Euskara etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Euskara etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016-03-05

Txingoka

Hizkuntza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko etengabeko justifikazioan bizi gara, halako aspergura pisu batekin. Iruñeko eta Nafarroako udal eta gobernu berriei ez zaie matrakarik falta, batik bat, euskararen eskubideak duintzeko aurrerapausoan. Haur-eskolak direla, hezkuntzako lan eskaintza publikoa dela, administrazioko lanpostuetako euskararen eskakizunaren errebisioa dela… dena bihurtu da sugar.

Euskara desagerrarazteko estrategia historikoak deuseztatu eta egoera normalago baterantz ematen ari da pausorik Iruñea, eta Nafarroa, baina bistan da ez zaiela erraza izanen bidea. Euskararen herriak hori baitu halabehar, zatikatuta dagoen probintzia, erkidego, departamendu edo herrialdea zeinahi den. Hain da neurriz kanpoko egoera, gaztelania baztertzen ari dela entzun behar izatea zitalkeria iruditzen zaiguna. Eta zitalkeria horiek ez dira doakoak, instituzionalizatu direlako, normalizatu, naturalizatu, eta jendartea azkenean, haiei egokitzen zaie, nekeza delako, oso, hizkuntzen politika-talka hau.

Eta bai, hizkuntzak kontu politikoa dira, noski, gaztelania bera, adibidez, hasteko eta behin. Orain euskara inposatzen ari garela esaten zaigunean, ezinezkoa egiten zait gure aitona-amonen bizitza gogotik aldentzea. Nafarrak eta euskaldun elebakarrak biak, aitonak gerra frontean ikasi behar izan zuen erdara. Hori baino inposizio handiagorik ba ote den.

Euskararen alde egiten den edozein urrats gaizki ikusiko dute hizkuntza bera bizi dadin nahi ez duten horiek (bitrina hitza etengabe aipatzen dute). Gure azalpenak ez dituzte nahi, ez dituzte sekula aski, gure artean entzun baitut haiendako eta haiekiko pedagogia falta izan dugula. Beti esan izan da maite gaituenak ez duela gure azalpenik behar, maite ez gaituenak ez dituela nahi, eta kaikuak, zuzenean, ez dituela ulertzen. Coelhok ildo beretik, “ez galdu zure denbora azalpenak ematen; jendeak entzun nahi duena entzuten du soilik”.

Hau dena kontuan hartuz, justifikazioaren mokokaldian ezin hobeki zaigu Julio Cortázarren irakaspena Rayuelan: “Esplikazioa, ongi jantzitako akatsa da”. Eta horren antzik hartu aitzin, egin dezagun aurrera “ergelen elkarrizketa”tan erori gabe. Egiazko elkar aditzea beste zerbait delako.


2015-12-13

Casadetejas

Orain urte batzuk modan jarri zen abizenen armarria bilatu eta koadro elegantean jartzen zutenekoa. Genealogia eta heraldika zaletasun batek bultzatuta, etxe ugaritan aurkitzen ahal da abizen bakoitzaren balizko armarri eta ustezko jatorria ematen duen agiririk.

Arrakastaren garai hartan, halako enpresa baten postuaren aitzinean suertatu nintzen behin, salerosgune handi batean erosketak egitetik ateratzerakoan. “Kontxo, ikus dezagun zer dioten nere abizenaz”. “Telletxea. Bai, idatziko dizut, bai, abizen hauek bestela, ezin ulertuak dira eta” neronek aurreratu nion ditxosozko komentario kolonizatzailea. “Barka, datu-basean ez da ageri abizen hori”. Ajam. Artxibo hura, batek daki zer fidagarritasunarekin osatua, berehala neurtu nuen. “Ez da existitzen” bota zidan aurpegiko keinukera batere aldatu gabe. Banekien ez nuela asmatu galdetzera joanez. “A, zaude momentu batean, bai, aurkitu dut zerbait: Galiziakoa da abizena”. Irribarre pozoitu bat dedikatu nion gorbatadun gizonari eta alde egin nuen nere abizen galegoa ezpainetan gorpuztuz. Urrikitu nintzen.

“T de Toledo, e de España, l de Lugo, l de Lugo, e de España, t de Toledo, x... e de España, a de Almería”. Horra, telefonista batek atzo, zerbitzu bat eskatzen ari nintzela, nire abizena ongi apuntatua zuela ziurtatzeko argi eta abiaduraz bota zidana. Abizena esan bainion eta ezintasunean, letreiatzeko eskatu zidan, eta gero hark berriz itzuli. Baitezpadako lotura patriotiko hark oharmena instant batez ataskatu zidan. Gauzak garbi, ze arraio, abizen honen inizialak ongi iltzatu beharrak zeuden espainiar egurrean, nola edo hala (ez zitekeen, ba, Tafallako t, Elorrioko e, Lazkaoko l... izan!).

Telefono zenbaki bat gogoratzen ez eta, garaiko telefoniako informazio zerbitzu haietako batera deitu zuenarena datorkit gogora. Iruñeko Herriko Tabernako zenbakia emanen ote zion eskatu zion telefonistari, eta zerbitzu emaleak bota: “Rico Taberna; ¿y de nombre?”.


Ba halaxe. Casadetejas politagoa iruditzen hasia zait honezkero. Gainera, ez nuke inon letreiatu beharko eta galegoa dela esanen balidate, ez nintzateke asebeteko. Dena errazago!

2015-11-14

Salsipuedes

Hiria lasai, isil eta geldo zegoen halako siesta-ordu batean paseoan ginen lainoari pultsua irabazia zioten eguzki izpiek lausengatzen zuten alde zaharrean barna. Iruñea biziki eder dago egunotan. Udazken koloretan. Hosto-alfonbratan. Argi-itzal jokoetan.

Zaldi Zuriaren ostatuaren aitzinetik hirigunera bidean mantso, elkarrizketa lasaigarri batean kontzentraturik, moja bat ikusi genuen pareko eraikineko metalezko ate haundi eta hotz bat zabaltzen; Karmeldar Oinutsen komentuko zuriz jantzitako moja zen. Karrikara begira hasi zen, norbaiten bila bezala. Distantzia egokian ginen diskrezioz eta ia borondaterik gabe behatzeko gisan.

Burua ateratzen zuen, lotsati, berriz pausoa atzera, baina ez zen etxeratzen, kanpoari so zen aiduru. Minutu batzuk pasatu ziren horrela. Kontenplaziozko bizitza duen erlijio erakundea omen da etxe horretako kideen filosofia. Eta hala ari zen, iduriz, erlijiosoa; kontenplatzen.

-Nik ere badakit.
Pausoa airean izoztuz, kolpetik gelditu genuen gure martxa atearen parean.
-Nola, barkatu?
Gorputzak aterantz biratu genituen.
-Nik ere badakit euskaraz.
-Euskalduna zara!
-Bai, bai.
-Eta… euskaraz egiten duzu maiz?
-Bah… Hemen ez dakite batere.

Begietara begiratzeko lotsaz zen adin handiko andrea. Ez genekien zuzena ote zen galdera gehiago egitea, urduri zegoen, inkiet. Halako aitortza keinu unibertsal batekin, hantxe utzi genuen moja.

Ez zuen aterik itxi. Begiekin kanpoak eskaintzen ziona arrapaladan hartu nahi zuen, informazio gehiegi balitzaio, baina haren egarri balitz. Esku urduriak ateari tinko eusten zion, nolabaiteko botere ttiki bat sentituko balu bezala, emozioak eskapo balitzaizkio.

Moja hark kanpora atera nahi zuen, baina ezin. Bazterreko ate hura hautatua zuen munduari begiratzeko istant batez, bihurriki (ezin dutela jakinki), eta hara non, munduari begira, euskararekin egin zuen topo.

Salsipuedes kalean du atari nagusia komentuak. Horra metafora garratza klausurako komentuari, eta mojari berari. Eta bide batez, nola ez, euskarari. Ez dakiola, azken honi, patuzko izena izan, otoi(tz)!

*Argazkia: Martin Iraburu

2015-10-17

Zer buruzagi, zer Campion!

Astebete joan da Joxemiel Bidador pastorala Iruñean taularatu zenetik. Aunitz erran da hartaz, ongi iragarri da bere berri, ausarki eman da haren gaineko notizia. Nori okurritu zaio egitea pastorala?

Halako egitasmorik abiarazi den lehen aldia ez da, ez eta azkena izanen ere, eta beharrik ekimenaren ziztak ez duen umezurtz utzi herri hau, gure bizitzeko nahiak gaurkoz aurrera egin du eta.

Burguen plazan ikusgai aritu ginen horiez gain jende asko aritu da itzal lanetan. Mugarik gabeko borondatea aditu da hastapenetik eta horrek zirraratu gaitu, deblauki. Herrigintzaren adierarik osoena izan da hainbertze hilabetez bizitu duguna, auzolanean uxatu baitugu betiko agorraldia. Hainbat taldetako kideak bildu gara arrazoia aski sendo sentiturik, eta, garbi da Joxemiel, hau hozitu duten zure lagunek hagitz maite zaituztela: zure oroimena errespetu eta miresmen eredugarriaz agertu dute eta denok harrapatu gaitu argi horrek; ezin gintezke engaina!

Larunbatean lanak izan genituen emozioei eusteko, lehen kantuaz batera agertu ziren publikoaren malkoek zeharo ebatsi ziguten kuraia. Emankizun osoan zehar izan zen isiltasunak osoki galdegin zuen gure esker ona. Oroz gainetik, jendearen beroa izan zen (eta da) plazer handiena, izan ere, pastoralak izan zezakeen balio artistikoaz gaindi, benetakotasun izaerarik hartu baitzuen halako euforia kolektibo ttiki bat istant batez sortuz. Euskararen sendabidean hainbeste bidezidor, arauari ez gakizkion inoiz euskaldunak zor, betiereko lan militante honek mereziko baitu tartekako bizipozik!

Jaun Merak, hala, Andre Presidentari larri zerbait egin beharko da euskaldunak gelditzeko, eta bazterretik Perpetua Saraguetak tinko zinez dugu garaitu, Iruñerriko paisaia euskaraz baitugu blaitu. Eta egiazki, arratsalde hartan kolore hori hartu zuen Iruñeko paisaiak. Nafarroako garai politiko berriak, gainera, arnas esperantzazko bat eman nahi izan zion emankizunari, euskarak bere tokia berreskuratuko dueneko metafora jokatuz sentitu ginen denak.

Beraz, aitzina segi dezagun adibide hau bitarte, elkarrekilan arituz Iruñea (berriz) euskaldundu arte. Andere tertulianoa, entzun: Gora Iruñeko euskaldunak, gora hiri buruzagia!

 
Iñaki Zuasti


I. Zuasti


I. Zuasti

2015-06-07

Bota

Aurten Nafarroan, eta martxa ez bada halako maldizioren batengatik okertzen, alkate eta lehendakari berriekin ez ditugu inolaz ere aitzinekoak faltan botako, duda! Zerumuga ederra bistaratzen zaigu udaberri justiziazko honetan; historikoa izanen da. Faltan izan dugu halako notiziarik aspaldian. Bejondeiola, zinez, euskarari, hasteko eta behin; alkate eta lehendakari euskaldunak baldin baditu Nafarroak, babesa eta aitortza berreskuratuko dituen esperantza dugu askok, aginte berriak hizkuntzari esku bat botako dion desioz, edo hobeki esanda, lagunduko dion itxaropenaz.

Hauteskundeen osteko aste hauetan egunero botatzen diogu begirada bat egunkarien lehen orrialdeei, ditxosozko aldaketa bermezko abian ari ote den ikasteko. Begirada bat ematen diogu, esan nahi dugu, edo begiratua egiten; batzuek zorrotzago, besteek lasaiago, gizarteko hamaika sektoreren erreakzioak nolakoak diren neurtzeko, agintea galdu berri duen txiringitogabetutako jendajearen adierazpenek zenbateko irrigura ematen diguten konprobatzeko.

Sustraiak ederki botata zeuden agintaldi zaharrekoak, ongi lekutuak haien eserleku eta besaulkietan, baina orain haize berria errotuko da, haize berriak eginen ditu sustraiak. Amorrazioak ez die utziko lasai alde egiten eta lantza zorroztuarekin biziko dira, bizi direno. Noizbait ailegatu beharra baitzuen eskubideen lehengoratzeak. Inoiz ez dugu siesta botatzeko adinako lasaitasun erabatekorik izan herri honetan, deskuidatuz gero sorpresa berria izaten baikenuen; oraino ere, siesta egiteko edo lo kuluxka egiteko asti handirik ez dago, aro berriari behar bezala erantzun nahi bazaio.

Bide berriari ekiteko, beraz, gasolina bota beharko diogu autoari, autobidearen erdian ez gaitezen erregairik, alegia, energiarik gabe geldi. Gasolina botatzea baino, aski dugu hartzea, badaezpada; ez gaude eta, deus alferrikaltzeko, deus botatzeko. Ez eta poteak ere, sarri zerbait ospatu behar badugu, ez dugu tragoa botako, hartuko baino!

Lagun berriak bota genitzake (hots, egin), partidak batzuk botatzen ahal ditugu haiekin (esan nahi baita, jokatu), ondorioz irri batzuk botako ditugu, edo esan dezagun irriak egingo etorkizun berria marrazteko bidaian.


Hona: gaztelaniak gauza asko botatzen ditu, baina euskarak ez du zertan. Aditzaren baitako ekintzak zerikusirik ba ote duen hizkuntzaz gaindi diren joerekin… galdera ona litzateke hausnarketarako. Nonbaitetik etorriko zaio, ba, hainbeste gauza botatzeko beharra. Guk hala, gurera ekarri ditugu molde berak eta ausaz entzuten ditugu arestian aipatu bezalakoak, hainbat kalko edo erdarakada erabat erroturik ditugulako euskal hiztunok gure hizketan (ni neu barne, zalantzarik gabe). Bota aditza ohikoegi bihurtu dugu. Eta jasotzeko garaia dela esan genezake. Hartzeko, emateko, egiteko.

2014-11-09

Sasian txoriak

"¿De dónde vienes?" Galdetu zion maisuak berandu zetorren ikasleari. 

"Señor maestro: txoria visto, harria tirado, hanken pegado, salto eta salto, sasian entrado, bila eta bila, denbora pasado!" 

Halaxe bota omen zion eskolako atarian erdaraz moldatzen ez zen mutikoak. Goizuetako lankide batek ibili du istorio hau ahotan aste honetan, amak etxean beti kontatzen zien, nonbait. Eta gu zazpi belarriz egon gatzaizkio.

Kontakizunaren eta hitz jolasaren samurtasuna, baina, berehala lausotzen da beste begi batzuekin begiratzen badiogu. Gaztelaniaz egiten behartua zen haur baten solasa da. Aspaldiko kontua da, noski, gaur gutxi entzuten da halakorik, ederki aski planifikatua baitago gaztelaniaz zoragarri ikasteko armiarma sare sendoa. Erran bezala, kode aldaketa eskolan bortxaz sustatu zutenekoaz ari garela ondoriozta daiteke erraz.

Honek, denboran saltoa egin eta, azken asteetan Nafarroako Hezkuntza Kontseilariak botatakoen katalogoa ekarri dit gogora. Subliminalki, gugan dira haren ziztadak. Zer baino zer zentzugabeago. Batetik, hizkuntzaren zonifikazioarekin euskarak aurrerapauso handiak izan dituela esan du, eta aldi berean, hau ezabatzea eredu nazionalista inposatzea izanen litzatekeela. Bestetik, PAI ereduaren porrota makillatzen saiatu da, euskararen kontra gorpuztutakoa salbatzeko ahalegin duingabean. Lehendik ere, errealitate instituzionala ez errespetatzeagatik onargarriak ez ziren hogeitaka testuliburu erretiratzeko agindua eman zuen. Eta abar. Dena amorrazio beraren harira.

Besterik ezean azak jan behar izan baititugu aspaldian. Eta (antzina hasitako) kolonizazio linguistikoaren fakturak ordaintzen segitzen dugu, edozein dela erabaki, adierazpen, arau edo legea. Hori da auziaren iltzea. Haiena ez baita inposizioa. Haiena ez baita nazionalismoa. Ongi irakatsiak dira eta nola ez, dagokiguna eskatu eta berreskuratzen hasteak urduri jartzen du Nafarroako Gobernua. Ez darabilte koplarik, egunez egun erakusten dute.

Honela, herrikide egiten gaituen hizkuntzari oinarrizko eskubidea kendu zaion neurrian, kontuan hartu beharko genuke euskaldun guztion, euskal herritar guztion kezka behar litzatekeela hemengo edo horko edozein urraketa, orain aipatutakoak Nafarroan jazoak badira ere. Eta segituko du jazarpenak. Ze bidegabea hizkuntza hori gorroto duenak hura kudeatzeko eskumena izatea!

Gaztetxoak esan zuen txoria sasian sartu omen zela hura harrapatu nahian zebilela. Sasi gehiegi bestela ere. Eta esaerak dio: “sasi handian, xori aunitz”. Hemen txoriak baino, txoriburuak ditugu pilaka.


2014-09-29

Conquislur

Han ari dira lesakar bat, aranztar bat eta oronoztar bat Bertizaranako zelaixka batean elkarri erdaraz (…).

Txiste baten hasiera lirudike. Euskaldun peto-petoak elkarri gaztelaniaz egiten behartuak. Honela formulatua gogorra gertatzen da, baina hala da teknikoki. ETBko bigarren kateko programa batean ari dira aipatutako lagunak lehiakide eta aurkezle, Conquistourren, hain justu.

Ez naiz programa horren jarraitzaile, hartaz azkarki entzuten dudan arren, baina halako txiripa batez joan den igande gauean zati luze samarra ikusia nago. Bi talde lehian. Taldeetako bat euskaldunago-edo, osatu dute. Eta lanak dituzte erdaraz aritzeko. Etengabe euskarara jotzen dute (ezin bertzela!), eta orduan aurkezleak sustapen lana egiten du erdaraz errepika dezaten esandakoa. Bitartean bigarren taldekoak trufaka, “baserritar hauek ez moldatzen!” eta halakoak algaraz botaz. “Probak gaztelaniaz esplikatzen badizkiete ez dute tutik ulertuko!” diote halako batean irri artean.

Eta lehen erreakzioa irriarena da normalki, denek ere bizitu dugu antzeko egoerarik, baina joan den igandekoak bereziki izorratu nau. Publikoki zabaltzeak badu beste dimentsio kezkagarri bat. Erdaraz moldatzen ez den euskaldunaz irri egiten dugu (guk probokatutako egoeretan gainera), gure herrikideak irrigarri agertu nahi ditugu gure hizkuntza zanpatzen duen lengoaia bat ez dutelako trebeki maneiatzen. Popatik!

Halako egoerak guretzat ez dira doakoak; hiztun-komunitatean ondorio zuzenak dituzte. Gure hizkuntza-ohiturak (arrazoi asko dela medio) ez dira nahi genukeena bezain osasuntsuak eta gaztelaniaren eragin eta kutsaduraz nahiko aseak gaude honezkero. Euskaldunon artean erdaraz aritzen behartzen badugu gure burua (inongo beharrik ez dagoelarik!), soberan dugun gaztelaniaren sustapen lana areagotzen ari gara. Badakigu ohiturak hartzen direlarik zein zaila den gero haiek bazter uztea, eta guk ez dugu deus galtzen ahal.

Telebista “nazional” propiorik izan nahi badugu (zuhurtasunez mintza nadin), nazio horren hizkuntzarekiko errespetua, lehenik, eta kudeaketa ona, gero, izan beharko lituzke; plangintza linguistiko babeslea behar dugu, izatez ere hizkuntza txiki eta txikiagotua dugula kontuan hartuz. Gerorrek ez badugu sinesten euskarak telebistako saio bat egiteko balio dezakeenik, akabo. Eta gaur den egun baditugu moduak ondorioak saihesteko, arduragabeko jokaerak galaraziz.

Eta berriz ere, nola gustatzen zaigun estereotipoak puztea, menditar zakarraren irudia barreiatzea, 8 apellidos vascosen gidoia oharkabean berridaztea. Egiazki, Conquistour izena ezin hobeki jarrita eman dezake; etengabe konkistan bizi(ko) den lurra dirudigulako, alegia, Conquislur. Ez ahantz hizkuntza dela konkisten tresnarik eraginkorrena.

2014-03-25

Arre chacorra çey de gueçu

Aste honetan harat-honat bidali da aspaldixko publikatu zen inkesta baten berri. Euskara omen da munduko hizkuntzarik zailena; Erresuma Batuko enbaxadore eta nazioarteko ordezkariek bildutako datuekin egin zuten azterketa. Minutu erdi merezi ez duen kontuak gogorazten dit zein erraz sartzen gaituzten publizitate kanpaina horietan, gure artean aritzen baikara halakoei toki eman eta haien gainean eztabaidatzen. Titularra bi aldiz irakurrita, esan genezake, bai, munduko hizkuntza zailena dela; espainiar eta frantses Gobernuen “laguntzagatik” benetan hizkuntza zailena baita ikasteko, mintzatzeko eta sustatzeko.

Handik eta hemendik jaso eta bidaltzen den informazioaren dantza kaotiko horren baitan, eta euskara protagonista hartzen delarik, bada arretaz jasotzeko altxorrik. Oharkabean pasatzen direnak dira, seguru asko, gure begirada merezi dutenak, momentuan momentuko oihartzun handi eta hutsal horien aldean.

Lagun bati esker ezagutu ahal izan nuen honako kanta; Jançu Janto.

Jançu Janto dego de Garçigorreta
Jançu Janto dego de Garçigorra.
Arre chacorra çey de gueçu,
gavian da ni levari,
María Rroche çerca mora
en cantar viçerraco,
es naqui en Artajona
por do gurgurengoa,
pordo pasa Ochoa
candia jaroa pordo veroa
vero vero veroa
Estangurria rrico va.

Ikaragarri erakargarria da! Oharmenari euskara datorkion arren, ezin du xehatu behar bezala, ezta?

Jançu Jantok ez du egile ezagunik eta Cancionero de Palacio edo Cancionero Barbieri liburuan dago, Errege-erregina Katolikoen erregealdiari dagozkion kantak baititu (XVI. mende ingurukoak). Tartean, honen gisan, euskal arrastokorik badago, izatez ere, euskal konpositoreren baten obrarik baitago, Juan de Anchieta azpeitiarrarenak kasu. Batek daki nola ailegatuko zen kanta hau Gortera (euskaldun ugari ibiliko zen, seguruena, haren inguruan), baina garbi ageri du, itxura guztia baitu, bertako eskribauak deszifratu ezin zuen hura, euskaldun ez izateagatik, ahal izan zuen moduz transkribatu zuela. Formaz, hala, sailkaezina eta ulertezina da euskara eta erromantzearen nahasketa horrengatik.

Bada marinelen lan kanta baten bertsio polifonikoa dela dioenik, nahiz eta arraroa gertatzen den ulergaitz jasotako konposizio xume bat Gortean onartu izana. Edonola ere, itzulpen saiorik ere izan da, jatorrizko itxura zein izanen zuen bilatu nahirik. Hona saiakeretako bat.

“Jan zu, jango degu hegazti-gor eta…
jan zu, jango degu hegazti-gorra.
Arre, txakurra ez iñ degezu
gabian dabilenari
Maria Rotxe zerk amoraen
kantar bizerrako?
Ez nak ien Artajona,
ardo gurgurengoa,
ardo basotxoa, handikan jaroa;
ardo beroa,
bero, bero, beroa,
eztarri egarrikorra”.


Gauzak honela, garaiko eskribau (hala bazen) hark akaso Erresuma Batuko “ikertzaile” hauek esandakoa berretsiko zukeen, ezin konprenitu zuen solas hura dekodetzeko izerdi ederrak bota izanen zituelako. Edonola ere, hor bai ikerketa-gai polita adituentzako; kanta haiek guztiek, hitz zein doinu, guretik zer duten aztertzea. Eta ez munduko arraroenak nortzuk diren “estudiatzea”.

2013-12-08

Aditzak min

“Nor, nori, nork, baldintza eta subjuntibo, joder, baldintza eta subjuntibo joder, baldintza badakigu!” kantatzen zuen Gozategik duela urte mordoxka bat. Zenbat aldiz ez ote garen euskal aditzaren sistemarekin amorratu, unatu eta hartaz (edo harekin) trufa egin ere.

Iragan asteartean Euskararen Nazioarteko eguna izan baita, eta Euskarak 365 egun behar lituzkeenez, urteko edozein egunetan mamituriko hizkuntzarekiko ardura edo pena bat hona, ttikia izanagatik, gaurko egun arruntean.

EGA eskuratzeko azterketan agintera ez omen denez eskatzen, “zertarako ikasi?” egiten du aldarri ikasle arruntak. Eskoletan aitzakia erraza du, bestetik, “zertarako ikasi behar dugu hika? Ez da erabiltzen eta!”. Hitanoa dela, agintera dela, ahalera ditxosoa ere bai, tartean ergatiboarekin kontuz, aditz oinak, hipotetikotasuna eta sailak. Hel! Hori dena zertarako?

Alferkeriak deiturik, zailtasun punttu bat antzemanik, errazena ikasleentzat, ahal den neurrian, lanari eskapo egitea. Baina ez da edozein lan, ez da edozein ikaskizun. Oro har, ez zait iruditzen gainerako hizkuntzekin hainbesteko erresistentziarik agertzen denik, baina euskaran, denborak aurrera egin ahala, ez da erabiltzen izeneko mamua atzetik dugu eta harekin batera, ez du merezi ikastea.

Eta ikasleez haratago, helduak ere sumatu ditut (ez behin edo bitan bakarrik) aditza ikastearen kontrako, indarrak beste inon gastatu beharko genituzkeela defendatu nahi dudalarik. Metodologiak eztabaida genitzake, eta egungo ikasketa-sistemak asko luke aldatzeko, baina, hizkuntzaren atalak ikasteari uzten hastearen arriskua garrazki jasotzen dut, erabilpenaren aitzakia gupidagabearekin.

Esanen nuke hizkuntzaren jabekuntza funtzionaltasun akademiko gisa soilik ulertzen ari dela gero eta gehiago, berezko izaera-ikur izatetik urrutixko, eta orain, gainera, hezkuntzaren lege berria egoera okertzera datorrela garbi dago. Euskararen balioa eta duintasuna ulertarazi eta sentiaraztea nekeza izan bada (ingurune ez normalizatuetan), sarri lana zailduko zaigu; ikasleentzat ez da berdin izanen gaztelania edo euskara ikastea, batak balioko baitu titulua eskuratzeko, bigarrenak, ordea, ez.

Euskara irakasleok azkenaldian urdaila estu dugu, hala, aditz sistemaren beraren etorkizunaz gaindi (hutsalkeria badirudi ere), euskararen geroaz beldur garelako. Legeak babesturik, bazterkeria horrek gure hiztun potentzial berriak hartuko ditu, badakigu zein den erraza agintearen joerak eta moduak gure egitea.

Aditzak min ematen dio askori, baina niri neuri zenbait gauza aditzeak ematen dit min. 

2013-10-02

Geldialdi eskatua

Bere burua zuritu du esanez ez zuela intentzio txarrik. Ez dut publizitate handiegirik egiteko asmorik, ederki famatu baita bera bakarrik inoren laguntzarik gabe; beno, bai, espainolen aspaldiko errotiko higuina laguntza handia izan du, agidanez. 

Ezaguna egin da Ana Cabanillas kazetaria duela egun batzuk Diario de Navarran (lan egiten duen egunkarian, alegia) iritzi-artikulu bat eman duelako, “Un chino vaskito”. Idazkiaren lehen esaldia irakurtzearekin, gogoeta zintzurretik gora datorkio edonori. Interpretazio sakona (berr)egiteko aukera ematen digula esan behar nuen, baina asko inferitu beharrik ez dago andaluziar ausart honek mamitu duen ahalke gutxiko sasi-gutunetik; sobera garbia izan da bere agerkizunean, ez du hitzaren dohaina bera ere maneiatzerik izan sotilago eta eleganteago (erraza zen) agertzeko. Eta hitz horiei dariena, pentsamolde horrek agertzen duena, erretratu distiratsua da. 

Hizkuntza batenganako, eta hala, herri batenganako iraina eta erdeinua, ez da beti hain garbi ageri gure begietara. Neska honekin gure odol-errekak irakin lezake erraz, baina, oharkabean larriak ere badiren beste hamaika egoera bizitzen ditugu eta ez diegu kasu handirik egiten. Egunero egiten dugu topo hizkuntzen (gurearen nabarmen) errespetua zanpatzen duten jarrerekin; hasi eta, “ez noa musika-kontzertu horretara, ez baitakit euskaraz” esaten duen horrengan sumatzen den aurreiritzitik; segi eta, “ze mania duten euskaldun hauek euskaraz aritzeko!” dioen ustezko inozentearekin; “gaztelaniaz idatzi beharko zenuke denek uler dezagun” esaten duen, berez, asmo oneko harenarekin jarrai. “Bai zail egiten duzuen gero, gaztelaniaz hain erraz esan badaitezke gauzak!”, eguneroko menua denak. 

Aztergai dugunera gatozela, Aimery Picauden bertsio modernoa da kazetari hau, tamalez. Erromesak gutxienez, hitz zerrenda luzexeagoa ikasi zuen denbora tarte txikiagoan, hala jaso baitzituen ogi, arraiñ, etxea, iaona, andrea, elizera, gari, erregia, Iaona domne Iakue… eta ez geldialdi eskatua bakarrik. Eta hala, biek ere euskararenganako arbuio bera ageri dute; aspaldiko hark, “hitz egiten entzunen bazenitu, zakur zaunkariekin gogoratuko zinateke, hizkuntza barbaroa egiten baitute” idatzi baitzuen, eta XXI. mendeko beste honek, “lehen eta azken letra bereizten ahal ditut, ez eskatu gehiago; tartean zer dagoen? Alfabetoaren nahaste-borraste bat erre, zeta eta ka askorekin” adierazi baitu. 

Ohituegi gaude besteenak justifikatzen, irain gogorrak broma txikitzat hartzen, erasoak minimizatzen eta enpatia ulergaitz batez jokatzen. Desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza izaki gurea (Unescoren txostenetan bildua), adarjotzeak ez dira ongietorriak, eta halako komentario ergelei ez zaie irribarrea zor. “Geldialdi eskatua” egin beharko luke kazetari honek, idazki honen ondotik. Ez dugu behatzaile gehiagorik behar.

2013-05-31

Maizterrenea

Beti izan zait intereseko gure izenen unibertsoa: mendiak, errekak, bideak, herriak, auzoak, etxeak, abizenak, izengoitiak... Maiz aritzen gara, gainera, etimologia saioetan, izenak argitzeko ahaleginetan, askotan sobreinterpretazio funsgabeak ere egitera ailegatzen garela, edozein aditu izutzeraino.

Edozein moduz, etxe-izenekin daukat aspaldian arreta hartua, eta ez bereziki ohiko eta usazko etxe-izenekin, horiekin beti izan baitut lilura eta gozamena. Azken hamarkadetako beste uholde batek narritatzen nau.

Tradizioak eman ditu Santxonea, Petrienea eta Simonen Borda; Etxegaraia eta Etxeberria; Errementenea eta Argiñenea; Danboriena; Jauregia eta Kondetxea; Errotagibela, Elizaldea, Goiburua eta Errekondoa; Maisuetxea eta Apezenea; Urdingobaita; Xumardi eta Sagastia; Tolaretxipi, Telleria eta Aroztegia; Iparrea, Sansinea, Altzualdegainea eta Kikerrenea... Etxeetan bizitakoei erreferentzia egiten diotenak, etxearen ezaugarriak edota kokapenak ematen dituztenak, edo toponimoak dira hauek, besteak beste.


Horien aldean, izendegi berri eta berezi bezain txundigarria zabaltzen ari da han eta hemen. Iparralde eta Hegoalde. Ezagunak Gure Ametsa, Gure Kabia, Etxe Polit, Ongietorri bezalakoak. Ildo beretik ere, Toki Alai, Bista Eder, Gure Ahalegina, Gure Nahia, Etxe Ona, Nahi Nuena, Leku Alegera, Goxoki, Agur, Esker Ona... eta luze segi genezake, irudimenaren arriskuak noraino eraman gaitzakeen agerian utziz.


Are gehiago: Iparraldeko kostaldeko herri berean (hurbil aski, gainera) aurkitu ditut Zatozte batetik, eta Emak bakia, bestetik. Aipamen beharrik ez dutelakoan.


Muturreko bi argazki dira lehen izen-multzoa eta bigarrena. Pragmatismotik idealismora. Moda kontua izanen da; etxe berriak, belaunaldi berriak, korronte berriak. Edo hori, edo senaren lausotzea uste baino arinago ari da. Espainiar tradizioko Ambiciones bezalakorik ikusiko ez dugun esperantzaz nago betiere, at, at! Hori da hori, kopetazko intentzio-aitortza... Baina, gero eta hurbilago ditugu inguruko eta urrutiko tradizioak, eta hasieran arrotz dena, azkenik gure ere bada.


Betiko etxe-izenek ofizioak, tokiak, etxea bera, jabeak, ingurunea izendatzen zituzten. Gaur beste gauza batzuk "kontatu" nahi dira. Ez dut ikusten antzinako moldea norbere etxearen edertasuna gailendu nahi duen joera harroa agertzen; norbere ahalegin eta izerdien berri ematen; harrera etengabea egiten edo bakean uzteko eskatzen; bizitokia kaiola, etxola eta txoko kategorian kokatzen; zorionaren betiereko adiera transmititzen... 


Nire obsesioa izanen da, zer eginen diogu! Egia da, halere, gaur den egun etxe-izenak baino, etxeak berak kezkatzen gaituela puskaz gehiago. Egoera zein den ikusirik, eta azalkeriatik ihesi, gaur etxe askok Maizterrenea luke izenik egokiena. Edo Besterena. Eta ez arestian aipatuak.

Helikopteroa



Cervantesenak



"Inkesta interesgarria"