Kultura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Kultura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016-04-16

Librea Ninçana

© Ortzadar
“Historia beharrezkoa zaigu, baina ez jakinduriaren lorategian gaizki hezitako alferrak behar duen historia; bestelako historia bat zaigu beharrezkoa”. Halaxe zioen Nietzchek.

Eta halaxeko ustearekin abiatu zuen Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Librea Ninçana proiektua Aitor Subizaren zuzendaritzapean. Hasierako oinarri nagusia Nafarroaren konkistaren urtemuga gure ekarpenarekin janztea izan zen, baina poliki-poliki beste garai latzen oroitzapena ere gorpuzten hasi zen, eta horrela, historia beraren bi mutur lotu ditugu hondarrerako, 1512a eta 1936a.

© Ortzadar
Hemen sufritutakoa bestelako lengoaia batekin kontatu nahi izan dugu; sinbolikoago, sentsorialago, gogoetazkoago. Dokumentazioak berri batzuk ematen ditu, ezkutatu digutenak huts handia utzi du, bildu ez zena ahaztu da, eta joanarazi zituztenak mina zaizkigu. Izan ere, eta inongo makillajerik gabe, gerrek hemen jende asko hil dute, eskubide asko zapuztu, patu gehiegi okertu, gezur asko iltzatu, ausentzia gorria sortu; une jakin batean etorkizuna aldatu ziguten zeharo, eta hori ez da iragan kontua bakarrik, egungo egoera ekarri digu zuzenki: “Zer estadutan aurkitzen geran, eman behar dut aditzera, pake santuan bizi ginanak, sartu gaituzte gaitzera” dio Aita Donostiak Eratsunen jasotako kantuaren hasierak.

2012an eman genuen estreinakoz ikuskizuna Gaiarre antzokian; ondotik Atarrabia, Barañain eta Xabierko auditorioetan aurkeztu genuen, eta baita Donostiako Victoria Eugenia eta Bilboko Arriaga antzokietan ere. Ibilbide ederra, intentsoa, sentimentala, ebokadorea izan da, eta batez ere, justiziari aldarria, herri honek merezi duen aitortza xaloa egiten sentitu baitugu gure burua.

Aste honetan bidaia bukatu dugu, zikloa itxi da. Ostiralean Librea Ninçana ikuskizunaren soinu-banda biltzen duen diskoa aurkeztu genuen Iruñeko Planetarioan. Ikusgarriaren gainerako elementuak ahaztu gabe inolaz ere, emanaldiaren hots-arima bildu nahi izan dugu azken txanpa honetan. Doinua, kantua, hitza eta testigantza.

Mikel Petrirena musika zuzendaria gabe zailki egin geniezaiokeen aurre halako egitasmo bati, eta ostiraleko aurkezpenean bere hitzetan sumatu genuen emozioak argi adierazi zuen bihotzean mamitu duela lana, ederki mamitu ere. Kapitulu hau bukaerara etorri da, baina zalantzarik gabe, orrialde berriei toki emateko bokazioaz. 

“Catigatu ninduçun librea ninçana, niças eras daiçu gura doçuna. (…) Ausençia triste gogor cruela, nola ilgo nauçu orain onela, despedidan indaçu lastan bat lastana, niças eras daiçu gura doçuna”.

Aitorri.

2016-02-21

Bortuetako

Orain aste batzuk The Basques of Santazi eta Garazi filmak ikusteko aukera izan nuen Nafarroako Filmotekan. Lehena 1987ko lana da, Sandra Ottena, Zuberoako bi familiaren eguneroko zehatza biltzen duena. Antropologoa, Leslie Woodheaden zuzendaritzapean, bi urteko lanean jardun zen bi abere-etxalde horien bizimoldea jasotzeko. 80ko hamarkadan harrezkero bizitzen hasia zen landa-munduaren gainbeheraren patu mingotsa biltzen du aski modu errespetuzkoan.

Bigarrena, berriz, 1959ko lana da, Arnostegiko (Orbaitzeta eta Eiheralarre muga diren hartako) Ellande Etchehandy artzainaren bizitza ezagutarazten duena. Zuri beltzean da filma, eta zuri beltzean jasotzen dira haren laino, bakardade, mendi-gain, lan eta bizilegeak. Bortu gaineko artzainen bizitza, dokumentuaren egileek (Jacques Krier y Jean Claude Bergeretek) esana, “gogorra bezain harrigarri eta poetikoa” omen.

Biak ala biak, desagertzen ari diren hainbat molderen dokumentuak dira. Haietan, etxearen beraren (abereak, lurrak, jarduerak…) bizirauteko zalantza gorria sumatzen hasten da.

Egonean egoten ikusi ditugu, lanean temati eta gogotsu, inon idazten ez diren arauei eutsiz, jan onaren gozamena erakutsiz, izerdiaren praktika sufrituz, kantuaren balioa eta hitzaren desafioa eurena da, pausaren osasuna eta naturaren ondasuna ezagutzen dituzte. Horregatik, film hauek ikusteko batek erantzi beharrak ditu egungo bizitzaren tenpoa, gertagarritasunaren sindromea, irakaskuntza gidatuaren batuta eta begibistako informazioaren adierazleak.

Berriz ematekoak omen dira, izandako foro-arrakastagatik. Nire irudikoz, merezi du lan hauek ezagutzea. Baina argi edukiz, egungo zine-moldeetatik urruti den eskema batez ari garela, barne-irakurketak duela egiazko garrantzia, eta, haietan bildutakoak hizkuntzaren, keinuen eta egintzen egia-hezurretik hurbilago daudela gaurko modazko konbentzio, mozorro eta parafernalietatik baino.

“Bortüko bidea beita bai segür aski penagarri, baratx-baratxa juraiten gira oi! denak kurajez beterik, zonbait historia kontatüz erriz batak besteari, xahako bürü gorritik trago zonbait üsü tiratürik”.


2016-02-07

Inaute, itoko haute!

“Lehen ilaratik ikustea lortu duzue!” entzun nituen bi lagun Iturengo inauteriaz. Zer da lehen ilara inauteri batean? Delako lehen ilara ote da hura ongi ezagutzeko tokia? Borondate onez esaten zion batak besteari, baina horrek zerbait uzten du agerian. Espektakuluaren aroan bizi gara eta oharkabean hori bilatzen dugu. Inauteri baten esentzia ez dago lehen planoan bistara, eta ikusle pasibo garen neurrian, ez dugu bere egiazko arima ezagutuko; azaleko argazkia lortuko dugu bakarrik.

“Maskarada ikusteko sarrera ordaindu behar da?” galdetu zidan ikasle batek joan den astean. Hau ere jakin-min umilenarekin agertua, baina galderak beste zerbaiten berri ere ematen digu. Seguruena belaunaldi gazteagoek ohikoago, baina denek ere neurri batean, kultura planifikatu eta programatu baten dimentsioa gurea dugu. Zerbitzu-eskaintzarena, salerosketarena, erreserbena, arauena.

“Aizue, kontuz ibili, dirutza balio duen kamara daramat!” bota zuen haserre gizon batek aurtengo inauteri ospakizunetako herri ttiki batean bultza galdu bat jaso zuelako. Bera da herri horretara bisitan joan dena, eta dena National Geographic-gaitzat hartu nahi izateak prezio bat du. Inauteria bizia da, behar du, eta berezkoa zaion arauen iraultza horretan batek testuinguru horretan modu naturalean sartzen jakin behar du. Bestela, bazter batean (eta batetik) hobeki.

“Jo duzuen pieza hori ez da zehazki horrela” esan zion turista batek musikari bati joan diren egun hauetako batean. Bisitariak (etxekoa, kasu) ez zuen asmo txarrarekin egin komentarioa, baina, bistan zen, inauteriaren soinu-bandaren akatsak zuzendu nahi zituen. Tokian tokikoari gauzak nola egin esateraino ausartu gara.

Hala, Goethek esandako hura ekar genezake: “inauteria herriak bere buruari ematen dion festa da”. Hemen bildutako egoerei begiratuz, inauteriak herriak bere buruari ematen dion zerbait izaten jarrai dezala desiragarri litzateke.

Gehiegikeria, irrazionaltasuna, metamorfosia, baimen eternoa, arauen iraultza, rol aldaketa, gozamena eta lizunkeria. Hala bedi luzaz.


2015-10-31

Esaten ez dizudan hartaz

Eta bai. Amama pelikulak eman du solas egiteko aitzakiarik. Filmak hainbat bizimoldeko jendea ukituko duela iruditzen zait. Nagusiki, jorratzen den oinordetzaren harira halako egoera bat bizitzen ari dena edo hartatik pasatutakoa, ispilutuko baitzaio baserriari eusteko gurasoek hautatua izatea zer den eta beste bide bat aukeratzeko bidegurutze triskantzatsuan egoteak zer pairarazten duen.

Bestetik, baserriaren munduan sortua eta hezia dena, baina hartatik aldatua dena ere (faktore ugari tarteko) hunkituko dela esanen nuke. Nolabait, baserriarekiko loturan haustura bat gertatu bada, kontzienteki erabakia ala zorizkoa, ikus-entzunezkoak gure baitan eragitea erraza da. Aldiz, eta intuizioz ari naiz, baserrian bizi denak pelikula ikusi eta bertan ageri dena aitortuko duela uste dut, ez zaiola barrena besteei bezainbeste urratuko. Agian, baserria hiltzera doalako irauliko zaio gogoa, min handia baita hori liseritzea. Baina ez da baserria utzi duenaren erru-zama sentimendua izanen. Hori ere aski pisua. Nolanahi ere, aintzat hartzeko bi min.

Askok ikuspegi erromantiko gehiegiz ulertzen baitu landa-mundua. Hiriaren mihi luzeak hori erakutsi du maiz, halako ezagutza txikiko ausardia batez. Baserrian bizi denak eta baserria bizibide duenak badaki zer den hori, eta badaki harekiko begirada bukolikoaren iruzurraz. Errespetua nahi du. Eta, era berean, baserriko alaba edo seme denak, bat-batean bere esku sentitzen du hainbeste belaunaldik iraunarazi dutena galarazteko eta eteteko erabakimen garratza. Desohorearen madarikazioak itotzen du, sokak nola.

Amatxi, filmean erro, lekuko eta akuilu ageri da. Amamak isilik espresatzen du, ohi gisan hemen. Berak egin beharrekoa egina du. Eta esperoan da, begiradaz igorririk testigantza. Juan Antonio Urbeltzen kantu ezagunak “pentsa zuk esaten ez dizudan hartaz” dio eta baserriko bizimodu eta errealitate honek asko du halakotik. Gaurko solasaldien banalizazio erakustaldien aldean, baserriko unibertsoan gauza asko ez da hitzez erakusten, kontatzen edo egiten. Eta hori ere, herri honen idiosinkrasia da.

2015-05-10

Arreta erreta

Hegazkinak mendia jo zuenekoan errua nori egotzi erabakitzeko eztabaida publikoa, morboa bera harritzerainoko detaile xeheak zabaltzeko behar ankerra, pilotuaren mediku-historia inongo eragozpenik gabe barreiatzeko erraztasuna, biktimen familien desgrazien bizitza-biografiak saltzeko joera jakin-min piztailea…

Irakasle gaztea hil zuen nerabearen pasadizo beltza, eta mutikoaren pauso guztien detaile oro jakitea beharrezkoa ez duen gaztetxoaren belarrien ataria pozoitzea, gertakizuna ezagutu eta berehalako azkarrean egintzaren kausa psikologikoa seinalatzea…

Nepalgo lurren astinduak ekarri duen sarraskia, sobera milaka lagun bidali baitu heriotzara, eta hari begira notizia, zer mirakuluk agerraraziko duen haurren bat salbu, zer amak kausituko duen bere sendiko inor hauts artean bizirik, nola egiten dioten aurre zorigaztoko biztanleek eguneroko duingabe bati. Ttanttaka, zenbaketaren agonia-jarioa.

Eta zifrek honezkero ez gaituzte eragiten. Ezer gutxik harritzen gaitu. Besteen minen eta doluen nozitzeak ere, ez gaitu asaldatzen. Aitzitik, perbertitzen gaituela esango nuke. Errukia saltzen dugu baina egiaz ez zaigu kabitzen, gauza gehiegi dugu liseritzeko.

Informazioaren neurriak pasa ditu mugak; gero eta gehiago behar dugu, gero eta goizago, gero eta xeheago, gero eta sinesgaitzago. Hondamendi, notizia txar eta sarraskiak gertatu baino ere lehenago jakitera goaz sarri; nor enteratuko lehen, hura jantzien (lehenago jakiteak ezer moldatzeko aukerarik ekarriko balu sikiera…). Informazioaren arrantza-garaia. Nor gaurkotuago, nor jakitunago aktualitateaz; norgehiagoka, funtsean. Dena, seguru aski, lehia kategoriara ekartzen dugulako.

Eta ez dugu aski oinarrizko informazioarekin. Nor baino nor kazetariago. Hamaika aldiz jasoko dugu, gainera, sare sozial, telebista, irrati, egunkarien bitartez. Hamaika aldiz zabalduko gerorrek ere. Egia izan ala egiaztatu gabekoa izan. Sasi-kazetari, orduan, gu. Dena jaso, sinetsi, kontatu, epaitu, eta ondotik, nola ez, harekiko jokaera eta postura etikoak birtualki segituan zabalduko, eskatuko, ia-ia behartuko ditugu. Solidaritatea, edo laguntza, berdin ere kontzientzia astintzeko militantzia, hainbat ekintzaren harirako gaitzespena… zernahiko gogoeta ttikienarekin moralaren eredu agertuko gara. Aldiro, giza-eskubideen aldarria erakutsiko dugu han eta hemen. Ahal bada, birtualki.

Informazioaren gizartea omen gara aspaldixko. Kontua da horrek ez duela zuzenki adierazten jakintzaren gizartea garenik, eta ez da gako txikia. Informazioaren kudeaketa-molde berri honetan nahasmena ere sustatzen baitugu, azalekeria, pasibotasuna, distortsioa, omnipresentzia eta bertze hainbat jokaera. Inbasioa dugu, berrien, agenden, ezbeharren, asmakuntzen, tontakerien, publizitatearen, aurreikuspenen, moralkeria-esaeren, teoria berrien, eztabaiden, lapurreten gehiegizko berri.

Ase gara. Ase gaude. Arreta bera ere aspertu dugu, agortu, akitu, erre. Arreta erre.

2015-04-26

Lapurrak eta izuaren jokoa

“Lapurra gauez zure etxean sartzen bada eta oihu egiten baduzu, ez dizu inork adituko. Alarmarik baduzu, polizia ailegatuko (sic) da. Babestu zure seme-alabak”.

“Lapurra zure etxean sartzen bada eta bila dabilena aurkitzen ez badu, ez da joanen, haserretuko da. Babestu zure familia”.

“Lapurrak zure txaleteko hesiaren gainetik salto egiten badu, salbatuko zaituen bakarra alarmak jotzea da”.

Segurtasun enpresa handi eta famatu baten iragarki berriak dira hauexek. Hiru adibide. Entzun nituen lehen aldiaz geroztik, ezin dut ene harridura agertzeko beharra ito. Segurtasun eta alarma kontuetan liderra izanen da, ez dakit batere, baina darabilen marketin modeloan boterearen sistemaren arrasto garbia ageri du.

Halako teknika komertzialekin (subliminaltasuna ez da honezkero baliozko balore, antza denez) erraza da izua eragitea, segurtasun eza (erredundantzia jokoan) sorraraztea, eta horren araberako emaitzak eskuratzeko bideak marraztea. Beldurra emozio primarioa dugu; instintu defentsiboa gugan da. Eta beldurra kutsakorra da. Beldurrak indar eman diezaguke, baina baita ahuldu ere. Hala da tresna bihurtzen, erreminta. Oso eraginkorra gainera. Ongi daki erlijioak. Ongi daki botereak.

Beldurra denaren oinarria da (B. Russell); misterioari beldurra, porrotari beldurra, heriotzari beldurra. Afera da beldur zeri izan behar zaion seinalatzen zaigula gero eta gehiago. Instintiboa izan ordez, ia-ia katalogatu digute izua.

Chomskyk esana du manipulazio mediatikoaren 10 legeak edo estrategiak nola diren. Alderdi emozionala hausnarketa baino gehiago erabiltzean datza arauetako bat; klasikoa da analisi arrazionalean kortozirkuitoa sortzeko teknika, ondotik gizabanakoaren izaera kritikoan zuzen-zuzenean eragiteko. Erregistro emozionala erabiliz, inkontzientera ailegatzeko atea zabaltzen ahal da ideiak, desioak, beldurrak ezartzeko, jokaerak eginarazteko edo induzitzeko.

Iragarki horiek, denak bezala, eragileak dira, baina zerbait gehiago ere bai; inbasibo, kezkagarri, merkadeante, katastrofearen iragarle ari dira (“oihu egiten baduzu, ez zaitu inork adituko”). Eta, ez da, delako enpresa horren publizitateak loa eragotzi behar digunik; beldurraren kulturak erabat hartuta gauzkala ohartzea, baizik. Izozmendiaren muturra besterik ez da, bai; baina izozmendi handiarena. Adi.

Alarmak gora eta alarmak behera, kasualitatez lagun batek aste honetan bertan, halako arratsalde batez, ijito familia bat aurkitu zuen etxeko atarian (herri txikia da); tinbrea joka sendi osoa haur parea eta guzti. “Kaixo jaun, eskatzera gatoz, bestela, jan ahal izateko, ebastera etorri beharko dugu”. Securitas-eko marketin departamentuari kontatzekotan naiz.


2014-12-21

Eguberri zahar, nik atorra zahar

Urtearen akabuak zahar-berritze behar bat errotu du gurean aspaldi. Urte zaharrak aro bati adio egiteko eskatzen duelakoan, eta berriaren ondasunen esperantzetan, urak funtzio polita izan du sinbolismo horretan. Oraindik ere bizi-bizi da herri gutti batzuetan, Urdiainen esaterako. Ume, gazte eta helduek, kantuaren laguntza ebokadoreaz, gaua aski gau denean, herriko iturri lerden eta eleganteen bueltan egiten dute elkarretaratzea, pitxerretan lehen urak hartzeko.

Gaueko 12etako ur horrek nolabaiteko jaio-berritzeko ahalmenik duela sinestuta, lehen bezala orain ere (hainbat tokitan) ur berria etxez etxe partitu izan da. Honekin batera puska-biltza eta kopla kantatuak izaten dira tokian toki, landa-inguruan, esan nahi. Hamaika bertso jaso izan dira honen harira ahozko tradizioaren bilketetan, eta adibidetako, Jose Mari Satrustegik maisuki bildu eta aztertutako saila dugu. Beste asko oraindik ere herritarren oroimenean bizi dira.

Barranka-Burunda dirudi usadio honi indar gehixeagoz eutsi dion ingurunea; bertako aldaera asko honela hasten dira: 

“Ur goiena, ur barrena, 
urte berri egun ona, 
baita guk ere umore ona”. 

Etxez etxerakoan, bestetik;

“Egun onaren señalia, 
emen dakargu ur berria, 
borondaterik balin ba dezu, 
iriki zauz ataria” bildu da Larraunen. 

“Urte berri berri, zer dakarzu berri? 
Uraren gañean bakia ta osasuna, 
urtex, urtex!” 
aldiz, Baztanen, aspaldiko garaietan dokumentatua eta oraindik ere gogoratzen den formula baita.

Neguko solstizioaren praktiken baitako erritu hau ez da gurea bakarrik izanen, seguruena, halako zaharra bota eta berria hartzeko sinismen pragmatikoak izanen du beste aldaerarik munduan barna; kontua da nekez eusten zaiola (edo korrontez kontra eusten zaiela) halako antzinako arrastoa duten usteei, berriak sortzen diren neurrian.

Nolanahi den, fede mota bat dela (edo izan dela) pentsa genezake; ustea, sinesmena, esperantza. Urte zaharrak beti baitu zer eraman, eta berriak zer ekarri. Zerbaiti leial izaten gatzaizkio bizitza arinago izan dakigun. Norberak bere estiloan, batzuek loteria, besteek erlijioa, besteek futbola dute euskarri. Besteek izenda ezin edo definitzen zaila den zerbait. Batzuetan gure buruari engainu egin beharra diogu zailtasunak erraz hartzeko; okerrago da, ordea, engainua besteen eskutik datorrenean eta fede fabrikatu eta interesatu bat gugan sustatzen dutenean.

Ur berri, ardo berri zein gin-tonic berri, urtezahar aro honetan norbere barrenak eskatzen duena edatea edo egitea izanen da hauturik onena. Errituen jatorria edo sorburua zeinahi izanik ere, egin diezaiogun agur urte zaharrari eta harrera berriari.


2014-05-30

HITZAK MIN liburua



Eta hitza oinaze izanen da

Hitzak ez du zauria sendatzen, baina laguntzen du. Halaxe iradokitzen zuen Letek Hitzez hitz poema eder eta sakonean. “Hitza oinaze izanen da, oinazeak gure zauriak sendatuko ditu (…). Baina ez dago sendatzerik, baina”.

Izan ere, bada toki bat munduan, zeru eta lur artean, hitzak min hartzen duenekoa. Hitzak min hartzen baitu; baita eman ere. Gizakiok gauzak izendatzeko beharra dugu sentitzen dugunari forma emateko. Hitzarekin jabetzen gara errealitateaz, eraikitzen dugu hura, eta eraikitzen gaitu gu geu, minez ala osasunez, gorpuzten gaitu. Hitzarekin, halaber, etorkizunaren norantza erabakitzen dugu. Hitza galtzen dugun neurrian, gure burua egiazki ezagutzeko aukera galtzen dugu. Har dezagun, bada, hitza lagun min.

Hitzak min liburu bihurtu dugu, aspalditxokoak eta hurbilagoak barne, hainbat artikuluren bilduma osatu dugu. Zutabe honetatik gaindi, bestelakorik ere ekarri nahi izan dut publikaziora, beti ere, hari orokor bati helduz. Herria eta bere izaera ardatz harturik, eta inguruan daukagunak kezka izanik, hamaika gai hartu ditut hizpide idazten hasi nintzenetik. Kultura, nortasuna, hizkuntza, folklorea edota ondareari, besteak beste, begirada zorrotza eman nahi izan diet, irakurlea, alegia, gogoeten bestaldean dagoena, bidaia intimo baten partaide sentiarazteko asmoz. Bidaia intimo eta pertsonal honetan, gai batzuk samurrak dira, beste batzuk ez hainbeste, baina denak sentimendu kutsu nabari batez emanak dira. Bizi dugun errealitatea hitzaren bitartez liseritzeko modu bat izan da honakoa, norbere behar batetik sortua, gainerakoekin konpartitzeko gogo zintzoaz datorrena.

Bildumari Jean Louis Davantek eman dio babes. Harreman profesional gisa hasi zena, harreman pertsonal bilakatu da eta konfiantzak baimendurik, bere begirada jantzia galdegin dut, lan hau indarrez kaleratzeko. Arrazoi ugari dira zuberotar bat hautatzera eraman nautenak. Batetik, aditua eta aritua da, jantzia eta ongi jantzia ere. Idazlea, euskaltzaina eta irakaslea, besteak beste. Bestetik, Iparraldearen ikuspegia ezin hobeki transmititu izan dit, eta gure herriaren bi errealitate(ak) hurbiltzea nahitaezkoa deritzot, puzzlea zatika ez dadin. Hangoari so, euskal herrien bilakaeraz asko ikasi dut. Jean Louis, zentzu honetan, erreferente handia izan dut, eta hitzaurrea eskatu diodanean, honela azaldu du liburu honen zergatia edo arrazoia.

 “Liburu hau artikuluz osatu digu. Kontua da, batetik, liburu askoak zatika idazten direla, eta ez maratoia bezalako arnasaldi bakarrean; bertzetik, artikuluak agertu arau galtzen direla, salbuespen handiz kanpo, paperezko sudur-zapiak bezala, baita pastoraletako kantuen gisara. Liburu batean berriz agertzeak interesik badu: iraunkortzen ditu, gainera batasun bat ematen die, are gehiago edukian koherentzia bat badutelarik beren artean”.

Asteartean aurkeztuko da liburua Iruñean.

Lurraren pean sar nindaiteke

Ura, harria eta denbora elkarren eskutik. Harri soilak hartu zituen formak. Urak iragan ditu azpi eta behe. Denborak zizelkatu du paisaia eta aldetik alde, bidaia. Euskal Herriaren erdigune izateak, bihotz izaera egokitu dio, halako kategoriak emateko usadioaz. Aralar kareharria da, baso babesleak, herri ttikiak.

Kanpoan argia da, kontrasteak ageri ditu, usainak eta soinuak aditzen dira, aldaketak eta berritzeak gertatzen. Barruan, aldiz, ilun da, bertan denbora ez da gure denbora, beste erritmo bat darabil harriaren erraiak, ultrasoinuak dira bere taupada, motel eta isil bizi da seigarren kontinentea, hotz eta heze egiten du lo barruak.

Aralar makina bat koba, sima eta zuloz osatua da. Amutxate, Akelar, Lezegalde, Sorginzulo, Tomasenzulo, Ormazarreta, Hartzulo eta Sastarri, besteak beste. Gainazala bezain berezia du barrua, nola izenez, hala izanez. Eta bi munduen elkar-loturak oso adierazgarri bihurtzen du haren baitako esperientzia. Dikotomia.

Goiko azalak berezkoak dituen baldintzek barrua babes bilakatu dute, hemen eta edonon, eta gizakia horren bila abiatu zen milurteak atzera. Teilape, estalpe, gotorleku edo etxe. Lurrazpirako sarreren mesedea gozatu du izakiak eta gizakiak. Haren misterioa argitzen saiatu dira batzuk eta besteak.

Ekainaren 14an Aralarko Mendukilo koban bidaia intimo bat egiteko aukera izanen da. Larraungo egunaren aitzakian, barne-paseo berezia eskainiko du Ortzadarreko musikari eta dantzari sail batek Astitzeko naturaren mirakulu eder honetan.

“Artzain-txirula” izenez bataiatutako sorkuntzak mendi hauetan bizi izan den edozein artzainen bizipen eta sentipenak bilduko ditu modu esentzialean. Ebokadorean. Soil baina gorpuzturik. Animalia eta bere zaintzailearen bizitzan batzen diren soinu, doinu, hots eta melodiak, baita erritmo, dei, joko eta lanak ere, sinbolizatuko dira koba barruan.

Lur-barneko bidaia esoterikoetan, normalki, norbere buruarekin egiten dugu topo. Bakardade arraro bat bizitzen dela esan daiteke. Bakardade horrek haitzulotik gutaz beteak ateratzea dakar, prest egon beharra dago sentsazio betegarri edo itogarri hori bizitzeko, egonaldia istant bat baino luzeago bada. Gure hitzordu honetan bisitaria ez dugu bere bakardadean utziko, argi lauso eta goxo metaforiko batez emanaraziko dizkiogu urratsak saguzarren erreinuan barna. Kanpoa barruarekin uztartuko dugu une labur batez, doinu eta mugimendu laztangarriak jaitsiko ditugu harrizko unibertsora. Halako ilusiozko lizentzia batez, kanpoa eta barrua ezkonduko ditugu.

Ohoratze saio umil honen ondotik, berreskura beza kobak bere jatorrizko (ahal den) izaera, egoera, eta ezagut bitez bere ohiko musika, hots eta xuxurlak, amesten segitu nahi badugu luzaroan.

Propolis edo herriaren defentsa

Berriki, erlearen munduaz interesa piztuta, Ultzamako ezti-egile batengana jo dugu zerbait ikasteko asmoz. Egungo zurrunbiloa hirian utzirik, lasaitasunaren ingurunean ongi lekutzen da edonor jakintza berriak entzuteko.

Eltsoko Ezkurdi etxeko jabeek ongi ezagutzen dute erlea. Haren gaineko edozer kontu xarmaz eta atseginez azaltzeaz gain, museo gisara jarritako baserrian erraz laketzea ahalbidetzen dute, ofizio horren mirakulu eta sekretuen atmosferan murgilduz.

Erle-komunitatearen antolakuntzaren nondik norakoak xehekiago ezagututa, gizakia inutil samarra dela pentsa genezake, eta barka atrebentzia. Bizitza osoa ematen du batak zerbait egiten ikasteko, eta arin demonio jartzen da bestea, intsektu ttiki hau alegia, bizikideekin elkarlanean. Lezio ederrak ematen ahal dizkigu, bai horixe!

Tradizio handia bildua da erlearen bizimoduaz, sinesmenez eta usteez. Eta gaur egun Miel de la Granja San Francisco edulkoratzaile ditxosoaz inbadituta gaudela, ez dugu batere ezagutzen eztiaren balioa eta erlearen lan ona. Gozagarria da zaharrei entzutea nola zuka egiten omen zitzaien erleei, errespetuz egiteko, sakratu zirela uste baitzuten. Goxo hitz egiten zien erlezainak, ziztadarik jaso ez zezan. Gainera, ongi zaintze horretan, batzuek ardo gozoa ematen zieten neguan, hotzak ez akabatzeko, azukre-ura emateaz gain.

Erleak, usteei eutsiz, ezin ziren saldu, katuak bezala, esaterako. Zorte txarra ematen omen zuen horrek, oparitu egin behar ziren. Eta onura asko ekar zezakeen erlearen ziztadak, erreuma edo artrosia sendatzen zuela jaso da Nafarroan: “Ipurdia erakutsi behar zaio erleari”.

Era berean, etxeko jauna edo andrea hiltzen zelarik, berria eman behar izaten zitzaien erleei (eurek ere ohartzen zirela entzun izan dut). Batzuek hiru kaska eman behar omen zitzaiela diote eta ondotik, argizari gehiago egiteko eskatu, hiletarako behar izanen zena sor zezaten.

“Ez dute erasotzen, defendatu egiten dira” dio irmoki nagusiak, fama astunak garbitze aldera. Eta haren ondotik, bonbila piztutako bati “garaian baskoiak bezala!” etorri zaio ahora. Irriak ondotik.

Eta hara non, defentsa-plan arautua duten hauek ere, elementu klabeetako bat propolia delarik. Grezieratik eratorria, hiriaren defentsa esan nahi luke propolis hitzak (pro “aurre” eta polis “hiria”). Gaur antibiotiko natural gisa hartzen dena, erromatarrek, ordurako, zauriak sendatzeko, adibidez, usu erabiltzen zuten. Pliniok berak, harrezkero, azaldu omen zuen edozein bakteria edo arerioren erasoaz babesteko estaltzen zutela erleek erlauntza, haien etxea, alegia. Euskaldunak, antzina, propoli gutxiegi maneiatu ote zuen harenaren defentsan?! Kaben!




2014-03-12

8 abizen, hainbat izen eta izanik ez

ez gaituzte sobera maite baina etengabe ahotan gaituzte auzolagunek. Azkena, 8 apellidos vascos filma. Ongi legoke 8 abizen espainiar gisako bat gure ikuspegitik landutako eta topikoak baino zerbait gehiago bilduko lukeena ozen eta marketing indartsuaz eman ahal izatea. Gaurko egoera eta egintzen tamaina ikusirik, fikzio estiloa landu beharko genuke, hori bai, auzokideen berri eman nahiko bagenu.

Ez gaituzte nahi, baina aldioro haien aitzakia gara. 8 baino gehiago dira espainiar telesail eta filmetan erabili dituzten euskal abizenak, portzierto. Zaletasun porrokatua dute gureekin; hasieran ulergaitzak direla diote, baina gero ederki baliatzen dituzte pertsonaiei halako xarma bat emateko.

Kasualitate gaitz batengatik astakirten batek idatzitakoa bidali didate gaur zortzi, ditxosozko pelikularen harira hain justu, eta, hala, euskalduna asperra dela, itsusia, goibela eta hotza, jendetasun gutxikoa, ego handikoa eta flema-lengoaiaduna zioen. A, eta ea aurki daitekeen historiara pasa den euskaldunik, Argiñanoz gain. 8 apellidos vascos pelikulan 8 topiko horiek edo antzerakoak ikusiko ditugula badakit.

Hainbeste damutzeko duen herrialde batek besteez pelikulak barra-barra. Eta hara non gu, gainera, haien publiko. Izenburuarekin jendea engantxatu bezain erraza omen da. Eta, halaxe, euskaldunez beste pelikula bat erdaraz hozitua eta pentsatua. Argi da garaile nor aterako den.

Zer litzateke Europa mailako (eta mundu mailako) zinema konkistatzerik bagenu? Gure egia konta-tzeko aukerarik bagenu? Mundua liluratuko lukeen pelikulatzarra zabaltzeko gai bagina? Gure lumaz, gure hitzaz. Gure erreferenteak besteen esku daude etengabe, haiek gizarteratzen dituzte haien modura, neurrira eta "estilora".

Zinemaren laguntzaz ezagun eginen genituzke gure pertsonaia handiak, gure hizkuntzaren berezitasun edo normaltasunak, historiaren joanean egoak eta jendetasunak nola kudeatu ditugun, baita eskuzabaltasuna ere, eta erakutsiko genieke gure aktore eta aktoresak zein eder eta lirainak diren.

Faltan dut, ikaragarri, gurea pantailara ekarririk; unibertsalki; handi; guk, gurea, guretzat eta munduarentzat. Euskal Herrian sortutako askok du esker onaren merezimendua, baina ez gara herri ozena, eta barne-kontsumora mugatu gara nagusiki. Euskaldunaren hitza munduak ezagutzea bidezkoa litzateke.

Dena ez baita deitoragarria, azkenaldiko film on bati aipamena zilegi zait une honetantxe. Uste dut miresmena eta esker ona azkarki jasoa dela, eta deus gutxi gehi dezakedala neronek, baina, orain gogotu zait zorion mezua. Gartxot pelikulak malkoa eta irria sortu ditu, zirrara eta emozioa, harrotasuna eta sentimena. Marrazki bizidunak izanagatik, euskaldunon historia-orriak zoragarri osatzera etorri baita lana. Halakoen beharra dugu herri gisa. Hori da bidea. Bat baino, zortzi badira, are hobeki.

2014-02-25

Einsteinen mozorroak


Berriki zabaldu du Barne Ministerioak, eta aurtengo inauterien karietara arin demonio egin gainera, Guardia Zibil mozorrotzea debekatua dagoela. Zentzu batean, ona ere badela pentsa genezake, albait gutxien ikus dezagun uniforme hori gure paisaietan; ea gure iruditeriatik aldatzen ditugun halako presentziak poliki-poliki, izan ere, haiek errepresentatuz, ez al dira etengabe biziarazten? Zenbat buru, hainbat aburu, ez gatoz eztabaida hori argitzera.

Edozein gisaz, debekuaren estrategiari baizik heltzerik ez dionak, urari mugak jartzea bezain ahalegin etsian ari dela dirudi. Eta duintasun eskale, gainera. Aj! Kontrolaren behar hereditarioa izanen da, belaunaldiz belaunaldi ekarri dutena. Arau ezarle, eskubide murriztaile, inposizio zale dira. Eta inauteriak hain justu hori errefusatzen du oinarrizko printzipio gisa. Baina, noraeza itsuan, beste esparru askotan bezala, inauteri garaian ere “hemen gaude” handi bat oihukatu beharra du botereak, nork agintzen duen ez dezagun ahantzi.

Unean uneko debekuen gainetik, Satrustegik berak iradoki zuen inauteriak izan zezakeela bere sorburuan eta bere baitan gizakiaren nolabaiteko exijentzia biologikoren bat. Eta baliteke. Askatu, berritu, inausi, hautsi, ernatu, irauli, sortu, erauzi, lurperatu, astindu, haizeratu, oihukatu, bota, zirikatu, ospatu, bukatu eta hasi. Ez ote da hori inauteria? Ez ote dugu denek ere, inoiz, hori egiteko beharra? Alegia, animoaren azaleratzea eta berrezartzea. Inauteriak, gaurkoak ere, badu jendearengan iniziazio erritutik zerbait; bai bederen, inauteriak sakonean duen buruketa sinboliko horrek, izan otsailean edo abenduan, izan mozorroturik edo zomorroturik. Eta berez, ere bai, izan boteredun edo herri xehe.

Behar eta gozamen hori nabari zaio hainbeste herritako ospakizun ugariri, zorionez. Egiazko egun handi baitituzte batzuek. Eta ez bereziki jantzi eta egiteko espezialak prestatu dituztelako, baizik eta, hartatik gaindi bizirik den atmosfera batek eusten dituelako osasuntsu. Hara Zubietako gazteak aurten watzap guztietan barrena zein famatu bestelako joare batzuk ageri zituztela! Ez zuen, ez, planifikazio handirik izanen haien “beste” karrika-dantzak.

Egunotan han eta hemen ari da jendea animoa azaleratzen eta berrezartzen beraz, eta hala, bolada honetako gai nagusietako bat baita, nahi gabe (zin dagit), adin ertaineko pertsona bati Zuberoako maskaradaz, inauteriaz alegia, entzun diot “ez dagoela hori baino gauza aspergarriagorik”. Einsteinen aipu bikaina etorri zait gogora, zer nahi duzue?, unibertsoaren mugagabetasuna beste zerbaitekin alderatzen duen hori. Hasieran aipatutako debeku berriaren ideiaren gisan.

2013-12-23

“Na, na, na, na, naaa…”

Erlijio berriaren meza nagusia gaur. Denak irrati-telebistari so, fedearen deirik gordinena abenduko honetan, ea gaurkoak zoria gurera dakarren. Sosa. Edo dirua. Edo aberastasuna.

Igande honek arima asko izanen ditu bahiturik, ilusioen dantza arritmikoa goizean goizetik hasi da han eta hemen, eta eguerdirako, dantza horretan, aulki-dantzan bezala, eserlekurik lortu ez duenak alde egin beharko du jostaketatik. Josta serioa, ordea, loteriarena. Animaleko dirualdiak uzten ditu anitzek esperantza gorrian, ez dituen haiek ere maiz aski, neurriz kanpoko ahaleginetan.

Atzokoa, modazko enpresa-afarien biharamuna pasatzeko eguna, zubi-eguna. Ostiraleko poz eta algarak, atzo apal eta isil; gaur emozioa zut eta alerta. Asteburu konpletoa askorentzat, Eguberri aitzin harrotu bat. Gabon-menua.

“Baietz guri tokatu aurten!” enegarren aldiz bota duenak mutur-okerrak jaso ditu, ohartu ez den arren, gogaikarri gertatzen delako ja. Edo aieru edo bihozkada bat duela esaten duenari ere, zeharka begiratzen dio sinesgabeak, “halakorik badaiteke?” pentsatuz.

Justizia nahiago, zortea baino, gizabanakoak izan beharko lukeena; loteriaren ilusionismo-eskumena duen boterearen justizia ez bezalakoa, alegia. Ongi diseinatutako monopolia, zeinetan “la banca gana”, edo, “estatua garaile”, iradokitzen zaigun oharkabean. Boterea ilusioarekin jostatzen zaigu. Ederra jokoa.

Ez ote den fedea egun daukagun euskarririk sendoena... Fedea, gainera, anitza, pertsonala, norberak berea, ezberdina; gure behar eta beldurren, zalantza eta itolarrien senda-belar gisa. Fedeak norbanakoak sortua dirudi garaiotan, norbanakoarentzat, asko azaldu gabe inori zertan den, zertarako den. Errezeta usatua, sarri unatua.

Urte bukaerak badu besterik desirarazterik, eskatzerik; bestelako edonolako desioak, ametsak eta pozak, ongi baitakigu zerk egiten digun on gure bizitzan, zer dugun beharrezko arimaren arnas-emaile.

Bidenabar, bada garaia loteriaren iragarki umela bistatik galtzeko (gaurko eguna joanik), duintasunari ohore txikia egiten baitio, baita sen onari ere; “Na, na, na, na, na, na, na, naaaaaa…..”. Brrr!


2013ko abenduaren 22an