Edozein moduz, etxe-izenekin daukat aspaldian arreta hartua, eta ez bereziki ohiko eta usazko etxe-izenekin, horiekin beti izan baitut lilura eta gozamena. Azken hamarkadetako beste uholde batek narritatzen nau.
Tradizioak eman ditu Santxonea, Petrienea eta Simonen Borda; Etxegaraia eta Etxeberria; Errementenea eta ArgiƱenea; Danboriena; Jauregia eta Kondetxea; Errotagibela, Elizaldea, Goiburua eta Errekondoa; Maisuetxea eta Apezenea; Urdingobaita; Xumardi eta Sagastia; Tolaretxipi, Telleria eta Aroztegia; Iparrea, Sansinea, Altzualdegainea eta Kikerrenea... Etxeetan bizitakoei erreferentzia egiten diotenak, etxearen ezaugarriak edota kokapenak ematen dituztenak, edo toponimoak dira hauek, besteak beste.
Horien
aldean, izendegi berri eta berezi bezain txundigarria zabaltzen ari da han eta
hemen. Iparralde eta Hegoalde. Ezagunak Gure Ametsa, Gure Kabia, Etxe
Polit, Ongietorri bezalakoak. Ildo beretik ere, Toki Alai, Bista
Eder, Gure Ahalegina, Gure Nahia, Etxe Ona, Nahi
Nuena, Leku Alegera, Goxoki, Agur, Esker Ona... eta
luze segi genezake, irudimenaren arriskuak noraino eraman gaitzakeen agerian
utziz.
Are
gehiago: Iparraldeko kostaldeko herri berean (hurbil aski, gainera) aurkitu
ditut Zatozte batetik, eta Emak bakia, bestetik. Aipamen beharrik
ez dutelakoan.
Muturreko
bi argazki dira lehen izen-multzoa eta bigarrena. Pragmatismotik idealismora.
Moda kontua izanen da; etxe berriak, belaunaldi berriak, korronte berriak. Edo
hori, edo senaren lausotzea uste baino arinago ari da. Espainiar tradizioko Ambiciones
bezalakorik ikusiko ez dugun esperantzaz nago betiere, at, at! Hori da hori,
kopetazko intentzio-aitortza... Baina, gero eta hurbilago ditugu inguruko eta
urrutiko tradizioak, eta hasieran arrotz dena, azkenik gure ere bada.
Betiko
etxe-izenek ofizioak, tokiak, etxea bera, jabeak, ingurunea izendatzen
zituzten. Gaur beste gauza batzuk "kontatu" nahi dira. Ez dut ikusten
antzinako moldea norbere etxearen edertasuna gailendu nahi duen joera harroa
agertzen; norbere ahalegin eta izerdien berri ematen; harrera etengabea egiten
edo bakean uzteko eskatzen; bizitokia kaiola, etxola eta txoko kategorian
kokatzen; zorionaren betiereko adiera transmititzen...
Nire
obsesioa izanen da, zer eginen diogu! Egia da, halere, gaur den egun
etxe-izenak baino, etxeak berak kezkatzen gaituela puskaz gehiago. Egoera zein
den ikusirik, eta azalkeriatik ihesi, gaur etxe askok Maizterrenea luke
izenik egokiena. Edo Besterena. Eta ez arestian aipatuak.