Gelditu beharko dugu.
Kilometro mordoxka bat egin ondotik, kafe desiotan izaten da bat. Hankak
luzatu eta pixka bat ibili, haizea sentitu, eta bidaiaren lehen
etaparen sari, joanean etena. Hementxe geldi gaitezke, toki ona ematen
du honek. Ez da jende askorik, goiz baita oraino. Txukuna da eraikina,
barrukoa garbi eta moderno sumatzen da.
Bada gizon bat atseden eremuko kafetegiaren atarian,
belardian, elegante jarrita aulki zuri batean. Hura ere kafea hartzen
ari da; liburua eskutan, hankak gurutzaturik, eguzki izpiek zuzenki
ematen diote, eszena erabat nabarmenduz. Gizon itxurosoa da, edadekoa,
dotorea. Ongi orraztua, jantzi ederrekoa, edozein argazkilarik
estimatuko lukeen kamera-helburua nahigabean. Begira gelditu natzaio.
Irudiak propio diseinatua dirudi, luzaroan hantxe dagoenaren antza
hartzen diot. Montparnasseko kafetegi zahar batetik ateratako pertsonaia
dela esan lezake inork, kapela faltan, baina bere silueta moztu eta
Parisko estanpa batean txertatzeko ezin egokiago. Honako testuinguruan,
ordea, mailazko gertatzen den argazkia eskaintzen ari da, oharkabean,
inguruari handi gelditzen zaion bista.
Sartu gara kafetegian. Saiatu dira bertako langile hotzak
edozelako pastiza, tarta eta madalenak saltzen, baina kafea bakarrik
eskatu dugu, erabakitasunez. Bazterka begiratu
diot kristaletik kanpora gizonari. Hantxe da, geldi-geldi.
Hartu dut bandeja eta hautatu dut mahai garbi bat. Airean, irratiko
uhinak erdi xuxurlan, errespetuz bezala; eskerrik asko dagokionari,
momentu honetan pentsamenduari tokia uzteko aukera eman didalako.
Eguberri kantuak ari dira, baina isil eta zuhur, gogaitzeko arrisku
gutxi emanik. Gizona ez da altxatzen. Han, inon, bidearen bazter normal
hartan, gogoan hartzen ez diren toki arrunt eta galkor horietako batean,
gizona irakurtzen ari da munduko tokirik ederren eta lasaiena
bailitzan. Urte berria hasi, eta zaharra bukatu den ere ardura ez
duelarik, hantxe da ohiko topikoak apurtuz.
Ez dut irudikatzen kabalgatan lepoa zutitzen jende pilaren
artetik. Gozokiak lurretik hartzen. Ume mokoak kontuz saihesten.
Orientekoak irribarre argitsu batez agurtzen. Ez dut imajinatzen
zientoka familiak duen ohitura komertziala goresten. Gizon hau
diferentea da. Hala dirudi. Urte berria hasi dela askoren ahotan,
boluntade onak airatzen dira ez dakit zer asmorekin, jakinki gauzek bere
horretan darraitela normalean.
Gizonak hor segitzen du. Kafea bukatuta, abiatzeko ordua da.
Atarian, komuneko atea bistaratu dut eta eskuak garbitzea otu zait.
Xaboia hartzen ari naizela, gizonaren irudia ezin kendu dut burutik.
Eskuak uretan eragin eta, idortu ere egin gabe atera nahi izan dut
handik, kirats galanta dago. Autora noalarik, begirada altxatu dut
belardira, aulki zurira, eguzki-izpi gajo batzuek indarrez azpimarratzen
duten txoko horretara.
Eta urte berria hastean gauza asko aldatzen ez diren bezala,
gizon horrek ere ez du aldatuko denaren itxura ematen. Harrizko bihurtu
eta bertan betirako geldituko balitz, izango litzateke zoriontsu,
larrean, eguzkitan, lasai irakurtzen.