2010-02-18

Hizkuntza eta nortasun txikiak


Zergatik idazten duzu euskaraz? Hizkuntza txikia da eta... - Galdetu zioten berriki euskal idazle bati prentsaurreko batean.
-Hizkuntza txikia, gutxiengo baten lengoaia diozu... Shakespearek idatzi zuen garaian, ingelesa hizkuntza txikia zen, eta hara zer idatzi zuen. -Erantzun zuen lasai aski idazleak.

Kazetaria erantzunarekin ase gelditu ez, eta bota zion: -Ez duzu zeure burua Shakespearerekin alderatuko, ezta?

Idazlea Bernardo Atxaga zen.

Hizkuntza handiak eta txikiak. Kultura handiak eta txikiak. Zer arraio ote den hori dabilkit buruan azkenaldian.

Egun asko ez da espainiar pentsaera garbiko jende batekin ordu batzuk pasatu nituela. Herri honen gaineko jakin-min handia nabari zen bisitariengan, baina euren galderak egiteko moduan gauzak oso argi ikusi nituen.

- Zer dela-eta eutsi nahi diozue hain identitate txikiari? XXI. mende honetan Europako biztanleak izan zaitezkete, eta demokrazian bizi garenez, ez ote zenukete hobe zuen saiakera temati hori behin betiko alde batera utziko bazenute?

Horratx. Ez gehiago, ez gutxiago. Ene! Identitate txikia zioen. Identitate txikia, euskalduna. Espainiarra, berriz, identitate aberatsa baita nonbait, hobea, mailazkoagoa edo. Diskurtsoak bere baitan bildu ditu mendeetako herri honekiko erasoa, arbuioa eta mespretxua. Nondik iradoki dezake batek «zure kulturak ez du behar beste funtsik mundu honetan toki izateko»?

Mintzakide espainiar horrek europarrak izan gaitezkeela proposatzen zigun, besterik gabe, baina espainiar teilapean, noski. Elkarrizketa txikienean ere agerian gelditzen da herri baten harrokeria. Eta aspalditik ongi josia den portaera da. Holandar bati esanen al dio inoiz «zure identitatea txikia da»? Hark ez du erakutsi beharrik izanen bere kultura duela, bere hizkuntza duela, bere historia egin duela. Hemen, bizkar gainean dugun aurreiritzi erraldoia gainetik kendu ezinik gabiltza. Eta ez dugu babestuko gaituen aterperik.

Herri hau europarra izanen litzateke, baldin eta bere eskubideak besteenak bezala bermatuko balira, eta baldin eta bere aitortza izanen balu. Espainiarrek ez dute aintzat hartu nahi Pirinioen bi magalek berezko giza-errealitatea dutela. Zutela. Gogora dezagun Hispani, lurralde jakin bateko eta kultur eta antropologia zantzu garbirik gabeko jende bati erromatarrek emaniko izena dela, besterik gabe. Mendez mende, han eta hemen garbitutako herriak bere egin, eta handia eta loriosa egin dute euren kultura, euren historia. Inperioaren «lorpenak» gogora ekartze hutsak erresumina sortuko al die inoiz nortasun handiko hauei!

Hizkuntzak eta kulturak ez dira handiak edo txikiak. Hizkuntza edo kultura gutxiagotuak dira batzuek txiki deitzen dutena, eta faktore asko dago jokoan hala gerta dadin. Hasieran aipaturiko ingelesak hartu duen dimentsioa ez da hizkuntzari berari dagokion merituagatik. Biztanle eta hiztun kopuruak ez du kultura baten maila eta aberastasuna, era zurrunean, neurtzerik. Gizateriaren Historiari kultura bakoitzak bere ekarpena egin dio, batzuena zalaparta handiz ezaguna aski, besteena aldiz, kontzientzia betez isildua.

Alizia Gauza Miragarrien Munduan hitzen esanahiez eta erabileraz ari zela, Humpty Dumptyk hauxe erantzun zion: «Zeinek agintzen duen jakitea da kontua». Eta hala da. Boterea da handia edo txikia. Eta hori da giltza. Madrilgo bisitariarentzat euskalduna da nortasuna aldatu eta beste herri baten eskutik oinez hasi beharko lukeena, eta ez alderantziz. Hori da hori, talde baten gailentasun zitala!

2009ko martxoa