Nortasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Nortasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015-10-31

Esaten ez dizudan hartaz

Eta bai. Amama pelikulak eman du solas egiteko aitzakiarik. Filmak hainbat bizimoldeko jendea ukituko duela iruditzen zait. Nagusiki, jorratzen den oinordetzaren harira halako egoera bat bizitzen ari dena edo hartatik pasatutakoa, ispilutuko baitzaio baserriari eusteko gurasoek hautatua izatea zer den eta beste bide bat aukeratzeko bidegurutze triskantzatsuan egoteak zer pairarazten duen.

Bestetik, baserriaren munduan sortua eta hezia dena, baina hartatik aldatua dena ere (faktore ugari tarteko) hunkituko dela esanen nuke. Nolabait, baserriarekiko loturan haustura bat gertatu bada, kontzienteki erabakia ala zorizkoa, ikus-entzunezkoak gure baitan eragitea erraza da. Aldiz, eta intuizioz ari naiz, baserrian bizi denak pelikula ikusi eta bertan ageri dena aitortuko duela uste dut, ez zaiola barrena besteei bezainbeste urratuko. Agian, baserria hiltzera doalako irauliko zaio gogoa, min handia baita hori liseritzea. Baina ez da baserria utzi duenaren erru-zama sentimendua izanen. Hori ere aski pisua. Nolanahi ere, aintzat hartzeko bi min.

Askok ikuspegi erromantiko gehiegiz ulertzen baitu landa-mundua. Hiriaren mihi luzeak hori erakutsi du maiz, halako ezagutza txikiko ausardia batez. Baserrian bizi denak eta baserria bizibide duenak badaki zer den hori, eta badaki harekiko begirada bukolikoaren iruzurraz. Errespetua nahi du. Eta, era berean, baserriko alaba edo seme denak, bat-batean bere esku sentitzen du hainbeste belaunaldik iraunarazi dutena galarazteko eta eteteko erabakimen garratza. Desohorearen madarikazioak itotzen du, sokak nola.

Amatxi, filmean erro, lekuko eta akuilu ageri da. Amamak isilik espresatzen du, ohi gisan hemen. Berak egin beharrekoa egina du. Eta esperoan da, begiradaz igorririk testigantza. Juan Antonio Urbeltzen kantu ezagunak “pentsa zuk esaten ez dizudan hartaz” dio eta baserriko bizimodu eta errealitate honek asko du halakotik. Gaurko solasaldien banalizazio erakustaldien aldean, baserriko unibertsoan gauza asko ez da hitzez erakusten, kontatzen edo egiten. Eta hori ere, herri honen idiosinkrasia da.

2015-05-24

Herri txiki, infernu handi

Gaur arratsean ez dugu Pagadiren eta Zuhaitzen saio ederrik izanen, hauteskunde gaua baita, baina telebistako programaren izenak ezin hobeki ematen dio gaurko gure gogoetari eta hargatik izenburu hau. Esaera zaharraren berezko adieratik pixka bat aldenduz, eta hauteskunde giro hau probestuz, esan dezagun gurean bizi dugun egoera politiko, linguistiko eta sozialak baduela infernutik aunitz, aspaldi dela ekarri baitzen leize-sua herri txiki honetara, “Herri txiki, desira handi” baikinen.

“Nafarroak mundua harrituko du” esaera usatua ere, Hamlet edo Macbeth tragedien autoreak 400 urte direla idatzitakoa gogora datorkigu ihes gabe, izan ere, hori ere ederki lotzen baitzaio gurean gertatzen diren nahasmendu, lotsagabekeria eta ustelkeriari. Bistan da erreferentzia hura garaiko kultura eta giro humanistikoari zitzaiola nagusiki; liluraren adieran, noski. Baina, beste muturra gailendu da halabeharrezko botere faktiko ditugunekin, mundua harritzerainokoak ditugulako edangarri orduko eta gaurko Nafarroan, orduko eta gaurko Euskal Herrian. “Herri txiki, konkista handi” izan delako lur hauen historia.

Honela, Shakespeareren Hamlet tragedian berean biltzen den bakarrizketak dioen gisaz: “Izan ala ez izan, hor dago koska”, tragediatik ere badugula esan daiteke; izan nahi eta ezin. Literatura unibertsalaren zitarik entzutetsuenetakoak existentzialismoaren kontzeptua zekarren; izatea, bizitzari eta ekintzari; ez izatea, heriotzari eta gelditasunari. Euskaldunok izatea badugu, ekintza badugu, izena ere badugu; koska ez dakit badugun, baina ezin etsi dugu haren bilaketan! Oroz gain, “Herri txiki, ekimen handi” garela garbi delako.

Gurea herri txikia baita. Eta bai. Irakurria baitaukat herri txikiek edo estatu txikiek etorkizun hobea (oparoagoa?) dutela handiek baino; gurea baino aski txikiagoa den herririk badago estatu denik. Baina, garesti zaigu etorkizun zoriontsu hori. “Herri txiki, oztopo handi” baita leloa momentuz. Hala ere, esperantza eta hatsa berritzen duenaren gisan, ez du azken leloa izan behar horrek.

Portzierto, “Herri txiki, oihan handi” dugula esateko gogoa ezin isildu dut (barka eskapoa), zuhaitz eta pagadi bikainak ditugulako eta lan onak aitortzea eta zoriontzea osasungarria delako, arrunt. Beraz, etorkizun sendo baterako eraikuntza nazional oro ezinbestekoa dugunez, eta, bertan, bertakoentzat eta bertakoaz egindako lanak bidea senaz egiten laguntzen digunez, uste dut “Herri txiki, harrotasun handi” begitantzen zaidala gaurko lelo nagusi, etsipenak eta ezkortasunak istant batez pikutara bidaliz.

2014-03-12

8 abizen, hainbat izen eta izanik ez

ez gaituzte sobera maite baina etengabe ahotan gaituzte auzolagunek. Azkena, 8 apellidos vascos filma. Ongi legoke 8 abizen espainiar gisako bat gure ikuspegitik landutako eta topikoak baino zerbait gehiago bilduko lukeena ozen eta marketing indartsuaz eman ahal izatea. Gaurko egoera eta egintzen tamaina ikusirik, fikzio estiloa landu beharko genuke, hori bai, auzokideen berri eman nahiko bagenu.

Ez gaituzte nahi, baina aldioro haien aitzakia gara. 8 baino gehiago dira espainiar telesail eta filmetan erabili dituzten euskal abizenak, portzierto. Zaletasun porrokatua dute gureekin; hasieran ulergaitzak direla diote, baina gero ederki baliatzen dituzte pertsonaiei halako xarma bat emateko.

Kasualitate gaitz batengatik astakirten batek idatzitakoa bidali didate gaur zortzi, ditxosozko pelikularen harira hain justu, eta, hala, euskalduna asperra dela, itsusia, goibela eta hotza, jendetasun gutxikoa, ego handikoa eta flema-lengoaiaduna zioen. A, eta ea aurki daitekeen historiara pasa den euskaldunik, Argiñanoz gain. 8 apellidos vascos pelikulan 8 topiko horiek edo antzerakoak ikusiko ditugula badakit.

Hainbeste damutzeko duen herrialde batek besteez pelikulak barra-barra. Eta hara non gu, gainera, haien publiko. Izenburuarekin jendea engantxatu bezain erraza omen da. Eta, halaxe, euskaldunez beste pelikula bat erdaraz hozitua eta pentsatua. Argi da garaile nor aterako den.

Zer litzateke Europa mailako (eta mundu mailako) zinema konkistatzerik bagenu? Gure egia konta-tzeko aukerarik bagenu? Mundua liluratuko lukeen pelikulatzarra zabaltzeko gai bagina? Gure lumaz, gure hitzaz. Gure erreferenteak besteen esku daude etengabe, haiek gizarteratzen dituzte haien modura, neurrira eta "estilora".

Zinemaren laguntzaz ezagun eginen genituzke gure pertsonaia handiak, gure hizkuntzaren berezitasun edo normaltasunak, historiaren joanean egoak eta jendetasunak nola kudeatu ditugun, baita eskuzabaltasuna ere, eta erakutsiko genieke gure aktore eta aktoresak zein eder eta lirainak diren.

Faltan dut, ikaragarri, gurea pantailara ekarririk; unibertsalki; handi; guk, gurea, guretzat eta munduarentzat. Euskal Herrian sortutako askok du esker onaren merezimendua, baina ez gara herri ozena, eta barne-kontsumora mugatu gara nagusiki. Euskaldunaren hitza munduak ezagutzea bidezkoa litzateke.

Dena ez baita deitoragarria, azkenaldiko film on bati aipamena zilegi zait une honetantxe. Uste dut miresmena eta esker ona azkarki jasoa dela, eta deus gutxi gehi dezakedala neronek, baina, orain gogotu zait zorion mezua. Gartxot pelikulak malkoa eta irria sortu ditu, zirrara eta emozioa, harrotasuna eta sentimena. Marrazki bizidunak izanagatik, euskaldunon historia-orriak zoragarri osatzera etorri baita lana. Halakoen beharra dugu herri gisa. Hori da bidea. Bat baino, zortzi badira, are hobeki.

2013-10-14

“Berriz nongoa nintzen galdetu zidaten”


Namibiako desertuan etxe abandonatua, Australian itsasontzi urperatua, Pekinen jolas-parkea hilik,  XV. mendeko monasterioa Alemanian, gaztelu bat Galesen, tren-geltokia Cincinnatin, Detroiteko liburutegia, Portugalgo maisu etxe bat, Frantziako errota zahar bat, Antzoki bat Chicagon, Keelung hiria Taiwanen… Bada web orri bat munduko toki abandonatu ederrenen berri biltzen duena, eta aipatutakoak, argazki polit eta sarkorrez txoko horretara ekarriak, haietako gutxi batzuk dira.

Ederrenen zerrendetan denok egon nahi dugu, noski; edozein zerrenda egiten delarik, norbere burua kontuan hartua ikustea ez da deuskeria. Eta edertasunaz ari bagara, edozeinek nahi du, jakina, hurbil egon. 40 toki horiek (zergatik 40? Auskalo!) zeintzuk diren ezagutu baino, 40 horietarik gutxienez bat gurea ote den bilatu nahi izan dut azkar. Bat, bestea, hurrena…. Ez dago. Espero nuen, egia esan. Gurerik ez dago.

Gu ez gara zerrendatan agertzen. Blog horrek bildutako gaia, zehazki, ez da garrantzitsua izanen akaso, bitxikeria da, baina zerrendak beste gaiez direlarik, orduan bai da arduratzekoa. Hezkuntza, ongizate eta garapen maila, ekonomia kudeaketa, aberastasun kolektiboa, industria… horietan euskaldunok zer emaitza ematen dugun ere, beste erraldoi batek bereganatzen ditu gure zerrendak, ez dira gure numeroak. Gureak beste zaku batean urtzen dira. Historia-liburuetan, eguraldiaren mapetan, filmetan, izendegietan, … agertzen ez bagara, ez gara; ikusezin nahi gaituzte. Edertasuna ez da nahitaezkoa justizian bizitzeko, baina izena (eta izana) bai.

Gazte honen ekimen xume eta bitxiari gure txoko utzien argazkiak bidaliko nizkioke gustura, izan, baditugulako. Askotan kanpokoa handiesten dugu etxekoaz ohartu gabe. Kuriosoa da, horren harira, toki abandonatu intensoenak (latzak baina kuttunak), gurean, behinola eraitsitako gaztelu, eraikin, gotorleku edo mugak direla, adibidez. Hara non, historiak bere magal hotzean ekarri digunaren ondorioz. Izen erauzte-saio baten emaitza. Numero izateko eskubidea kenduz. Zerrendatan lausotzeko asmoa abiatuz.

Honela, orain gutxi (eta zerrendak, izenak, tokiak eta historia testuinguru berean bildu zaizkidan honetan), unibertsitate batean ezarri den asignatura baten berri izan dut; Euskal historia eta kultura kontuak (cuestiones dio, gaztelaniaz baita). Euskaldunen garapen historikoaren gaineko ikuspegi panoramiko eta inpartziala eskaintzea omen da ikasgai honen lehen helburua. Semantikak alarma bat pizten du nire baitan, zer nahi duzue. Inpartzialitatea? Intentzio onak sinetsi nahi ditut, dena dela, hala behar baita.

Zaramak Zoaz Euskal Herrira! kantan hala zioen: “Berriz nongoa nintzen galdetu zidaten/ berriro aho bete hortz geratu ziren/ abertzaleak baditugu ere hor aberririk ez/ egunkarietan gaude baina mapetan ez”. Ba horixe.


Kanta: Zoaz Euskal Herrira-Zarama