Dantza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Dantza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016-04-16

Librea Ninçana

© Ortzadar
“Historia beharrezkoa zaigu, baina ez jakinduriaren lorategian gaizki hezitako alferrak behar duen historia; bestelako historia bat zaigu beharrezkoa”. Halaxe zioen Nietzchek.

Eta halaxeko ustearekin abiatu zuen Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Librea Ninçana proiektua Aitor Subizaren zuzendaritzapean. Hasierako oinarri nagusia Nafarroaren konkistaren urtemuga gure ekarpenarekin janztea izan zen, baina poliki-poliki beste garai latzen oroitzapena ere gorpuzten hasi zen, eta horrela, historia beraren bi mutur lotu ditugu hondarrerako, 1512a eta 1936a.

© Ortzadar
Hemen sufritutakoa bestelako lengoaia batekin kontatu nahi izan dugu; sinbolikoago, sentsorialago, gogoetazkoago. Dokumentazioak berri batzuk ematen ditu, ezkutatu digutenak huts handia utzi du, bildu ez zena ahaztu da, eta joanarazi zituztenak mina zaizkigu. Izan ere, eta inongo makillajerik gabe, gerrek hemen jende asko hil dute, eskubide asko zapuztu, patu gehiegi okertu, gezur asko iltzatu, ausentzia gorria sortu; une jakin batean etorkizuna aldatu ziguten zeharo, eta hori ez da iragan kontua bakarrik, egungo egoera ekarri digu zuzenki: “Zer estadutan aurkitzen geran, eman behar dut aditzera, pake santuan bizi ginanak, sartu gaituzte gaitzera” dio Aita Donostiak Eratsunen jasotako kantuaren hasierak.

2012an eman genuen estreinakoz ikuskizuna Gaiarre antzokian; ondotik Atarrabia, Barañain eta Xabierko auditorioetan aurkeztu genuen, eta baita Donostiako Victoria Eugenia eta Bilboko Arriaga antzokietan ere. Ibilbide ederra, intentsoa, sentimentala, ebokadorea izan da, eta batez ere, justiziari aldarria, herri honek merezi duen aitortza xaloa egiten sentitu baitugu gure burua.

Aste honetan bidaia bukatu dugu, zikloa itxi da. Ostiralean Librea Ninçana ikuskizunaren soinu-banda biltzen duen diskoa aurkeztu genuen Iruñeko Planetarioan. Ikusgarriaren gainerako elementuak ahaztu gabe inolaz ere, emanaldiaren hots-arima bildu nahi izan dugu azken txanpa honetan. Doinua, kantua, hitza eta testigantza.

Mikel Petrirena musika zuzendaria gabe zailki egin geniezaiokeen aurre halako egitasmo bati, eta ostiraleko aurkezpenean bere hitzetan sumatu genuen emozioak argi adierazi zuen bihotzean mamitu duela lana, ederki mamitu ere. Kapitulu hau bukaerara etorri da, baina zalantzarik gabe, orrialde berriei toki emateko bokazioaz. 

“Catigatu ninduçun librea ninçana, niças eras daiçu gura doçuna. (…) Ausençia triste gogor cruela, nola ilgo nauçu orain onela, despedidan indaçu lastan bat lastana, niças eras daiçu gura doçuna”.

Aitorri.

2015-10-17

Zer buruzagi, zer Campion!

Astebete joan da Joxemiel Bidador pastorala Iruñean taularatu zenetik. Aunitz erran da hartaz, ongi iragarri da bere berri, ausarki eman da haren gaineko notizia. Nori okurritu zaio egitea pastorala?

Halako egitasmorik abiarazi den lehen aldia ez da, ez eta azkena izanen ere, eta beharrik ekimenaren ziztak ez duen umezurtz utzi herri hau, gure bizitzeko nahiak gaurkoz aurrera egin du eta.

Burguen plazan ikusgai aritu ginen horiez gain jende asko aritu da itzal lanetan. Mugarik gabeko borondatea aditu da hastapenetik eta horrek zirraratu gaitu, deblauki. Herrigintzaren adierarik osoena izan da hainbertze hilabetez bizitu duguna, auzolanean uxatu baitugu betiko agorraldia. Hainbat taldetako kideak bildu gara arrazoia aski sendo sentiturik, eta, garbi da Joxemiel, hau hozitu duten zure lagunek hagitz maite zaituztela: zure oroimena errespetu eta miresmen eredugarriaz agertu dute eta denok harrapatu gaitu argi horrek; ezin gintezke engaina!

Larunbatean lanak izan genituen emozioei eusteko, lehen kantuaz batera agertu ziren publikoaren malkoek zeharo ebatsi ziguten kuraia. Emankizun osoan zehar izan zen isiltasunak osoki galdegin zuen gure esker ona. Oroz gainetik, jendearen beroa izan zen (eta da) plazer handiena, izan ere, pastoralak izan zezakeen balio artistikoaz gaindi, benetakotasun izaerarik hartu baitzuen halako euforia kolektibo ttiki bat istant batez sortuz. Euskararen sendabidean hainbeste bidezidor, arauari ez gakizkion inoiz euskaldunak zor, betiereko lan militante honek mereziko baitu tartekako bizipozik!

Jaun Merak, hala, Andre Presidentari larri zerbait egin beharko da euskaldunak gelditzeko, eta bazterretik Perpetua Saraguetak tinko zinez dugu garaitu, Iruñerriko paisaia euskaraz baitugu blaitu. Eta egiazki, arratsalde hartan kolore hori hartu zuen Iruñeko paisaiak. Nafarroako garai politiko berriak, gainera, arnas esperantzazko bat eman nahi izan zion emankizunari, euskarak bere tokia berreskuratuko dueneko metafora jokatuz sentitu ginen denak.

Beraz, aitzina segi dezagun adibide hau bitarte, elkarrekilan arituz Iruñea (berriz) euskaldundu arte. Andere tertulianoa, entzun: Gora Iruñeko euskaldunak, gora hiri buruzagia!

 
Iñaki Zuasti


I. Zuasti


I. Zuasti

2014-05-30

Lurraren pean sar nindaiteke

Ura, harria eta denbora elkarren eskutik. Harri soilak hartu zituen formak. Urak iragan ditu azpi eta behe. Denborak zizelkatu du paisaia eta aldetik alde, bidaia. Euskal Herriaren erdigune izateak, bihotz izaera egokitu dio, halako kategoriak emateko usadioaz. Aralar kareharria da, baso babesleak, herri ttikiak.

Kanpoan argia da, kontrasteak ageri ditu, usainak eta soinuak aditzen dira, aldaketak eta berritzeak gertatzen. Barruan, aldiz, ilun da, bertan denbora ez da gure denbora, beste erritmo bat darabil harriaren erraiak, ultrasoinuak dira bere taupada, motel eta isil bizi da seigarren kontinentea, hotz eta heze egiten du lo barruak.

Aralar makina bat koba, sima eta zuloz osatua da. Amutxate, Akelar, Lezegalde, Sorginzulo, Tomasenzulo, Ormazarreta, Hartzulo eta Sastarri, besteak beste. Gainazala bezain berezia du barrua, nola izenez, hala izanez. Eta bi munduen elkar-loturak oso adierazgarri bihurtzen du haren baitako esperientzia. Dikotomia.

Goiko azalak berezkoak dituen baldintzek barrua babes bilakatu dute, hemen eta edonon, eta gizakia horren bila abiatu zen milurteak atzera. Teilape, estalpe, gotorleku edo etxe. Lurrazpirako sarreren mesedea gozatu du izakiak eta gizakiak. Haren misterioa argitzen saiatu dira batzuk eta besteak.

Ekainaren 14an Aralarko Mendukilo koban bidaia intimo bat egiteko aukera izanen da. Larraungo egunaren aitzakian, barne-paseo berezia eskainiko du Ortzadarreko musikari eta dantzari sail batek Astitzeko naturaren mirakulu eder honetan.

“Artzain-txirula” izenez bataiatutako sorkuntzak mendi hauetan bizi izan den edozein artzainen bizipen eta sentipenak bilduko ditu modu esentzialean. Ebokadorean. Soil baina gorpuzturik. Animalia eta bere zaintzailearen bizitzan batzen diren soinu, doinu, hots eta melodiak, baita erritmo, dei, joko eta lanak ere, sinbolizatuko dira koba barruan.

Lur-barneko bidaia esoterikoetan, normalki, norbere buruarekin egiten dugu topo. Bakardade arraro bat bizitzen dela esan daiteke. Bakardade horrek haitzulotik gutaz beteak ateratzea dakar, prest egon beharra dago sentsazio betegarri edo itogarri hori bizitzeko, egonaldia istant bat baino luzeago bada. Gure hitzordu honetan bisitaria ez dugu bere bakardadean utziko, argi lauso eta goxo metaforiko batez emanaraziko dizkiogu urratsak saguzarren erreinuan barna. Kanpoa barruarekin uztartuko dugu une labur batez, doinu eta mugimendu laztangarriak jaitsiko ditugu harrizko unibertsora. Halako ilusiozko lizentzia batez, kanpoa eta barrua ezkonduko ditugu.

Ohoratze saio umil honen ondotik, berreskura beza kobak bere jatorrizko (ahal den) izaera, egoera, eta ezagut bitez bere ohiko musika, hots eta xuxurlak, amesten segitu nahi badugu luzaroan.

2013-11-12

Izanak dirau


Orain urte batzuk ikusi genuen Panpi Ladutxe frontoian, mikrofonoa eskutan, “zer litzateke/Euskal Herria/pilotarik gabe?” kantatuz. Kanta horren hitza maiz etortzen zait gogora, beste hainbat jardueraren harira, eta oraingoan, bereziki, dantzarekin. Zer litzateke Euskal Herria dantzarik gabe?

Izan, izan liteke, noski baietz, Euskal Herri bat dantzarik gabe, baina, harekin ibilbide luzea izan du herri honek, eta oso kontuan hartzekoa, zalantzarik gabe. Garaian garaikoa eman du dantzak, funtzio ezberdinak izan ditu, balio anitza. Kultura edo ospakizun izatetik, eginkizun identitario eta militantziazkoa izatera (hirietan nagusiki), kapitulu asko iragan da. Honela, gerora, adiera artistiko batera hurbiltzen hasi dira joerak, oro har. Azken hamarkadetan dantza taldeen baitan gauzak nola aldatu diren (edo nahi diren) ikusirik, lan egiteko beste modu bat sortu dela esan liteke; lan molde berriak martxan dira, ikuspegi berriak, testuinguruak: hariak. Baina ez da kontu arina.

Euskal dantzen folklorizazioaren arriskua, kontzeptua bera eztabaidagarri den arren, duela zenbait urte hasi zen ikusten Nafarroa Behereko Garaztarrak Taldea. Joera hori lengoaia bereziarekin gaitzesteko asmoz, Kontrapas ikuskizuna mamitu dute. Dantza herrikoia eta garaikidea, antzerkia, musika eta poesia uztartu nahi izan dira proiektu honetan, hari nagusi bati zentzua ekarriz. Ikusgarriak nortasuna du oinarri; euskararen egoera zalantzagarriaz eta baita haren transmisioaren balioaz ere pentsarazi nahi dute ikuslea. Gaur, iluntzean, Barañaingo Auditorioan taularatuko da Kontrapas.

Ibarrako Alurr Dantza Taldeak ere, zentzu bertsuan, memoria historikoa berreskuratzearen garrantziaz arduratuta, dantza eta musika baliatu nahi izan ditu zerbait kontatzeko. Izanak dirau, 1512 sorkuntza atondu dute iraganik gabekoak etorkizunik ez duela erakusteko, alegia, herri honen historiaren giltzarrietako bat beste mintzaira batekin transmititzeko. Azaroaren 17an, hala, Barañainen izanen dira gipuzkoarrak.

Zikloa ixteko, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak abenduaren 15ean Librea Ninçana ikuskizuna eskainiko du. Herri hau askea izan denekoa sentiaraziko da bertan, iradokia, sentimena, metafora. Ohiko euskal zigiluko elementuak azaletik zailki identifikatuko direlarik, zentzumenetatik abiatutako irakurketa proposatzen zaio publikoari. Baina sakonean, gurea, gureaz.

Ortzadarrek berak antolatu du ikuskizun-sail hau aurtengo Folklore Jardunaldien harira. Eta bi planoak bildu nahi izan ditu aurtengoan; taldeen lan eta lengoaia berriak sustatu nahi ditu batetik, baina tradizioaren babesa eta ezagutza suspertu ere bai, bestetik. “Nafarroako Dantza Tradizionalaren Atlasa” proiektua abian jarri berri baitu, alegia, Unescoren Materiagabeko Ondarearen Zaintzaren Konbentzioak X urte bete duenean, hain justu. Berri gehiago izateko, www.ortzadar.org. Dantza, tradiziozkoa zein berria, euskaldunak bereak baititu.