Kantua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Kantua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016-06-25

Stendhalen irriño erromanikoa

Hainbat momentutan sentitu dut Stendhal sindrome famatua. Agian teknikoki ez da oso kontzeptu zuzena baina niri gustatzen zait zentzua. Artearen plazerak sortutako halako gaindosi emozional bat sentitzeari deitzen zaio, eta Florentziako sindrome edo bidaiariaren estres izenez ere ezaguna da. Artelan bikainak miresteak sor dezakeen gozagarri mentalak ondoeza ere ekar dezake, hainbeste edertasun nola liseritu jakin ezinik. Izan ere, estimulu askoren aitzinean musukatu, besarkatu, jan, ukitu, edan… dezakegu, baina beste batzuen aitzinean ez. Kontzepzio erromantikoa? Baliteke.

Etxanoko baseliza halako toki bat da. Baldorbaren maindire horiaren txoko bakarti batean da ermita, ezkutu. Ezkil-hots gabeko eliza da, eta bestelako dei bati egin diogu arrapostu aldi honetan. San Juan eguna aitzakia hartuz, udako solstizioaren ospakizuna bizitzeko bilkura goxo-xume bat izan da joan den ostiralean. Eguzki eta haize idor baino, euri eta hotz giro, baina ahaztezin.

Ermita ttiki hau altxor berezia da Orbaibarren. Elizak gutti maite duen eraikin erromanikoa da, ikur guztiak profanoak dituen baseliza, inauteriari eta musikari estuki lotutako sinbologiaz josia, inoiz ezagutu dudan akustikarik ederrena du eta aldarean barna mantso pasatuz gero, halako energia batek beso-hanketako ileak harrotzen ditu. Bizituz gero, liluragarri, zalantza gabe.

Maisuki diseinatutako pareta haiek doinu-dirdira dantzan jartzen dute, hotsa uhin gorpuzten; harri oro babes da, kanpotik sartzen diren argi izpiak distira pagano. Halako toki batean, estimuluak sortzen duen plazera murtxikatzeko, Stendhalek ongi ikusiko zukeen kantatzea. Eta halaxeko aukera izan genuen guk, Beltxaren Bikoteak. Emozio pila hura lekutzeko sen ezin errotikoagoa bizitu genuen AstrolabioRománico elkarteari esker.


“Esazu nor zen bidetik baztertu zintuen madarikatua” dio kantak, eta agian horregatik da berezi Etxano. Hala bedi luzaz, bere “irriño erromanikoa” sekula ez galtzeko.


https://www.youtube.com/watch?v=L-7L1WudWhQ: 
(1:10 minututik aurrera)


*Gure esker ona Javier Intxustari eta Esther Capelláni.



2016-04-16

Librea Ninçana

© Ortzadar
“Historia beharrezkoa zaigu, baina ez jakinduriaren lorategian gaizki hezitako alferrak behar duen historia; bestelako historia bat zaigu beharrezkoa”. Halaxe zioen Nietzchek.

Eta halaxeko ustearekin abiatu zuen Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Librea Ninçana proiektua Aitor Subizaren zuzendaritzapean. Hasierako oinarri nagusia Nafarroaren konkistaren urtemuga gure ekarpenarekin janztea izan zen, baina poliki-poliki beste garai latzen oroitzapena ere gorpuzten hasi zen, eta horrela, historia beraren bi mutur lotu ditugu hondarrerako, 1512a eta 1936a.

© Ortzadar
Hemen sufritutakoa bestelako lengoaia batekin kontatu nahi izan dugu; sinbolikoago, sentsorialago, gogoetazkoago. Dokumentazioak berri batzuk ematen ditu, ezkutatu digutenak huts handia utzi du, bildu ez zena ahaztu da, eta joanarazi zituztenak mina zaizkigu. Izan ere, eta inongo makillajerik gabe, gerrek hemen jende asko hil dute, eskubide asko zapuztu, patu gehiegi okertu, gezur asko iltzatu, ausentzia gorria sortu; une jakin batean etorkizuna aldatu ziguten zeharo, eta hori ez da iragan kontua bakarrik, egungo egoera ekarri digu zuzenki: “Zer estadutan aurkitzen geran, eman behar dut aditzera, pake santuan bizi ginanak, sartu gaituzte gaitzera” dio Aita Donostiak Eratsunen jasotako kantuaren hasierak.

2012an eman genuen estreinakoz ikuskizuna Gaiarre antzokian; ondotik Atarrabia, Barañain eta Xabierko auditorioetan aurkeztu genuen, eta baita Donostiako Victoria Eugenia eta Bilboko Arriaga antzokietan ere. Ibilbide ederra, intentsoa, sentimentala, ebokadorea izan da, eta batez ere, justiziari aldarria, herri honek merezi duen aitortza xaloa egiten sentitu baitugu gure burua.

Aste honetan bidaia bukatu dugu, zikloa itxi da. Ostiralean Librea Ninçana ikuskizunaren soinu-banda biltzen duen diskoa aurkeztu genuen Iruñeko Planetarioan. Ikusgarriaren gainerako elementuak ahaztu gabe inolaz ere, emanaldiaren hots-arima bildu nahi izan dugu azken txanpa honetan. Doinua, kantua, hitza eta testigantza.

Mikel Petrirena musika zuzendaria gabe zailki egin geniezaiokeen aurre halako egitasmo bati, eta ostiraleko aurkezpenean bere hitzetan sumatu genuen emozioak argi adierazi zuen bihotzean mamitu duela lana, ederki mamitu ere. Kapitulu hau bukaerara etorri da, baina zalantzarik gabe, orrialde berriei toki emateko bokazioaz. 

“Catigatu ninduçun librea ninçana, niças eras daiçu gura doçuna. (…) Ausençia triste gogor cruela, nola ilgo nauçu orain onela, despedidan indaçu lastan bat lastana, niças eras daiçu gura doçuna”.

Aitorri.

2015-10-17

Zer buruzagi, zer Campion!

Astebete joan da Joxemiel Bidador pastorala Iruñean taularatu zenetik. Aunitz erran da hartaz, ongi iragarri da bere berri, ausarki eman da haren gaineko notizia. Nori okurritu zaio egitea pastorala?

Halako egitasmorik abiarazi den lehen aldia ez da, ez eta azkena izanen ere, eta beharrik ekimenaren ziztak ez duen umezurtz utzi herri hau, gure bizitzeko nahiak gaurkoz aurrera egin du eta.

Burguen plazan ikusgai aritu ginen horiez gain jende asko aritu da itzal lanetan. Mugarik gabeko borondatea aditu da hastapenetik eta horrek zirraratu gaitu, deblauki. Herrigintzaren adierarik osoena izan da hainbertze hilabetez bizitu duguna, auzolanean uxatu baitugu betiko agorraldia. Hainbat taldetako kideak bildu gara arrazoia aski sendo sentiturik, eta, garbi da Joxemiel, hau hozitu duten zure lagunek hagitz maite zaituztela: zure oroimena errespetu eta miresmen eredugarriaz agertu dute eta denok harrapatu gaitu argi horrek; ezin gintezke engaina!

Larunbatean lanak izan genituen emozioei eusteko, lehen kantuaz batera agertu ziren publikoaren malkoek zeharo ebatsi ziguten kuraia. Emankizun osoan zehar izan zen isiltasunak osoki galdegin zuen gure esker ona. Oroz gainetik, jendearen beroa izan zen (eta da) plazer handiena, izan ere, pastoralak izan zezakeen balio artistikoaz gaindi, benetakotasun izaerarik hartu baitzuen halako euforia kolektibo ttiki bat istant batez sortuz. Euskararen sendabidean hainbeste bidezidor, arauari ez gakizkion inoiz euskaldunak zor, betiereko lan militante honek mereziko baitu tartekako bizipozik!

Jaun Merak, hala, Andre Presidentari larri zerbait egin beharko da euskaldunak gelditzeko, eta bazterretik Perpetua Saraguetak tinko zinez dugu garaitu, Iruñerriko paisaia euskaraz baitugu blaitu. Eta egiazki, arratsalde hartan kolore hori hartu zuen Iruñeko paisaiak. Nafarroako garai politiko berriak, gainera, arnas esperantzazko bat eman nahi izan zion emankizunari, euskarak bere tokia berreskuratuko dueneko metafora jokatuz sentitu ginen denak.

Beraz, aitzina segi dezagun adibide hau bitarte, elkarrekilan arituz Iruñea (berriz) euskaldundu arte. Andere tertulianoa, entzun: Gora Iruñeko euskaldunak, gora hiri buruzagia!

 
Iñaki Zuasti


I. Zuasti


I. Zuasti

2014-12-21

Eguberri zahar, nik atorra zahar

Urtearen akabuak zahar-berritze behar bat errotu du gurean aspaldi. Urte zaharrak aro bati adio egiteko eskatzen duelakoan, eta berriaren ondasunen esperantzetan, urak funtzio polita izan du sinbolismo horretan. Oraindik ere bizi-bizi da herri gutti batzuetan, Urdiainen esaterako. Ume, gazte eta helduek, kantuaren laguntza ebokadoreaz, gaua aski gau denean, herriko iturri lerden eta eleganteen bueltan egiten dute elkarretaratzea, pitxerretan lehen urak hartzeko.

Gaueko 12etako ur horrek nolabaiteko jaio-berritzeko ahalmenik duela sinestuta, lehen bezala orain ere (hainbat tokitan) ur berria etxez etxe partitu izan da. Honekin batera puska-biltza eta kopla kantatuak izaten dira tokian toki, landa-inguruan, esan nahi. Hamaika bertso jaso izan dira honen harira ahozko tradizioaren bilketetan, eta adibidetako, Jose Mari Satrustegik maisuki bildu eta aztertutako saila dugu. Beste asko oraindik ere herritarren oroimenean bizi dira.

Barranka-Burunda dirudi usadio honi indar gehixeagoz eutsi dion ingurunea; bertako aldaera asko honela hasten dira: 

“Ur goiena, ur barrena, 
urte berri egun ona, 
baita guk ere umore ona”. 

Etxez etxerakoan, bestetik;

“Egun onaren señalia, 
emen dakargu ur berria, 
borondaterik balin ba dezu, 
iriki zauz ataria” bildu da Larraunen. 

“Urte berri berri, zer dakarzu berri? 
Uraren gañean bakia ta osasuna, 
urtex, urtex!” 
aldiz, Baztanen, aspaldiko garaietan dokumentatua eta oraindik ere gogoratzen den formula baita.

Neguko solstizioaren praktiken baitako erritu hau ez da gurea bakarrik izanen, seguruena, halako zaharra bota eta berria hartzeko sinismen pragmatikoak izanen du beste aldaerarik munduan barna; kontua da nekez eusten zaiola (edo korrontez kontra eusten zaiela) halako antzinako arrastoa duten usteei, berriak sortzen diren neurrian.

Nolanahi den, fede mota bat dela (edo izan dela) pentsa genezake; ustea, sinesmena, esperantza. Urte zaharrak beti baitu zer eraman, eta berriak zer ekarri. Zerbaiti leial izaten gatzaizkio bizitza arinago izan dakigun. Norberak bere estiloan, batzuek loteria, besteek erlijioa, besteek futbola dute euskarri. Besteek izenda ezin edo definitzen zaila den zerbait. Batzuetan gure buruari engainu egin beharra diogu zailtasunak erraz hartzeko; okerrago da, ordea, engainua besteen eskutik datorrenean eta fede fabrikatu eta interesatu bat gugan sustatzen dutenean.

Ur berri, ardo berri zein gin-tonic berri, urtezahar aro honetan norbere barrenak eskatzen duena edatea edo egitea izanen da hauturik onena. Errituen jatorria edo sorburua zeinahi izanik ere, egin diezaiogun agur urte zaharrari eta harrera berriari.


2014-12-07

Mendiak bete elurrez

Hala du izena Arizkungo Francisca Irigoieni Azkuek jasotako kantak. “Mendiak bete elurrez, begitartea nigarrez, lan eginez urriki dut baina probetxurikan ez, orai hemen bizi naiz, sabeleko minez” amodio-minari egindako kanta epela.

Elurra agertu da mendialdean. Eta mendia elurrez bete denean ospatzen dugu, atseginez hartzen dugu. Elurrak halako zeremonia bat eskatzen du, eta berezi bihurtzen ditu belagai, bidezidor, kale eta etxarteak. Nolabaiteko tregoa galdegiten dio egunerokoari. Elurra handi delarik, ohiko erritmoa aldatzen da, aldarazten digu. Elurra ausaz delarik, pausa gaitezen iradokitzen digu, eta, zilegi ikusten dugu proposamena, goxo jasotzen dugu mezua.

Maite dugu elurra, elur bustia, lainoa, hotza. Usaitzen dugu gaurgero. Sarri gustuz hartuko dugu elurra mara-mara. Gilboka eta matazaka, paupaka, zapa-zapa. Ama-elurra jaso izan du hainbat kulturak bere mitologia eta sinesmenetan, Japoneko Elurretako Anderea kasu, edo literatura magikoan Grimm anaien ipuinak bestela, Frau Holle izenekoa. Sujerentzia handia da ur zuria han eta hemen.

Eta elurra etortzear dela, gure gorputza ohartzen da, jabetzen da, sumatzen du badatorrela. Nonbait, nahasten omen gaitu eta nabaritzen zaigula esan izan zaigu beti etxean, batez ere umeak ginela, harrotzen omen ginen nabarmen.

Elur urtea, urte ona dela dio erranak, uzta hobeak ahalbidetzen baititu landutako lurra heze gordez, esate baterako. Baina elurrak dena on ez dakar eta beldurrak ere sortu ditu, antzina, batik bat. Arizkunen berean jaso zuen Mariano Izetak “Elur melur, ez diegu hire beldur, badiegu etxean arto eta egur”. Gaur, bizimodu aldaketagatik, bestelako eragozpenak sor ditzake, baina beldur handirik zentzu horretan, ez. Aitzitik, ederki aski baliatu dugu jolas, kirol eta aisia ukanez, gure probetxu bihurtuz. Beste elur klase bat ez ote den hori…

“Edurra! begion poza! Leioan nago ikusten. Gogoaiak, maro antzean, gogoa dauste estalduten. (…) Edurra ari da tai gabe; naiko da, noan barrura. Su-ondoan eserita, amets zarrak barri dira”. Edurra danean izenez eman zuen poema hau Juan Anjel Etxebarria idazle bizkaitarrak 1967an. “Edurra nare jausten da; suak geldi igoten dau, bioi begira nagola gogo-pakeak artzen nau. (…) Neguko eguraldia, etxean dogun beroa!, Mendian edur zuria, gogoan amets gozoa”. 

Mendiak bete elurrez.


2014-10-12

Kantatzearen ariketa zaharkituaz

“Zergatik kantatzen duzu?” galdea egin zuen Biscaryk. Eta galderak berak ezinegon pixka bat sortu zidan neroni. Izan ere, ez baitut ene burua imajinatzen “zergatik hitz egiten duzu?” galdera inori eginez. Iparraldeko kantariak beste zentzu batekin proposatu zuen, beste tesi baten harira, baina galderak, ni neu, justifikazio baten bila eraman ninduen eta arraro sentitu nintzen. “Zergatik ez?” etorri zitzaidan bat-batean, tinko eta irmo.

Berriki Kalakan taldeko kide honen hitzaldian izan naiz, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Nafar Ateneoak antolaturik. Bestetik, atzo hasi zen kantu tradizionalaren gaineko ziklo bat Iruñean, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak antolaturik. Eta sarri, ondare ez materialaren esparruetako hezkuntzaren gaineko jardunaldiak izanen ditugu, Nafarroako Ondare ez-materialaren Artxiboak Ortzadarrekin elkarlanean prestaturik.

Hirurak ere, espazio berean koka daitezke, izan ere, Thierry Biscaryren hitzaldia kantuaz baitzen (haren gaineko gogoeta anitza planteatuz), kantagintza herrikoiaren kontzertu-sorta hainbat euskal eskualdetako taldeen eskutik baita eta jardunaldietan, ondarearen alderdi didaktikoa landuko delako. Bazter-gai da hau gaur egun, beste edozein ikergairen aldean, eta horregatik-edo, balioetsi nahi nuke ekimenen ahalegina.

Ariketa zaharkitua da askoren oharmenean kantatzea. Tradiziozko kantutegiak lehengo kontuak biltzen ditu, aspaldiko istorioak, zer kontatzen duten ere ez dakigu askotan, hitza bera ulertzeko zailtasun galantak izaten dira maiz, aspergarri eta lo-eragile gertatzen zaizkio anitzi. Aldiz, beste askorendako, hizkuntzaren eta herriaren idiosinkrasiaren baitan ezinbertzeko dira. Etorkizunerako, gainera, ez iraganerako. Atzetik datorren hariari jarraitzea bezain erraza baita. Lagun gazteak estimatzen ditugun bezala, amatxi ere nahi dugulako gure familian eta bizitzan. Bakoitzak bere balioa du. Bata modernoa, bestea esperientziak pilatua. Bata ikaste-bidean, bestea bidea egina. Bata bizi, bestea bizitakoa.

Honela, hamaika bataila baitugu oraindik ere su-garretan, gure artxibo berantiar ttikia galtzen uzteko inongo asmorik ez duenik bada, izatez ere, hainbeste gauzaren batura den zaku miragarri eta ia kasualitatezko hori kontuan ez hartzea, senaren kontrako ariketa baiteritzogu zenbaitek.

Eta ez gara ados izanen haren kudeaketaz, ondare horrez funtzio edo erabileraz, edota balio artistikoaz adibidez, baina ados behar genuke haren jabekuntza eta irakaspenak euskaldunari ematen dion oinarri sendoaz. Transmisio naturala herren datorren garaiotan, ondarean didaktikak lantzen eta garatzen laguntzen duena azaltzen hasi gabe, hasteko aldarria honakoa begitantzen zait: gure kantak (zaharrak edo ez hain zaharrak) kantatzearen arrazoia ez dut esplikatu edo justifikatzeko beharrik sentitu nahi. Justifikazio hori, oro har euskaraz egitea bera bezala ere, gutxiespen jarrera baten ondorioa dela sentitzen baitut.

2014-05-30

Lurraren pean sar nindaiteke

Ura, harria eta denbora elkarren eskutik. Harri soilak hartu zituen formak. Urak iragan ditu azpi eta behe. Denborak zizelkatu du paisaia eta aldetik alde, bidaia. Euskal Herriaren erdigune izateak, bihotz izaera egokitu dio, halako kategoriak emateko usadioaz. Aralar kareharria da, baso babesleak, herri ttikiak.

Kanpoan argia da, kontrasteak ageri ditu, usainak eta soinuak aditzen dira, aldaketak eta berritzeak gertatzen. Barruan, aldiz, ilun da, bertan denbora ez da gure denbora, beste erritmo bat darabil harriaren erraiak, ultrasoinuak dira bere taupada, motel eta isil bizi da seigarren kontinentea, hotz eta heze egiten du lo barruak.

Aralar makina bat koba, sima eta zuloz osatua da. Amutxate, Akelar, Lezegalde, Sorginzulo, Tomasenzulo, Ormazarreta, Hartzulo eta Sastarri, besteak beste. Gainazala bezain berezia du barrua, nola izenez, hala izanez. Eta bi munduen elkar-loturak oso adierazgarri bihurtzen du haren baitako esperientzia. Dikotomia.

Goiko azalak berezkoak dituen baldintzek barrua babes bilakatu dute, hemen eta edonon, eta gizakia horren bila abiatu zen milurteak atzera. Teilape, estalpe, gotorleku edo etxe. Lurrazpirako sarreren mesedea gozatu du izakiak eta gizakiak. Haren misterioa argitzen saiatu dira batzuk eta besteak.

Ekainaren 14an Aralarko Mendukilo koban bidaia intimo bat egiteko aukera izanen da. Larraungo egunaren aitzakian, barne-paseo berezia eskainiko du Ortzadarreko musikari eta dantzari sail batek Astitzeko naturaren mirakulu eder honetan.

“Artzain-txirula” izenez bataiatutako sorkuntzak mendi hauetan bizi izan den edozein artzainen bizipen eta sentipenak bilduko ditu modu esentzialean. Ebokadorean. Soil baina gorpuzturik. Animalia eta bere zaintzailearen bizitzan batzen diren soinu, doinu, hots eta melodiak, baita erritmo, dei, joko eta lanak ere, sinbolizatuko dira koba barruan.

Lur-barneko bidaia esoterikoetan, normalki, norbere buruarekin egiten dugu topo. Bakardade arraro bat bizitzen dela esan daiteke. Bakardade horrek haitzulotik gutaz beteak ateratzea dakar, prest egon beharra dago sentsazio betegarri edo itogarri hori bizitzeko, egonaldia istant bat baino luzeago bada. Gure hitzordu honetan bisitaria ez dugu bere bakardadean utziko, argi lauso eta goxo metaforiko batez emanaraziko dizkiogu urratsak saguzarren erreinuan barna. Kanpoa barruarekin uztartuko dugu une labur batez, doinu eta mugimendu laztangarriak jaitsiko ditugu harrizko unibertsora. Halako ilusiozko lizentzia batez, kanpoa eta barrua ezkonduko ditugu.

Ohoratze saio umil honen ondotik, berreskura beza kobak bere jatorrizko (ahal den) izaera, egoera, eta ezagut bitez bere ohiko musika, hots eta xuxurlak, amesten segitu nahi badugu luzaroan.

2014-04-07

Abesten fideles

Kanthoreak berririk Baxe Nabarren eginik; nihor, nihor ere balin bada, ikasi nahi duenik, kostaren etzaio deus ere, atentzionea baizik. 


Halaxe dio aspaltxoko kanta polit honek. Atentzio eta intentzio pixka bat baizik ez da behar kantatzen ikasteko, kantuaren benetako dimentsioan aritzeko. Gainerakoak, parafernalia. Eta estimatzen da kanta batek mezu hau biltzea, ohiko gaietatik bestela.


Internet josita dago kantatzen ikasteko bideo eta ikastarotxoez. Dena ikasterik ba ote da sarean barna murgilduz (bakarrik)? Mesfidati naiz hartaz. Zerbait irakatsi baldin badit kantuak, elkarren arteko elikatzearen aberastasuna izan da. Entzun eta erantzun; ikasi eta irakatsi; sentitu eta sentiarazi. Azken binomioa, nagusiki. Ostatuko musika ozena zanpatuz, kale-izkin galdua jantziz edo auditorio elegantea sentiberatuz. 


Teknika eta metodologia berriei muzin egin nahi ez diedala inondik inora, kantuari balio jakin bat ematen diot; elkarretaratzeko duen ahalmena, transmititzeko duen gaitasuna, batzeko duen indarra, Zuberoako lagunei ikasi diedan gisaz. Kantatuz, finean, kontatzen baita. Ezer kontatzeko ez duenak, ez du berdin kantatuko.


Kontatzea, barnekoak agertzea da zentzu batean, eta honela, behin baino gehiagotan esan izan da pertsonak kantatzen duela negar ez egiteko. Funtzio asko dituen arren, negarrari edo penari eusteko balio dezakeela ados naiz. Aitzitik, euskaldunaz beti esan dute triste kantatzen duela. Horregatik ote mundu guztiak aditutzen duela euskaldunaren negarra, eta alde batera nahiago lukeela batek ez balitz hemengotarra? Beti penetan bizi ote gara ba? Ez!


Zapiak oihal batetik ekimena izan zen atzo Bilbon. Egun handia kantuarentzat, eta ez tristerik egoteko. Euskal Herriko kantuzaleak oro Bilboko Zazpi Kaleetan barna izan ginen, herrialde banari kale bat dedikatuz eta haiek ohoratuz. Kanthoreak berririk eta kantariak berririk bildu zen azkarki Bizkaian, kantuari leial eta fidel. Lau haizetara zabaldu genuen kantuaren hatsa, lau haizetara galdegin bere tokia. 

Donostiatik Iruñera, Iruñetikan Baionara, Baionatik Gasteizera, Gasteiztik Bilbora, Bilbotik Euskal Herrira. Izan ere, bagare, bagera, bagira eta bagara. Eta, noski, hemengotarra nahiago, aizue.


Abesten fideles, beti triunfantes atzo Bilboko Zazpi Kaleetan!

2014-03-25

Arre chacorra çey de gueçu

Aste honetan harat-honat bidali da aspaldixko publikatu zen inkesta baten berri. Euskara omen da munduko hizkuntzarik zailena; Erresuma Batuko enbaxadore eta nazioarteko ordezkariek bildutako datuekin egin zuten azterketa. Minutu erdi merezi ez duen kontuak gogorazten dit zein erraz sartzen gaituzten publizitate kanpaina horietan, gure artean aritzen baikara halakoei toki eman eta haien gainean eztabaidatzen. Titularra bi aldiz irakurrita, esan genezake, bai, munduko hizkuntza zailena dela; espainiar eta frantses Gobernuen “laguntzagatik” benetan hizkuntza zailena baita ikasteko, mintzatzeko eta sustatzeko.

Handik eta hemendik jaso eta bidaltzen den informazioaren dantza kaotiko horren baitan, eta euskara protagonista hartzen delarik, bada arretaz jasotzeko altxorrik. Oharkabean pasatzen direnak dira, seguru asko, gure begirada merezi dutenak, momentuan momentuko oihartzun handi eta hutsal horien aldean.

Lagun bati esker ezagutu ahal izan nuen honako kanta; Jançu Janto.

Jançu Janto dego de Garçigorreta
Jançu Janto dego de Garçigorra.
Arre chacorra çey de gueçu,
gavian da ni levari,
María Rroche çerca mora
en cantar viçerraco,
es naqui en Artajona
por do gurgurengoa,
pordo pasa Ochoa
candia jaroa pordo veroa
vero vero veroa
Estangurria rrico va.

Ikaragarri erakargarria da! Oharmenari euskara datorkion arren, ezin du xehatu behar bezala, ezta?

Jançu Jantok ez du egile ezagunik eta Cancionero de Palacio edo Cancionero Barbieri liburuan dago, Errege-erregina Katolikoen erregealdiari dagozkion kantak baititu (XVI. mende ingurukoak). Tartean, honen gisan, euskal arrastokorik badago, izatez ere, euskal konpositoreren baten obrarik baitago, Juan de Anchieta azpeitiarrarenak kasu. Batek daki nola ailegatuko zen kanta hau Gortera (euskaldun ugari ibiliko zen, seguruena, haren inguruan), baina garbi ageri du, itxura guztia baitu, bertako eskribauak deszifratu ezin zuen hura, euskaldun ez izateagatik, ahal izan zuen moduz transkribatu zuela. Formaz, hala, sailkaezina eta ulertezina da euskara eta erromantzearen nahasketa horrengatik.

Bada marinelen lan kanta baten bertsio polifonikoa dela dioenik, nahiz eta arraroa gertatzen den ulergaitz jasotako konposizio xume bat Gortean onartu izana. Edonola ere, itzulpen saiorik ere izan da, jatorrizko itxura zein izanen zuen bilatu nahirik. Hona saiakeretako bat.

“Jan zu, jango degu hegazti-gor eta…
jan zu, jango degu hegazti-gorra.
Arre, txakurra ez iñ degezu
gabian dabilenari
Maria Rotxe zerk amoraen
kantar bizerrako?
Ez nak ien Artajona,
ardo gurgurengoa,
ardo basotxoa, handikan jaroa;
ardo beroa,
bero, bero, beroa,
eztarri egarrikorra”.


Gauzak honela, garaiko eskribau (hala bazen) hark akaso Erresuma Batuko “ikertzaile” hauek esandakoa berretsiko zukeen, ezin konprenitu zuen solas hura dekodetzeko izerdi ederrak bota izanen zituelako. Edonola ere, hor bai ikerketa-gai polita adituentzako; kanta haiek guztiek, hitz zein doinu, guretik zer duten aztertzea. Eta ez munduko arraroenak nortzuk diren “estudiatzea”.

2014-01-25

Hegoak ebaki banizkio

“Anne Etchegoyenek Frantzia hunkitu du euskaraz kantatuz” dio aste honetako berri batek. Baxenabartarra omen kantaria, ama baztandarra du, antza, eta bere azken diskoarekin Frantziara eraman ditu Txoria txori eta Lau teilatu kantak, besteak beste.

Lerroburuak berak lehen begi-kolpean zer pentsa handia ematen duela ezin uka. Lehenbiziko; Frantzia hunkitu?  Eta zehazki; euskaraz kantatuz Frantzia hunkitu? Uf.

Neska honena Frantzian gehien saldu den diskoetako bat dela irakurri dugu, eta irrati handienen zerrendetan entzungai omen dela azken hilabeteotan. Euskal kantei esker arrakastatsu ari da nafarra, bere karrera musikalaren gorena lortu du, komunikabideen aburuz. Eszenografia eder, marketin bikain eta hornikuntza zoragarri bati esker, bideoklip xarmanta sortu du bere Hegoak kantuarekin, eta sarean zabaldu, jendeak gozamen handiz hartu duelarik.

Hala ere, kantu hau eta beste batzuk Frantzian entzungai izatea euskararen garaipena baino, bitxikerien arrakasta eta beste zerbait gehiago dela esanen nuke nik. Izan ere, hain justu, mendeetan errotik kendu, erauzi, suntsitu, ezabatu eta gaitzetsi nahi izan diguna, neska eder eta dotore baten kantu finagatik aitortu behar al digu orain Errepublikak? Itzalera kondenatu duen kultura eta herri baten kantua lehen bezain gorroto du orain ere, ez dezagun inozenteki uler maniobra. Azkar ahazten zaizkigu bidegabekeriak, eta kontzesiboegi gara edozein keinurekin (fede onekoak balira bezala!).

Ez balitz gure herria gaur egungo egoeran, zenbat goren mailako artista ez genituzkeen izanen Euskal Herrian? Baina benetako izar, egiazko aitortzaz, han eta hemen kantatuko luketenak, beste edozein estatuko kantari gisa hartuko lituzketenak, eta ez erregionalismo, etnizismo eta kuriositate kategorian.

Arrazoi asko izan daiteke Txoria txori bezalako kanta bat arrakastatsu gertatzeko  Frantzian; merkatuak gustuko izanen duen hori sortzeko eskua izateaz gain (ez bainuke esanen ohiko moldeaz emana denik, gabardina berriarekin saldu baita), nagusiki gailentzen den faktorea izan daiteke, nire ustez, kantak, euskal kantuari dagokion sena, sentimena eta zentzurik gabe zabaltzea. Bestela, zergatik ez da orain artean gertatu? Ez ote da euskal kantaririk aritu munduan barna, baita Frantzian ere?

Eta fenomenoaren hari guztiak josita uzteko, Txoria txori kanta izaki Frantzia ukitu eta “hunkitu” duena, ezin dut erreprimitu kantuaren metaforaren deiadarra hona biltzea. Laboaren kanta hau, honezkero euskaldunon himno bihurtua, askatasun unibertsalaz ari da, alegia, herrien libertateaz, hizkuntzen eskubideaz, kulturen bizilegeaz: 

“Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo… 
Bainan honela, ez zen gehiago txoria izanago, eta nik... txoria nuen maite”. 

Eta, beraz, hegoak ederki ebaki dizkigutenez, Frantzia “hunkitzearen” kontua, paradoxikoa gutxienez, bada, ur handiagotan sartu gabe.

Anne Etchegoyen: http://www.dailymotion.com/video/x1787g1_aizkoa-abesbatza-eta-anne-etchegoyen-hegoak-txoriak-txori_music

2013-11-27

Zahar hitzak, zuhur hitzak

Zuhurren hitzak, garai berriei ere egoki zaizkienak. Erranak daude aspaldi, zortez askotxo jasoak ere bai, eta irakaspen on izan daitezke etorkizuna iraganari entzungor zaion honetan. Ikuskerak transmititzeaz haratago (gureaz gain beste inguruko auzoetarik zernahi bildu dela ahaztu gabe, noski), ikaskera ere bada, eta hamaika zentzutan, ahozko herri-tradizioak eman duena.

Transmisioaren garrantziaz mintzo izan da, besteak beste, Erramun Martikorena, izatez ere bildua baitu disko batean zutabe honetara ekarritako bertso-saila. Tradiziotik edatea inportantea zaio aski, eta ez bakarrik irakaspenak ezagutzeko edo egungoa bizitzen ikasteko, kultura bera arnasteko ere; baloreak, arauak, lotsak eta harrotasunak jabetzeko.

“Kantu, kanta, khantore” bildumak eman dit gaurkoa osatzeko arrazoia. Hartan erraten da hitzaurrean euskaldunei ez baldin bazauku irakurtzea hanbat laket, kantuz hartzea dugu bederen biziki maite. Euskaldun gazteei sar eta finka dakioten bihotzean herriaren eta eskuararen amodioa, 1967ko argitalpena hala. Honezkero eginkizun hori galdua ote duen kantuak…

Edozein gisaz, inoiz irakurriak gara gure arbasoen zuhurtzia, ez dadin izan ahantzia, eta honela, gaurko gomuta bertso bihurtutako esaera zahar sail honi, orrazturik aurkeztuak.

Itsasoak, bistan da, ez du ez adarrik, ez-eta gaztanberak erdiko hezurrik. Nehoiz ez da ikhusi su-gabeko kherik, baina ez daite juja deus itxuretarik. Izan ere, asko kanpoan bildots, eta otso barnean, zoin den eder itzala, iduzki denean, ziminoa gorago igaiten arbolan, ipurdia hobeki ageri orduan, eta horrekin konturatzen ez, gu. Laguna lagunari bethi iduria, nolako aita eta, halako semea, (e)uriaren ondotik heldu atheria... Aita biltzaile batek, haur xahutzailea: aseak baikara halakoak sumatzen azken garaietan. Hala-beharra bethi denen na(g)usi dago, norat doan haizea, harat aiseago, “gero” dioenak usu erran nahi “bego”, presatzeak dakharke ondore txar franko.

Nolanahi den, xakhur txarra gisala da dena kukuso, haurrak aita-ameri dagotzi bethi so, bi begi baino hobe dauzkagu bi beso, baso bakharra baino ez othe bi baso? Ez ahantz duenak azer bipher emaiten ohi du, ez da behar iztupa suari hurbildu, tripa hutsari ez da emaiten kontseilu, barur egonez norbait noiz zaitzu arraildu? Eta bukatzeko, gauzarik hoberenak finitze bat badu; behar naiz ba sail huntan nolazpait gelditu zioen autoreak, aho hetsian ez da nehoiz fitsik sartu, baina ez tronpatzeko behar da ixildu, eta arrazoi handiz gainera!


Pierre Lafittek eta Louis Dassancek Baionan argitaratutako kantu bilduma hau, beraz, hemezortzigarren mende akabutik gaur arte eman zaizkigunen artean bat da, balio nostalgiko hutsez bainoago, balio didaktikoaz ere eskutan har daitekeena; denborari tarte bat eska eta hari dedika nahi dionak, bederen.