Joan den astean Itsasorekin egin nuen topo berriz. Haserre zegoen,
amorratuta. Eta azkenaldian, sarri sumatu dut hala. Badirudi dena suntsitu nahi
duela, ez duela bere baitan aguantatzen. Baditu egun lasaiak (edo lasaiagoak),
baina egun dexente da aztoratua dagoela. Barrenak nahasita dauzka eta hasi da
azaleratzen.
-
Kaixo
Itsaso!
-
Iepa,
arratsalde on.
-
Zer
gisa? Ongi al zaude? Goibel samar ikusten zaitut.
- Bai...
egia esan… Egunak ditugu, badakizu, batzuetan gora beste batzuetan behera…
baina ez nago ongi, ez.
-
Bai,
zerbait ote zenuen…
- Itota
nago. Tokiz kanpo sentitzen naiz azken boladan. Baina aldi berean mugak jarri
dizkidate. Ez didate uzten nire bidea behar bezala egiten.
-
Bai
zera! Nolatan ba?
- Ez
dakit, ez nago eroso. Ez nago lasai. Sentsazioa daukat egunen batean hau dena
lehertuko dela. Eta beldur naiz nire erreakzioa ez ote den gehiegizkoa izanen. Baten
bat kaltetuta aterako ote den… Denbora asko daramat honekin…
-
Lasai,
ba, neska. Baretuko da dena.
- Jendea
oso gainean nabaritu dut, nire tokia hartuz, eta berez dagokidanaren ertzak
gainditu dituzte. Eta orain hondarreratu naizela, batzuek gaizki hartu dute.
Besteak harriduraz daude… Norberea dena errespeturik gabe kentzen dizutela
sentitzea gaitza da, aizu…
-
Bai,
oso…
Honen ondotik Haizearekin egon nintzen kasualitatez. Bazuen Itsasoren
egoeraren berri, zerbait antzemana omen zen, zerbait ikusia ere bai, inoiz. Harekin
bi hitz egin nituen, kale bazter eta hotz batean, eta antza denez, koadrilako
Ekaitz, Ilargi eta Ur ere arduratuta zeuden Itsasoren damuarekin. Eta ulertzen
zuten haren nahigabea. Baina ez zekiten nola lagundu hura.
-
Tira…
Nonbait, lehenago edo geroago, itsasoak beti hartzen du bere tokia.
Zioten lagunek triste, baina logikari dei eginez. Itsasori berea zor baitzitzaion.
“Itsasoa laino dago”enean, maiz, “Barearen ostean dator ekaitza”. “Itsasoa
hain urruti, sentimenak horren hurbil” ditugula gaude gehientsuenak ur-zaku
handiarekiko amodio-gorroto zirraran. “Eta ez galdetu inoiz zer galdu genuen negar
egin genuenean, malko haiei esker orain itsasoa gara” eta.
“Zu zara itsasoa, hor zaude zu niri oihuka, niri deika eta begiratzen zaitut
zure iluntasunean, zure urdintasunean, niretzat gaur zaitut gorriz jantzia”. “Eta
(lagunok) itsasoa? Itsasoa ere haserre dago”.