehaztu dute. A zer zalaparta koloreen kontura. Soineko batek du errua (edo haren jabeak). Orain, urdin-beltzazaleak edo zuri-urrezaleak gara. Delako jantziak bitan banatu gaitu gizabanakoak.

Izatez, lagunen mahai-buelta batean, ostiralean berean, batzuk eta besteak gaudela konprobatu nuen, eta estresa ere sumatu nuen. Tarteka halako uholde-eztabaidak sortzen baitira.

Garbi da ezberdin “ikusten” dugula. Ezberdinak garelako. Oro har, zaila da esplikatzen zer den zehazki ikusten duguna. Edo besteak zer ikusten duen asmatzea. Gure genetikaren, erreferenteen, hezkuntzaren eta entrenamenduaren arabera egiten dugu. Jakintza maila ezberdina baitugu denek ere, eta harekin mugitzen gara munduan. Zentzuek aurretiko informazioaren arabera funtzionatzen dute. Testuinguruak datuak eralda ditzake gure baitan. Sentsibilitate mailak eta motak, ere, ez ditugu berak.

Orain urte batzuk, gogoak ekarri dit pasadizoa, dantza talde gisa egin ditugun bidaietako batean, gauza bitxia gertatu zitzaigun. Hamaika tramankulu, arropa, kutxa eta fardelekin kokatu ginen aireportuan. Gauza asko genuen fakturatzeko, baina beste batzuk, ahal zela, gurekin batera igo nahi genituen hegazkinean, hondatuko zituzten beldur (eta esperientzia) handia baikenuen. Hala, akordeoia izorra ez zedin, motxila berezi eta handi samarrean prestatu eta taldeko mutil azkarrenetako bati bizkarrean hartzeko eskatu genion, disimuluz desfilatzeko erregutuz. Hantxe ginen, gauzak eskanerretik pasatzeko zorian, denak urduri, musika-tresna pasatzen utziko ote ziguten, ez baitzen txikia. Botoidun akordeoiaren hezurdura pantailan ikusten hasi ginen denak; tentsioak hoztu gintuen.

Halako batean, une kritikoenean, polizia andreak esan zuen irribarre atseginez:
- Bai idazmakina polita!

Idazmakina! Musika-notak “idazteko” tresna! Zoragarri etorri zitzaigun ikuspegi edo begirada diferente hura, modu hartan, gailuaren neurria edo/eta izaera eskuko ekipaje gisa eramateko egokitzat baloratu baitzuen andre hark, eta gure helburua lortu ahal izan baikenuen.

“Eta, mundu traidore honetan, ezer ez da egia, ezer gezur: begiratzen den kristalaren kolorearen araberakoa da dena”. Hala zioen Campoamor poetak. Ikuspegiak, interpretazioak eta soak. Subjektibitatea ezinbestekoa zaigulako, balio aldagaitzik ez dagoelako. Norberak nahi duena ikusten duela izanen da, finean. 

Ikusi makusi, zer ikusi?


2015-02-17

Ahal dugu edo aditz moduen misterioa

“Orain afera ez da euskaldun, errioxar ala aragoiar egiten garen eztabaidatzea. Edota jotak kantatu edo Nafarroa osoan euskaraz hitz egin behar ote dugun. Orain lehentasun handienen alde egin behar dugu; lanaren, osasun unibertsalaren eta gizarte zerbitzuen alde borrokatu behar dugu”.

Halaxe dio Ahal dugu alderdiak berriki zabaldu duen kartel more batek (itzulpena neronek). Euskaldun egitearen kontzeptutik hasi eta lehentasun handienen kontu horrekin segi, zenbat gauza hain lerro gutxian! Alda dezagun berokia, zer axola dio? Ez da, ba, hain ezberdina izanen errioxar edo euskaldun izatea. Gurea meritua; halako tentelkeriekin denbora galtzea ere…!

“Nafar guztion aniztasunaren eta ahalduntzearen alde, Nafarroa osoaren bertebratzearen alde. Erabaki zure lehentasunak”. Dio.

Gure lehentasunak zeintzuk diren erabakiak geundelakoan, baina tira. Aspaldi da lehentasunak aldarazi dizkigutela eta besteen lehentasunak inposatu zaizkigula; gure geure iparrorratzik ez dezakegu erabil. Orain bertebratu edo egituratu behar omen gaituzte; klaro, lehen desbertebratu gintuzten (gogotik, gainera), eta orain puzzle-joko nardagarriarekin gora eta behera. Puzzlearekin lortu beharreko irudia zein da?

Eta gainera ahaldundu nahi gaituzte (hitzak ongi ematen die, bidenabar) justu kontrakoa egin zaigun herri honi, bueltan, ahalduntzearen ideia saldu. Irakurketa bikoitzez jositako sasi-kartel anakronikoa ezin ironiarik gabe ulertu. Ahal dugu edo badezakegu, baina ez dugu nahi.

“Ez zaitezte joan, ez dugu inor galdu nahi” bota zuen Katalunian ere alderdi honen idazkari nagusiak lehen aldiz eman zuen mitinean. Gauzei ezin zaie duten izenaz baino deitu, ez bagara literatura egiten ari bederen, eta ez da komeni jendea gutxiestea. Irrigarria da anbiguotasun ahul eta trakets horiei eustea. Gauzak honela, ore bateko, bereko opilak dira, beste behin. Katalunian eta hemen.

Hara non, gainera, gurera berriz, Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariarekin bat eginen duen alderdi honek bere oinarrizko filosofia batetan. Hala bota baitzuen beste honek egun batzuk lehenago: “Ez dugu zertan espainol guztiek flamenkoa dantzatu, ez eta nafar guztiek euskara ikasi”.

Herri honetan indikatiboan bizi ginen, zuka, hika eta berorika. Agintera ekarri ziguten bortxaz, tarteka subjuntibo apal bat erabiliz, leungarri-edo. Orain ahalera proposatzen zaigu, baina baldintza handiak ezarriz. Hara. Ahal dugu-n bezala gaude, ez nahi dugun bezala.

2015-02-01

Pilak jarri

Aitak semeari serio antzean: “pilak jarri beharko dituk, motel!”. Eta semeak burumakur puztu batez erantzun: “bai, pilak jarriko ditut”. Ondotik, irakaslearekin egiten ari ziren bilera bukatutzat eman eta halako uste oso batez alde egin zuten ikastetxetik. Orain gutti kontatu dit irakaskide batek pasadizoa, eta egia esan, ez zaigu arrotza pilen kontu hau, sakonean duen gogoeta bera bezala.

Egin beharrekoa egin ez denean, pilak jarri behar omen ditu batek. Ez dakigu non edo nola. Nik horretarako zulorik ez dut, edo ez dut aurkitu. Bilatzea ere ez zait tokatu. Gainera ez dakit handi horietarik behar diren, ala bestela, ttiki, finago horiek. Ez litzateke hobe norbere energia berriztagarri, garbi eta ekologikoa erabiltzea pilen kutsagarritasuna sustatzea baino? Iradokizuna.

Baina nonbait, pilak jarri behar ditut esatea eta asumitzea da gakoa, adibidez, suspentso zaku bat jasotzen denean. Magia da. Hori esan eta norbere baitan aldaketak sumatzen dira bat-batean; serioago jartzen, zentratuago, kontzientziatuago; derrepente heldu-arduratsu aldartea hartzen da, aizu.

Ikasleen ofizioaz ari naiz, nerabeen ogibideaz, baina beste edozein roletan bizi den jokamoldea da, agidanez. Ez dakit, ba, garai berriek ekarriko zuten modazko erdal kalko itsusi hau, halako formula bat zamak sorbaldatik arintzeko. Agian betikoa da baliabidea, besterik gabe. Baina ez dut gure gurasoen belaunaldia irudikatzen halako esapidea gure aitatxi-amatxiekin konpartitzen; ez bazen “Egon hadi lo!” edo “Espabilatu hadi!”… bezalako bat. Egin beharrekoa egin ez denean, “zuk ikus” begirada zorrotz baten laguntzarekin arruntagoa ez ote den…

Ardurak besteretzeko edo beste norbaiti egokitu eta zamatzeko joera badago, noski. Eta kasu askotan, babes handia duen haurrak, bere ordez eginen duten konbentzimenduaz, estrategiak ongi maneiatzen ditu eta hala, ongi ikasi du lezioa: pilak jarri beharrean nago, bai (emadazu bakea). Eta etxekoak, zenbaitetan, esapidearekin ongi kokatzen dira. Lasaitua hartzen dute.

Gogora dakarkit Axularrek 1643an argitara eman zuen Gero lan didaktikoan bildutakoa. Apaizak eginbeharraren zuzentasunean hezi nahi izan zuen irakurlea, erlijioaren betebeharrak egin gabe uzteak eta arimaren erreinutik aldentzeak ekar zezakeen arriskuaz ohartarazi nahi izan zuen kristaua. Hala dio liburuaren hitzaurrean berean: “(…) emaiten da aditzera zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak”, hau da, gerotik gerora ibiltzeko joerak.

Aldeak alde, eta erlijioaren plazatik urrun, pilak jarri behar ditut esan duen horrek, sarritan gero esan duela apustu eginen nuke, alegia, bego. Gerotik gerora, edo pilak jarri.


2015-01-18

Adierazpen zer?

Delako adierazpen askatasunarekin bueltaka nabil egunotan. Entzuten eta irakurtzen dudan guztiaren harira galdera bera datorkit etengabe gogora: Frantzia bezalako herrialde bateko buruek adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioa?

Parisko gertakizunaren erraietan sakondu gabe (eta gaiaren azterketarik ere egin gabe), adierazpen askatasunaren kontura halako kontraesan batek errefusa sortzen dio edonori. Ez gara herri bakarra adierazpen askatasuna ebatsia duena, baina ongi ezagutzen dugu adierazpen askatasunaren garestia; ohituta gaude utopia horren dantza antzura.

Adierazpen askatasuna ez baita bera batzuena eta besteena. Batzuek adierazpena egin orduko galtzen dute askatasuna. Besteek, aldiz, aho ahaldunek, negozioa dute eufemismoarekin eta etekina manipulazioarekin. Mugarik ez, haiengan, legearen babesaz estaltzen baita adierazpen bakoitzaren egiazko eta ezkutuko asmoa.

Adierazpen askatasunarena iruzurra da (ez bada gure egongela edo sukaldean praktikatzeko, eta sobera ozen ez badugu egiten). Izan ere, “Adierazpen askatasuna jendeak aditu nahi ez duena esatea da” esan zuen Animal Farm lanaren idazle zen George Orwell-ek. Eta esan eta irauli behar ez direnak ongi kontrolatu behar dituenez botereak, adierazpen askatasuna deserosoa zaio oso. Ez hori bakarrik, irizpide askea etsaia du.

Zentzu horretan, politikoki zuzenak izaten ohitu nahi izan du jendartea. Aita Santuak ere esan du adierazpen askatasunak mugak dituela. Jakin dezagun. Hori teknikoki ezinezkoa bada ere, praktikan hala bizitzen ohituak gara; etengabeko mugekin. Eta gaurko bitartekoei esker iritzi askeko garela senti dezakegun arren, gero eta kontrol handiagoa dugu, gero eta zigortuagoa dago gizabidea, gero eta neurri eta lege murriztaile gehiago daukagu, eta nahi dugun hori ezin dugu nonahi, nolanahi, nornahiri esan.

Eta hori egunerokora iragan da, gutako norbait adierazpen askatasun purua praktikan jartzen ausartzen bada, zentsura ere egiten diogu baten batek: “zer ari zara?/ Zaude isilik!/ ez esan halakorik!/Ixo! Arraro begiratzen gaituzte/…”.

Hasierako gogoetari helduz, eta baten batek ongi esan zuen gisaz, pentsamendu askatasunik gabe, adierazpen askatasunak ez du ezertarako balio. Eztabaidak parametro jakin batzuetan koka ditzagun bideratzen gaituzte, eta hori askatasuna bailitzan jardun gaitezen animatzen gaituzte, baina marra pasatu gabe. Gogora datorkit ironia sinple baina argi hura: “Niri ez dit inork esaten zer egin behar dudan. Neronek bakarrik ondorioztatu dut”.


2014-12-07

Mendiak bete elurrez

Hala du izena Arizkungo Francisca Irigoieni Azkuek jasotako kantak. “Mendiak bete elurrez, begitartea nigarrez, lan eginez urriki dut baina probetxurikan ez, orai hemen bizi naiz, sabeleko minez” amodio-minari egindako kanta epela.

Elurra agertu da mendialdean. Eta mendia elurrez bete denean ospatzen dugu, atseginez hartzen dugu. Elurrak halako zeremonia bat eskatzen du, eta berezi bihurtzen ditu belagai, bidezidor, kale eta etxarteak. Nolabaiteko tregoa galdegiten dio egunerokoari. Elurra handi delarik, ohiko erritmoa aldatzen da, aldarazten digu. Elurra ausaz delarik, pausa gaitezen iradokitzen digu, eta, zilegi ikusten dugu proposamena, goxo jasotzen dugu mezua.

Maite dugu elurra, elur bustia, lainoa, hotza. Usaitzen dugu gaurgero. Sarri gustuz hartuko dugu elurra mara-mara. Gilboka eta matazaka, paupaka, zapa-zapa. Ama-elurra jaso izan du hainbat kulturak bere mitologia eta sinesmenetan, Japoneko Elurretako Anderea kasu, edo literatura magikoan Grimm anaien ipuinak bestela, Frau Holle izenekoa. Sujerentzia handia da ur zuria han eta hemen.

Eta elurra etortzear dela, gure gorputza ohartzen da, jabetzen da, sumatzen du badatorrela. Nonbait, nahasten omen gaitu eta nabaritzen zaigula esan izan zaigu beti etxean, batez ere umeak ginela, harrotzen omen ginen nabarmen.

Elur urtea, urte ona dela dio erranak, uzta hobeak ahalbidetzen baititu landutako lurra heze gordez, esate baterako. Baina elurrak dena on ez dakar eta beldurrak ere sortu ditu, antzina, batik bat. Arizkunen berean jaso zuen Mariano Izetak “Elur melur, ez diegu hire beldur, badiegu etxean arto eta egur”. Gaur, bizimodu aldaketagatik, bestelako eragozpenak sor ditzake, baina beldur handirik zentzu horretan, ez. Aitzitik, ederki aski baliatu dugu jolas, kirol eta aisia ukanez, gure probetxu bihurtuz. Beste elur klase bat ez ote den hori…

“Edurra! begion poza! Leioan nago ikusten. Gogoaiak, maro antzean, gogoa dauste estalduten. (…) Edurra ari da tai gabe; naiko da, noan barrura. Su-ondoan eserita, amets zarrak barri dira”. Edurra danean izenez eman zuen poema hau Juan Anjel Etxebarria idazle bizkaitarrak 1967an. “Edurra nare jausten da; suak geldi igoten dau, bioi begira nagola gogo-pakeak artzen nau. (…) Neguko eguraldia, etxean dogun beroa!, Mendian edur zuria, gogoan amets gozoa”. 

Mendiak bete elurrez.